Daniel Martin garaile Liège-Bastogne-Liègen


Daniel Martin. Bai, ondo irakurri duzue. Ez Gilbert, ez Valverde, ez Joaquim Rodriguez. Ezta Nibali ere. Eskalatzaile irlandarra izan da aurtengo 4. monumentuaren garailea. Askok uste zuten aurrean ibiliko zela, podiumaren lehian, baina gutxik espero zuten koska gorenean ikustea. Eta are gutxiago lasterketako indartsuena izanik. Apustu-etxeek sartutako euro bakoitzarengatik 15-20 artean ematen zituzten bere garaipenarengatik. Eta hala gertatu da. Poztekoa, bestalde. Hala ere, bere bilakaera ikusita ez gintuzke horrenbeste harritu behar bere garaipenak. Urtero pauso bat eman du aurrera. Zeresanik ez aurten, Kataluniako Volta merezimendu osoz irabaziz. Eta gaur munduko onenen artean lortu du lekutxoa irlandar meharrak.

Zerua oskarbi eta 5ºC inguruko tenperaturarekin esnatu da Liège. Bertatik Ansera 261km pasatxo, 11 muino eta beste hainbat aldapa. 200 txirrindulariko tropela irteera marran goizeko 10:15 noiz helduko. Puntualki eman dute irteera ofiziala, eta berehala egin da ihesaldia: 10. kilometroan tropelaren aurretik ziren jada Armee, De Clercq, Veuchelen, Jèrôme, Fuemaux eta Pimin Lang. 11 minututik gora lortu dituzte baina ohiko gidoia betez tropelak nahi bezala laburtu du errenta, eta La Redouten, 40 kilometroren faltan, harrapatu dituzte.

Bertan euskaldun bat izan dugu protagonista: David Lopez. Hark jo du lehen erasoa muino mitikoan gora, Rui Costa eta Fulgsang atzetik zituela. Taldetxo bat elkartu zaie hirukoteari, besteak beste Losada eta Frank tartean zirela. Mugimendu taktikoa: Sky, Movistar, Astana, BMC, Katusha,… denek nahi zuten gizon bat aurretik. Saiakerak ez du, ordea, emaitzarik eman. Col du Colonster hastean (Roche au Faucons ordezkatu duen muinoa) guztiak elkarrekin ziren. Contador saiatu da bertan, baina alferrik. Gerora desagertu egin da madrildarra. Behin muinoa amaituta Hesjedalek jo du erasoa, eta honek lortu du ihes egitea. Horrela, 20 segundoko errentarekin iritsi da Saint Nicolasera, dena erabakitzeke zela.

Saint Nicolasen sortu da gerora lasterketa erabakiko zuen mugimendua. Betancur kolonbiarrak jo du eraso, asteazkenean bezala bere ausardia (eta maila bikaina) erakutsiz. Muinoaren gainera heltzear zirela kanadarra harrapatu du, atzetik Scarponi, Purito eta Daniel Martin zituela. Valverde berehala heldu da hauen gurpilera, Gilbert erraztasun ikaragarriz atzean utziaz.

Bertatik helmugara 6km baino gutxiago. Lasterketa irabazlea taldetxo horretatik irtengo zela argi zegoen, eta ia denok Valverde jotzen genuen garailetzat, Saint Nicolasen gertatutako ikusi eta gero. Baina harri eta zur geratu gara Anseko aldapan Puritoren erasoari erantzun ezinik geratu denean. Murtziarrak ezin izan du Katushakoa jarraitu baina bai ordea Daniel Martinek. Garmin-Sharp taldeko txirrindulariak bereak eta bi sufritu behar izan ditu Purito harrapatzeko. Bere gurpilera heltzean arnasa hartu, distantzia neurtu eta 300 metroren falta jo du erasoa. Eta kataluniarrak ezin eutsi. Lortutako metroak nahiko izan ditu irlandarrak garaipena gozatzeko. 1989tik ez zuen irlandar batek hau lortzen. Bai, buruan duzuen hori da: Sean Kelly handia.

Euskaldunei dagokionez Igor Anton izan da onena, 12. postuan helmugaratuta, nahiz eta lasterketa osoan gutxi agertu den. Eta Euskalteli buruz zer esan. Pattal, oso pattal dabil talde laranja. Ez dira garai gozoak Igor Glz de Galdeanoren mutilentzat.

Gaurkoarekin amaitutzat jotzen dugu denboraldiko lehen blokea: udaberriko klasikak amaitu dira. Eta datu batekin amaitu nahiko nuke nik posta: 1918. urtetik, hau da, 95 urtetan lehen aldiz, belgikar batek ez du udaberriko klasika bakar bat ere irabazi. Atera ditzala bakoitzak bere ondorioak.

Argazkiak: Graham Watson