Gaitasunak eta zailtasunak. Galerak eta biziberritzeak. Horrelakoa ere omen da txirrindularitza. Oraindik ez dugu ahaztu Italiako Giroan gertaturikoa. Hiru asteko itzuli batek duen exijentzia maila ezin da astebetekoekin alderatu, logikoa dirudienez.
Simon Yates da desorekaren azken biktima. Thibaut Pinot eta Fabio Aru ere zaku berean sartu ahal diren arren, Ingalaterrako ziklista txikiari eta bere taldeari gertatutakoa da esanguratsuena. Lehen bi asteetako indarraldiak bukaera izan zuen hirugarrenean. Hustu egin zen Yates, aurretik Esteban Chaves taldekideari gertatu antzera. Mikel Nievek orekatu ahal izan zuen galera.
Chris Froome da orekaren borreroa. Israelen lurrera erori, patrikak ustez bete eta ezertarako gai ez zela izango espero zenean erakustaldia eman zuen. Suspertze harrigarria izan zen askorentzat, gaitasunaz harago nolakotasunarekin txundituta. 80 kilometro faltan jotako eraso hark jota utzi zituen tropeleko hainbat kide, ikus-entzule eta zaleak. Continue reading “Aste batetik hirura bitartekoa”
Joan den igandean, txirrindularitza zale bat baino gehiago ia maitemindu ginen Amstel Gold Race lasterketarekin. Batez ere, azken 40 kilometroak zirraragarriak izan zirelako. Cauberg aldapa mitikoa ez zen lasterketa amaiera, baina azken kilometroetako profilak, aldapari aldapa, ikuskizun ederra eskaini zigun. Fleche-Wallonen, ordea, ikuskizuna apalagoa izaten da. Huyko hormak ez du ustekabeentzako tartetik uzten. Jungels izan da gaur azken kilometroetan ausartena eta Luxenburgoko ziklista garaiak lehen postuan igaro ditu Huy aurretik jarritako koskak. Marrazoek, baina, ez diote urrutiegi joaten utzi, eta azken kilometroan irentsi dute -erne, dena dela, berarekin igandean Liejera bidean-. Oilarren txanda iritsi da orduan, azken metroetan, eta Valverdek une honetan geldiezina dirudi. Edo geldiezina da, hobe esanda. Aurkariak hankapean hartu ditu gaur. Daniel Martin eta Teuns igo dira podiumera Movistar taldeko txirrindulariaren ezker-eskuin, eta pozik egongo dira ziurrenik… Valverderen aurtengo denboraldiko garaipen zerrenda ikustea eta zorabiatzea, biak bat. Ez hori bakarrik: laugarren aldiz jarraian lortu du Fleche-Wallonnen nagusitzea -eta 2006an ere gailendu zen!-. 
Gauza jakina da Tropelan erlojuaren kontrako etapak ez direla puntuagarriak, baina atzo garbi ikusi da zenbaterainoko eragina izan dezakeen.