
Javier Tebas Mendrano jaunak zuzentzen duen LaLiga erakundeak, Tropela.eus-erako konektatzeko arazoak eragin ditu asteburuan zehar bai Euskal Herrian bai penintsulako beste hainbat lekutan ere, beste makina bat webguneri gertatu zaien bezala. Nork pentsatuko zuen futbola Tropela blokeatzeraino iritsiko zenik! Gaur hori baiezta dezakegu.
Egia da denboraldi hasieran aplikazio berria jarri dugula martxan eta horrek zailtasun batzuk sortarazi dizkigula, espero genituenak neurri batean. Berrikuntzen artean segurtasuna ere ardatz hartu dugu eta horregatik Cloudflare zerbitzua txertatzea erabaki genuen. Teknikoki zalantzarik ez dugu erabaki zuzena izan dela. Espero ez genuena zen, ordea, LaLigaren handikeria guganaino iritsiko zenik.
Iaz gogor aritu zen Javier Tebas Mendrano jauna pirateria kontra, futbolaren erronkarik handiena bera zela argudiatuz. Bide horretan, LaLigak pirateriaren kontrako borroka hori gauzatzeko, badirudi Cloudflareko makina bat IP helbide blokeatzen hasi direla Espainiako zenbait internet zerbitzu emaile azken egunetan. Eta asteburu honetan, 2025ko martxoaren 8 eta 9a, Tropelari tokatu zaio. Izan ere asteburu guztian zehar eta gaur gauerarte, tarteka izan da Tropelara sartzeko aukera. Eta hau era desberdinean pairatu duzue erabiltzaileok, internet hornitzaileen baitan afekzioa desberdina izan baita.
Cloudflare berak adierazi zuen akzio legalak hartuko zituela kontu honen inguruan internetaren askatasuna urratzen ari direlako.
Geuk ere hori uste dugu, ez baitzaigu normala iruditzen, inongo abisurik gabe, interneteko zerbitzu legalak erabilita – kasu honetan Cloudflare-, webgune guztiz legitimo bat, Tropela.eus den bezala, blokeatuta geratzea. Gaur hori egin dute penintsulatik Tropelara konektatzen saiatzean: sarrera blokeatu. Ez gara bakarrak izan, izan ere aurreko asteburuan arazo bera izan zuen Berria.eus webguneak.
Espero dugu astean zehar arazo gehiagorik ez izatea – LaLigako partidarik ez dagoelako- . Ez dakigu, ordea, hurrengo LaLigako jardunaldian arazoak izango ditugun ala ez. Edozein kasutan, zerbait pentsatu beharko dugu LaLigaren “bolanta sare honek” berriro ere harrapa ez gaitzan.
Jakin, beraz, asteburu honetako arazoa ez dela geurea izan, LaLigarena baizik.
Alternatibarik?
Berriz gertatzen bada, VPN bidez saia gaitezke, izan ere sarbide blokeoa Espainian ematen ari da. Beraz, beste herrialderen batean bageunde bezala nabigatu ezkero, posible izan behar litzaiguke arazo hori gainditzea. Horretarako aukera desberdinak badaude ere, Tropelatik 1.1.1.1 zerbitzua erabiltzea gomendatzen dizuegu. Berau Cloudflare berarena da eta doakoa. Behin erabiltzen hasita, ziurtasuna ematen duen zerbitzuak erabili, aukera honen moduan. Gainontzean Proton VPN (konexio bat doan eskaintzen du) edo NordVPN aipa genitzazke.


