#540 Tropela.eus podcastak: 2022ko Flandriako Hirukoa, emakumezkoak

Ostiral honetako E3 klasikoarekin gizonezkoen Flandriako Hirukoa jarri zen jokoan. Igandean, emakumezkoen txanda izango da, hau ere Tropelan lehen aldiz izango delarik. Gent-Welvegenekin hasi, asteazkenean Dwars Door Vlaandere-rekin jarraitu eta igandean, gizonezkoen moduan, Flandriako Itzuliarekin amaituz.

Podcast honetan Inaxo Esnaola (@inaxioesnaola) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) bildu dira kinielari errepaso bat emateko. Ea ba gustuko duzuen!

Podcastera harpidetu

#472 Tropela.eus podcastak: 15ero 6. saioa. Ander Okamika

Ander Okamika (BBH)

Bueltan da 15ero saioa ale berri batekin. Oraingo honetan Imanol Lluciak (@imanolllucia), azken lasterketei errepasoa emateaz gain, Ander Okamika Burgos-BH taldeko lekeitiarra elkarrizketatu du bertan. Saioa borobiltzeko, Italiako Giroaren lehen egunen inguruko iritziak biltzen ditu Inaxio Esnaola (@inaxioesnaola) kidearekin batera.

Podcastera harpidetu

#387 Tropela.eus podcastak: 2020 denboraldia hasierak erakutsi diguna

Denboraldi honetako bigarren podcast honetan Eneko Garate (@egarate), Iban Perez (@piban) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) bildu dira azken asteetan txirrindularitza profesionalak eman duena errepasatzeko. Gogoan izan behar da egun gutxi barru abiatuko dela Tropelaren 2020ko denboraldia, koronabirusak hasera hau arriskuan jartzen ez badu behintzat.

Quintanaren erakustaldia denboraldi hasieran

Gaur jokatu da Tour de La Provenceko etapa erregina, 3. etapa. Bertan Mont Ventoux handian zuten helmuga. Kolonbiarrak etapa eta lidergoa eskuratu ditu igoera amaitzeko 7 km-ren faltan jotako erasoari esker. Astanako “motorrek”, lider zen Vlasov eta Lutsenkok (AST), eta Carthyk (EF1) osatzen zuten hiruko tropeltxoa ere ez da gai izan tarterik murrizteko.

Vlasov ezezagun bat genuen lider maillotaz gaurko etapan. Astanak bazirudien kontrolpean zuela lasterketa, baina ezustean, lehengo Quintana (ARK) bat azaldu zaigu. Eraso erabakigarri bat jo eta tartean handituz – 1’28″ko tartea bigarrenarekiko helmugan! – harri eta zur utzi gaitu. Ni behintzat bai eta ez naiz bakarra izan gure Tropelako Telegram taldean ikusi dugun moduan. Pentsa, lasterketa egoera eta erreferentziak gaizki hartuak izan badaitezke ere, diote igoeraren errekor berria ezarri duela Quintanak Pantanira berarena ere hobetuz.

Ez atera lekuz nire hitzak. Ez dut dopin kontuekin lotzerik nahi, datua bera dena baita. Norberak bere iritzia izango du. Nik garbi dudana da talde aldaketak itxura batean mesede egin diola Quintanari eta aurtengo Tourrari begira Quintanak lanak txukun egin dituela dirudiela, bai behintzat gaur arte.

Rap batekin hasi zen dena

Errepideko denboraldia hasi berri denean, marka batzuek egin dute posizionamendua. Zenbaki politak lortu dituzte denbora gutxian. Lau dira nabarmendu diren taldeak, lorturiko garaipenei esker: Astana (15), Deuceninck-Quick Step (13), Michelton-Scott (11) eta UAE-Team Emirates (10). Gainerakoak koska bat beherago daude, sasoiko lehendabiziko lasterketetan.

Garaipen zakua ikusita, Euskal Herriko hainbat txirrindulari dituen taldea da zer esana ematen ari dena. Ezizen ugari irabazi dituzte, batez ere, denboraldi berrian. Esaterako, #AstanaMotors eta #Eustana. Eta dena rap batekin hasi zen. Ahaztuko ez dugun bideo hori. Alexander Vinokourov ziklista ohia eta Astanako burua dute MC nagusi.

Ion eta Gorka Izagirrek asmatu dute talde aldaketarekin, eta seguru Euskal Herriko gainerako kideek eskertu dutela. Anai bakoitzak itzuli bana eskuratu du dagoeneko: Ionek Valentziako Volta eta Gorkak Proventzako Tourra. Baina guztira, zazpi itzuli irabazi dituzte zeru-urdin kolorekoek. Kolonbian, Omanen eta Ruandan onenak izan dira, txirrindulari hainbaten biziberritzearekin.

Harbideetako klasikoetan ere muturra sartu nahi izan dute, momentuz, lorpenik gabe. Oraindik egutegi luzea dute aurretik, harbideetan ez bada, muinoetan gailentzeko. Gero gerokoak. Alegia, hiru itzuli handiak.

Tropela.eus atariaren lehia osasungarria ere hastear da Strade Bianche klasikoarekin. Akaso, komeni da Astanako baten bat, gutxienez, aukeratzea.

argazkia: pezcyclingnews.com