Azkena jokoan gizonezkoen errepidekoa izan da, Iosuk aurrertu zigun udazkeneko “La Primavera”. Ez zebilen ez Iosu oso erratuta bere azterketan, baina beharbada bilakaeran gutxik espero genuen Saganek horrela irabaziko zuenik.
Eslovakiarrak helmugarako 2-3 kilometrotara jo du erasoa, harbidetako azken muinoan. Ez du lasterketa osoan bere burua erakutsi, baina hor bai. Eraso gogorra non Van Avermaet eta Breschel iritsi ezinda geratu diren, tropel nagusia eta eslovakiarraren tartean. Beharbada Breschelek erreleboren bat eman izan balio Van Avermaeti gai izan zitezkeen Sagan harrapatzeko, baina ez da horrelakorik izan. Saganek garbi zuen ez zuela esprintean arriskatu nahi eta bikain eutsi dio tropel nagusiari ateratako tarteari. Amorrazioz helmugaratu da aurten makina bat aldiz bigarren izan den txirrindulari bikain hau.
Tropel nagusiko esprintean Matthews eta Navardauskas izan dira hurrenez hurren zilarrezko eta brontzezko dominak eraman dituztenak.
Lehen euskalduna Ion Izagirre izan da eta esan talde espainiarraren mesedetan bikain aritu dela lanean, tropel buruan zenbait unetan lanean ere ikusi dugularik.
Ea hurrengo urtean Saganek ez duen ostadar maillotaren malefizioaren eraginik jasaten!!
Urteko zita garrantzitsuena hemen da, errepideko munduko txapelketa. EEBBtan alajainetan, txirrindularitza modernoaren aroaren erakusgarri. Richmond hiriko errepide zabaletan izango da, Virginia estatuan.
Azken urteetako zabalena dirudi lasterketak, baita hautagaien zerrendak ere. Izan ere, ibilbideak duda batzuk sortzen ditu. Alde batetik, ez dago muino edo zailtasun orografiko handirik, eta guztira 2.000 metroko desnibel positiboa dauka. Ez da asko noski 259 kilometroko ibilbide batean. Hala, ez dirudi eskalatzaileentzako lasterketa. Bestalde, ibilbidearen luzerak berak gogortuko du lasterketa, eta horrek egingo du gizonik indartsuenen selekzioa. Urtean zehar izaten diren lasterketak kontutan hartuta Milano-Sanremo hartuko nuke erreferentzia bezala. Continue reading “Udazkeneko “La Primavera””