2021eko Munduko Txapelketak Bilbon jokatuko dira [inozentada]

2020ko Vuelta San Mamesen (argazkia: El Correo)

Tropelak jakin berri duenez, hurrengo urteko Munduko Txapelketak Bilbon jokatuko dira. 1997an Donostian ospatu ondoren, 24 urte beranduago euskal errepideetara itzuliko da ekitaldia. Juan Mari Aburto gaur eguerdian agerraldia egitekotan da Julian Erasorekin batera, OCETAko presidentearekin, prentsa ohar bidez jakin dugunez.

Izan ere, txapelketen antolakuntzaren ardura OCETAk bere gain hartuko du. “UCIk badaki mundu mailako antolakuntzarik onena gurea dela, batez ere ardo eta pintxo kontuetan!” kontatzen zigun Julianek algaraka. “Serio jarrita, badakizue nola hurrengo urtean Itzulia Basque Country eta Clásica San Sebastian Regionez gain, maiatzean Itzulia Woman ere antolatzekoak garela, emakumezkoen World Tour mailako hiru eguneko lasterketa” azaltzen digu Julianek, aitortuz helduen ingeleseko klaseak hartzen ari dela lasterketen izenak egoki esateko. “Hiru ala lau lasterketa antolatu, kasik berdin kostako zaigu!” dio Julianek. “Webgunea ere laster izango dugu prest. Badakizue, bisualagoa eta informazio garrantzitsuarekin, hau da, egun ditugun webguneak bezain onak” baieztatzen digu.

Jakitun zareten moduan, Bilbok Tourraren irteera hiri izateko asmoak ez dira ezezagunak. Hori dela eta, txapelketak antolatzea bitarteko pausu moduan beharrezkoa dela aipatzen digute udaletik. “Ez dago zalantzarik esperiantzia handiko lantaldea duela OCETAk eta esku onetan uzten dugula ekitaldiaren ardura” aipatzen digu udaleko ordezkariak. “Oso present dugu Sergio Padillari gertatu zitzaiona eta horregatik rotaflexak erosteko partida berezi bat gehitu dugu aurrekontuan” ziurtatu digute.

Ibilbidearen informazio zehatzak – GPS tracking eta abarrak – gaur bertan argitaratuko duten webgunean ikusgai izango direla bermatzen digute. Hori bai, oraindik ez dago argi webgunearen izena zein izango den, zalantzan baitira “campeonatosdelmundoBilbao2021.es” edo “GreatBilbao2021RoadWorldChampionship.eus” domeinuen artean. Hau guztia gaur bertan jakingo dugu.

Gilbertek eta Vosek beren maisulanak amaitu dituzte

Joan den urtea bikaina izan zen Gilbertentzat. Garaipen ugari lortu zituen. Garaipenak bakarrik ez; erakustaldi mordoa eman zuen han eta hemen. Eta horietako bat, oso urrun joan gabe, gurean, Donostiako Klasikoan eman zuen – Iosu Garate adiskideak twitter bidez esan bezala, iazko Klasikoan jada erakutsi zuen ortzadar maillota atsegin zuela…-Urteari ginga jartzeko ortzadar maillota nahi zuen, baina ibilbideak ez zion batere mesederik egin eta Cavendishek eraman du soinean urte osoan. Aurten denboraldia ez da horren ona izan BMC taldeko txirrindulariarentzat, baina Espainiako Vueltan Monjuiteko etapa irabazi zuen, abisu moduan. Azkenean, Limburgen jantzi du iaz ihes egindako elastikoak. La Redouten, Lieja-Bastonge-Lieja lasterketako mendate ezagunearen magalean, koskortu zen haurra beste klasiko handi baten bukaeran, Amstel Gold Raceren amaieran, bihurtu da Munduko Txapeldun. Nolabait esateko, maisulana bukatu du Gilbertek. Eta beste horrenbeste egin du Vosek emakumezkoetan.

Continue reading “Gilbertek eta Vosek beren maisulanak amaitu dituzte”

København ’11: hamar izen, ortzadar bakarra.

Urteko zitarik handienetakoa hemen da jada. Astebete baino ez da falta datorren urtean zehar ortzadar maillota soinean zeinek eramango duen jakiteko. Honezkero gehientsuenok jakingo duzuen bezala, Kopenhage-ko ibilbideak gogortasunerako tarte gutxi eskaintzen du, Munduko Txapelketa Danimarka-ko hiriburuan jokatzearen ondorio. Hala ere, zailtasun txiki horietako bat helmugan egoteak batzuen eta besteen aukerak baldintzatuko ditu. Horrela bada, faborito argirik gabeko lehia aurkezten zaigu hasiera batean.

Igandean txirrindulari asko izango da dominiaren bat eskuratzeko moduan azalduko dena, edo bere burua horretarako gai ikusiko duena behintzat. Kinielei begira badaude aurreneko postuan egotea hein handi batean ziurtatu baina garaipenerako itxaropen gutxi daukatenak. Kasu honetan, guk podiumeko goreneko postua zapaltzeko faboritoak zeintzuk diren aukeratu eta jarraian izendatu ditugu, euren izena ortzadar kolorez janzteko hautagai nagusiak, alegia:

1. Thor Hushovd (Norvegia): egungo txapelduna, ezaugarri horregatik baino urteek aurrera egin ahala erakusten ari den dohain guztiengatik dugu aurreneko postuan batez ere: bere erresistentziak bete-beteko sprinterren abiadurari aurre egitea ahalbidetzen dio ibilbide luze eta zailetan. Kasu honetan, luzeraz gain helmugako malda txikia alde izango du. Lasterketa gogor baten ostean egon litekeen sprintean da batez ere faborito. Continue reading “København ’11: hamar izen, ortzadar bakarra.”