“Besteak” taldeak ez ditu inoiz ematen “Hautagai nagusiak” taldeak bezain beste puntu, hori gauza jakina da. Hala ere, normalean talde honetan txirrindulari egokia asmatzea izaten da lehiaketako garaipenaren gakoa. Beste behin, txirrindulari ezezagunek eta ez hain ezezagunek osatutako multzo hau aztertuko dugu, hizpide izan daitezkeen izen propio batzuen eskutik:
Janez Brajkovic: Denboraldi bat bere mailatik urruti egon ostean, badirudi “Jani” (horrela deitzen diote) bueltan dela. 2005ean debutatu ostean, mundu erdi harri eta zur utzi zuen 2006an, Suitzako Itzulian sekulako maila eman eta Espainiako bueltan egun batzuk lider pasa ostean. 2007an ere maila polita eman zuen, Georgiano Itzulia poltsikoratuz. Geroztik, galduta egon da joan den Trentinoko Itzulira arte. Bigarren bukatu zuen, Ivan Bassoren ostean, eta Girora gorputzaldi onean iritsiko da. Mendia ondo pasatzen du eta erlojuaren kontra maila oso ona dauka. Dena den, ikusi beharko da Giroko mendate gogorrak nola pasatzen dituen. Nire kinielan finkoa da.
Eros Capecchi: Iazko Euskal Bizikletan bere burua ezagutzera eman zuen, eta nola gainera. Etapa bat eta sailkapen nagusia irabazi zituen, eta aurten Fuji-Servettoko taldeburu bezala izango dugu Giroan. 22 urte eskas baina kalitatea soberan, onena egiteko gai da, baina baita 3 aste inork ikusi gabe pasatzeko ere. Denborak esango du italiar gaztea noraino heltzeko gai den.
Markus Fothen: Ez da garai batean Tourrean ikusi genuen Marcus Fothen bera. Sekulako maila eman zuen, sailkapen nagusian buruan ibiltzeko adina, baina azken urteetan ez da lehen postuetan ohikoa sailkapen nagusiari dagokionean. Dena den, ez da lasterketetatik esku hutsik ateratzen den horietakoa. Azken 2 urteetan Romandian, Suitzan eta Regioko Tourrean etapa bana irabazi du, eta hori ez dago edonoren esku. Denboraldi hasiera lasaia izan ostean, Giroan bere prestakuntza ikusteke dago.
David GarcÃa Dapena: Giroan debuta egingo du, iaz Espainiako Itzulian bezala. Azken honetan debut polita izan zuen, azken sailkapenean 13º postua lortuta. Aurten Turkiako Itzulian etapa bat eta Errioxako Itzulia (orain egun bateko klasika bilakatuta) irabazita dator. Italian guztiz ezezaguna izaki, sorpresa izan daiteke “azzurri”entzat.
Philippe Gilbert: Nire kinielan beti finkoa da belgikarra. Esprint handietan muturra sartzen du, mendate ertainak ondo pasatzen ditu eta oso ausarta da. Dudarik gabe, oso txirrindulari errentagarria Tropelako lehiaketari begira.
Fredrik Kessiakoff: Aipamen berezia suediarrarentzat. Fuji-Servetto taldea osatzeko azken unean hartutako txirrindularia da, eta taldeko mailarik onenetakoa ematen ari dena. Mendi bizikletatik dator, aurten bidera jauzia eginda, eta maila harrigarria ematen ari da, hain “berria” izateko diziplina honetan. Euskal Herriko Itzulian, Arraten 8º bukatzeko gai izan zen eta sailkapen nagusian 15º. Romandian, etapa erregina 4º bukatu zuen eta sailkapen nagusia 9º. Giroan zer? Galtzeko ez dauka ezer Fredrikek. Hiru asteko itzuli batean debuta… inolako presiorik gabe… zeresana eman lezake.
Pablo Lastras: Inoiz ez da inoren apustu, baina beti egiten du azpimarragarria den zerbait. Oso txirrindulari gutxik egindako gauza batez harro egon daiteke espainiarra: hiru itzuli handietan besoak altxatakoa izateaz, alegia. Normalean ezkutuan egoten da lasterketako bigarren erdiraino, kontrol lana zailagoa gertatzen deneraino, eta gero ihesaldietan arraina uretan bezala maneiatzen da. Kalitatea soberan dauka.
José Serpa: Kolonbiarra 29 urterekin txirrindulari zaildua da. Aurten Langkawiko Itzuli exotikoa irabazi du, exotikoa izanagatik erraza ez dena. Halaber, San Luisko Itzulian ere jaso zituen eskuak. Liège-Bastogne-Liègen azken kilometroetan bere burua erakutsi zuen, indartsu, eta ikusi beharko da zein punturainoko askatasuna ematen dioten, Gilberto Simoniren taldekidea baita. Mendate ertainez jositako etapetan oso ongi moldatzen da, eta mendi handiei ere ez die beldur. Ihesean ibili zalea, kamara asko “txupatuko” duelakoan nago. Gero ihesaldi horiek helmugara iritsiko diren edo ez ikusteke dago. Fortunato Balianiren oso itxura handiko txirrindularia da lehiatzeko moduari dagokionean.
