Gilbertek eta Vosek beren maisulanak amaitu dituzte

Joan den urtea bikaina izan zen Gilbertentzat. Garaipen ugari lortu zituen. Garaipenak bakarrik ez; erakustaldi mordoa eman zuen han eta hemen. Eta horietako bat, oso urrun joan gabe, gurean, Donostiako Klasikoan eman zuen – Iosu Garate adiskideak twitter bidez esan bezala, iazko Klasikoan jada erakutsi zuen ortzadar maillota atsegin zuela…-Urteari ginga jartzeko ortzadar maillota nahi zuen, baina ibilbideak ez zion batere mesederik egin eta Cavendishek eraman du soinean urte osoan. Aurten denboraldia ez da horren ona izan BMC taldeko txirrindulariarentzat, baina Espainiako Vueltan Monjuiteko etapa irabazi zuen, abisu moduan. Azkenean, Limburgen jantzi du iaz ihes egindako elastikoak. La Redouten, Lieja-Bastonge-Lieja lasterketako mendate ezagunearen magalean, koskortu zen haurra beste klasiko handi baten bukaeran, Amstel Gold Raceren amaieran, bihurtu da Munduko Txapeldun. Nolabait esateko, maisulana bukatu du Gilbertek. Eta beste horrenbeste egin du Vosek emakumezkoetan.

Bati baino gehiagori etorri zitzaion iaz gogora, Gilbert ikusita, lehia polita ikusiko genuela aurten Valverde eta Gilberten artean, oso antzeko ezaugarri baitituzte biek ala biek. Ba denboraldia joan da eta ia-ia ez ditugu nor baino nor bi oilarrak ikusi. Gaur bai, Cauberg-ko azken igoeran Gilbertek erasoa jo eta Valverde saiatu da bere atzetik ateratzen, baina tropeletik atera denerako berandu izan da; Gilbert eta Boasson Hagen urrunegi zeuden. Hain justu ere, norbegiar gazteak leporatu du zilarrezko domina eta espainiarrak, brontzezkoa. Erne: Valverdek zilarrezko eta brontzezko bina domina ditu jada. Bada zerbait. Beste aldean, Sagan jarriko nuke nik; azken metroetan Gilbertekin ikusteko irrikan geunden, baina nonbait ez du Tourreko gorputzaldia. Lastima.

Gainerakoan, uste baino min gutxiago izan du Caubergek, nire uste apalean. Akaso lasterketa gogorragoa delako Amstel Gold Race apurtuago iristen da aldapa horretara, baina gaur, indarrak oso parekatuta ikusi ditugu aldapan gora ere. Helmugara iristeko 80 kilometro falta zirela ihesaldi garrantzitsua izan da, besteak beste, Contador, Voeckler, Nocentini, Gesink eta Fulgsang sartu direlako. Tropelak, baina, azkenean atzeman ditu. Hori izan da aipatutako txirrindulariek beren burua erakusteko izan duten aukera bakarra. Bitxikeria gisa, Jonhatan Castroviejo bizkaitarra izan da helmugara iristen azkena; Amador taldekidearekin batera sartu da, hamar minutura.

Gizonezkoetan Gilbert eta emakumezkoetan, Vosek. Londresko Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazteak ez zuen nonbait asetu Vos handia eta Munduko Txapelketan ere garaile izan dugu. Caubergen gora inor ez zen bere erritmoa jarraitzeko gauza izan. Etxean irabazi du, holandarra baita. Harrigarria da Vosen aurtego garaipen zerrenda, izan ere, Giroa ere irabazi du… eta baita Munduko Ziklokros Txapelketa ere! Neylan australiarrak eta Longo italiarrak –ez nahastu Longo frantziarrarekin- lagundu zioten domina banaketa ekitaldian. Eneritz Iturriagaetxeberria 35. postuan sailkatu zen.

Datorren urtean, Italian jokatuko dituzte Munduko Txapelketan, Florencian, eta aurreratu dutenez ibilbidea oso gogorra izango da.

Argazkia: Tropela Elkartea