#postEuskaltel

postEuskaltelIritsi da Euskaltel gabeko lehenengo denboraldia. Abian da, jada. Eta talde laranjaren hutsune hau izango da zaleontzat, garai berria ulertzeko gakoetako bat. Talde ohiaren txirrindulari zein langileentzat gertaera honek izan dituen ondorioak ezagunak ditugu. Eta horregatik, beste ikuspegi bat eman nahi nioke hausnarketari: zaleona. Zaleok nola, zein eratan nozituko dugu #postEuskaltel aroa?

Egokitzapen honetako lehen ariketa Santos Tour Down Under-ek ekarri digu: iazkoan 6 euskal ordezkari izan bagenituen, aurten Imanol Erviti bakarrik. Iaz Izagirre anaiek, desordutan, hain hurbiletik jarraitu arazi ziguten lasterketa, aurten urrunago sentitzen dugu. Denboraldia beranduago hasiko zaigu.

Euskal ziklisten presentzia murrizteaz gain, hauek tropelean hartuko duten rola ere ez da orain artekoa izango. Euskaltelen taldeburu zirenak, luxuzko morroi bilakatuko dira eta besterentzako lanean ikusiko ditugu lasterketa garrantzitsuenetan. Eta aurrerago begira jartzen bagara, bota hemendik 10 bat urtera, orain dugun ordezkaritzaren erdia ere izango ez dugulakoan nago, goren mailan. Eta hori ikusi nahi ez duenak… Izan ere, eta hain urrutira joan gabe: noiz igoko da ba hurrengo euskal txirrindularia World Tour talde batera?

#postEuskaltel aro hontan argitzeke dagoen beste esparru bat, beti ere zaleon ikuspegitik, hedabideena da. Zer nolako arreta jarriko diote txirrindularitzari? Zenbat leku galduko du ziklismoak? Adibidez, Euskal Telebistak zer nolako emanaldi egutegia eskainiko digu aurten? Italiako Giroa adibidez, emango al du aurten ETB-k? Ez dauka zertan…

Eta, nik uste bezela, hedabideen arreta gutxitzen bada (aurten ez bada, datorren urtean, denbora kontua), zaleak ere hoztu egingo dira. Zentzu hontan, beste neurgailu oso egoki bat, Tropelan bertan izango dugu. Orain arte kiniela kopurua gorantz urtez-urte. Nore ustez, Euskaltelek eman dio berea Tropelari hazkunde hortan. Honenbestez, #postEuskaltel aroa erronka itzela iruditzen zait Tropelarentzat. Jo ote du goia kiniela kopuruak? Jakingo ote du Tropelak, Euskaltelen babesik gabe, garai berrietara egokitzen?

Beti pentsatu izan dut Euskaltelen garaiak pribilejio hutsa izan direla zaleontzat. Txirrindularitza mundu osoan nola zabaltzen ari den ikusita, gurea hain herri txikia izanda, harrobia neke zantzuak ematen hasita etab. elitean gure tokia galtzea denbora kontua zela. Bizi dugun une hau iristekoa zela, alegia. Atzeratzea zen kontua. Eta horretan asmatu ez dugunez, hemen da #postEuskaltel aroa. Ea nola egokitzen garen guztiok: txirrindulari, teknikari, hedabide eta zaletu. Ez da erraza izango.

Argazkia: www.vavel.com