
Atzo jakin genuen Samuel Sanchezek – azkenean – aurtengo denboraldirako taldea aurkitu duela. Aurreko astean, berriz, Horner izan zen etorkizun hurbilari bide orria egin ziona.
#postEuskaltel garai honetan Samuk berak ere ez zuen usteko horrenbeste lan izango zuenik talde bat aurkitzeko. Pekinen urrea lortu izanak, Tourreko podiumean sartu izanak – Contadorren garaipena baliogabetu ondoren -, baita Vueltako podiumean ere, hainbat etapa garaipen lortu izanak- iaz Dauphineko 7. etapa irabazteak a ze arnasa eman zion Euskalteli! – … balantza bere alde jartzeko moduko argudioak badirudite ere, ez dio uste bezain beste lagundu nire ustez. Adina? 36 urte beteko ditu asteazkenean, Evans baino urtebete gazteagoa da eta Horner baino 6 urte t’erdi! Baina ez da kontua adina bera bakarrik, adina eta bere ibilbidea, bien konbinazioa baizik.
Inork gutxik ukatuko du Samu txirrindulari bikaina dela, edo izan dela behintzat. Kontua da profesional mailan eman dituen 14 urteak talde berean eman dituela, Euskaltelen. Eta Euskaltel talde berezia izateaz gain, taldea Samuren inguruan eratu izan da urtez urte. Ez zait iruditzen gainontzeko taldeei, beraiek liderrak eta egiturak jada finkatuta dituztela, Samu txirrindulari “erakargarria” egingo zaienik. BMCrentzat berarentzat ere hain interesgarria ez delakoan nago, baina izango ditu bere arrazoiak fitxaketa hau egiteko, marketing arrazoiak kasu.
Continue reading “Horner eta Samu arnasestuka”
Joan den urtea bikaina izan zen Gilbertentzat. Garaipen ugari lortu zituen. Garaipenak bakarrik ez; erakustaldi mordoa eman zuen han eta hemen. Eta horietako bat, oso urrun joan gabe, gurean, Donostiako Klasikoan eman zuen – Iosu Garate adiskideak twitter bidez esan bezala, iazko Klasikoan jada erakutsi zuen ortzadar maillota atsegin zuela…-Urteari ginga jartzeko ortzadar maillota nahi zuen, baina ibilbideak ez zion batere mesederik egin eta Cavendishek eraman du soinean urte osoan. Aurten denboraldia ez da horren ona izan BMC taldeko txirrindulariarentzat, baina Espainiako Vueltan Monjuiteko etapa irabazi zuen, abisu moduan. Azkenean, Limburgen jantzi du iaz ihes egindako elastikoak. La Redouten, Lieja-Bastonge-Lieja lasterketako mendate ezagunearen magalean, koskortu zen haurra beste klasiko handi baten bukaeran, Amstel Gold Raceren amaieran, bihurtu da Munduko Txapeldun. Nolabait esateko, maisulana bukatu du Gilbertek. Eta beste horrenbeste egin du Vosek emakumezkoetan.
Gaur Amstel Gold Race klasikoa ospatu da Herbeeretako errepideetan, Maastrich eta Valkenburg-en artean 261 kilometro osatu behar izan dute txirrindulariek. Ardeentako hirukotearen lehen lasterketako ezaugarri nagusia igotzen diren muino kantitate handia da, guztira 31. Laburrak izan arren lasterketaren luzeraren ondorioz azkenean klasika oso gogorra egiten da txirrindularien hankentzat.