Thomas Voeckler: Indartsu dabil frantziar txikia. Igotzaileen Saria irabazi berri du Frantzian, eta tropeleko txirrindulari lehiakorrenetako bat dela ez dit inork ukatuko. Dena den, Frantziarrek arazotxo bat dute: beraien herritik kanpora, ez dira hain ausart eta lehiakor agertzen. Zorionez, Thomas salbuespen bat da, eta ziur Giroan gerra emango duela.
Yaroslav Popovych: Giroan podiuma zapaldu duten horietako bat da. Dena den, taldean Levi Leipheimer eta Lance Armstrong izanda, sailkapeneko lehiatik at egongo dela jakina da. Hori bai, eraso kolpe ugari inork ez dizkio kenduko. Gutxien espero denean, ezerezetik agertzen da eta denak jokoz kanpo harrapatzen ditu. Ez da apustu txarra.
David López: Euskaldunon karta bakarra izango da lasterketa italiarrean. Oso igotzaile ona da bizkaitarra, eta lehen aldiz Caisse d’Epargnen dagoenetik, ez du talde buru garbi batentzat lan egin beharrik izango. Purito hor dago, eta Arroyok ere badaki Giroa top-10ean bukatzea zer den, baina nire ustez askatasuna emango diote Davidi. Narancon hirugarren izan berri da, eta sailkapen nagusian postu polit bat lortzeko gai da. Dena den, horrek ez du esan nahi lehiaketan sekulako puntu sorta lortuko duenik.
Jens Voigt: Ezin aipatu gabe utzi txirrindulari puska hau. Handienen artean sartu beharko genuke, aurten beste behin Kriterium Internazionala irabazi baitu (eta badira 5 garaipen lasterketa horretan). Doan lekura doala, bere marka uzten du, garaipen bezala, bigarren postu bezala, ihesaldi luze bezala, tarteko helmugak, mendia… Jensek denerako balio du. Eta gainontzekoak nekea sumatzen hasten direnean, alemaniarra hasi egiten da. Sekulako Giro gogorra da aurtengoa eta… baietz etapa bat irabazi!
Hori bai, Iparraldeko Kanpainiako fase erabakior honetako aurreneko astea hiru egunetako lasterketa batekin hasiko da gaur, La Panne-go hiru egunekin hain zuzen. Formatua urtero berdintsua izan ohi da. Aurreneko bi etapetan igandean De Ronde handian igaro beharko dituzten hainbat aldapa edo berg igoko dituzte. Gaurko etapa gogorxeagoa da eta biharkoa luzexeagoa. Bi egunotan sailkapena lehiatuko dutenen zerrenda definitu beharko litzateke, osteguneko erlojupekoan (goizean beste sektore bat izango bada ere) dena erabakiko delarik.
Garaipenen zerrenda otsailean ireki zuen ordea, Californiako Itzuliko atarikoa irabazita. Ondoren ez zuen sailkapen nagusia lortu, baina hortik ez askora Monte Paschi Eroican bigarren garaipena erdietsi zuen Alessandro Ballan-i buruz buruko politean aurre hartuta. Milano-ko irteeran beste garaipen handi batekin aurkeztu zen, Tirreno Adriatikoan lorturikoa, alegia. Bertan taktika sinple bezain eraginkorra baliatu zuen: Montelupone-ko horma zatian eutsi, eta erlojupekoan hautsi.
Urtero bezala Omloop Het Volk zirkuituak eman zion hasiera Belgikako benetako denboraldiari. Ezin hobeto gainera. Hobeki esanda, Philippe Gilbert (Française des Jeux) izan zen errudun nagusia. Txirrindulari valoiak sekulako erakustaldia eman eta 2006an bezala (baina minutu bat gutxiago) bakar bakarrik iritsi zen helmugara. Mallorkako itzulian bi etapa eta sailkapen nagusia eta Ganteko klasikoa irabazi ondoren, bistakoa da Gilbert sasoi onean dagoela. 25 urterekin badirudi valoiaren urtea iritsi dela, nahiz eta orain arte dezente nabarmendu. Het Volk lasterketarako Tom Boonen handikotearekin batera bera zen hautagai nagusia. Quick Stepeko izarrak kale egin zuen; Gilbertek ez. Française des Jeux taldeko txirrindulariaren erakustaldia Eikenberg aldapan hasi zen. Erasoa jo eta Nick Nuyens (Cofidis), 2005eko irabazlea, atzean utzita ihes egin zuen. Bidean ihes eginda zeuden sei txirrindulariak gainditu eta Het Volk zirkuitua bigarren aldiz berea izan zen. Hona hemen, lasterketa amaieran kazetari bati erantzundakoa: “Eddy Merckx bezala? Ez dakit, baina garaipen hau bai dela orain arteko hoberena”.