Emaitza denek zekiten

Izan behar zuen eta izan da. Denek zekiten, baina ezin izan dute eragotzi. Esaten da txirrindularitza kirol taktikoa dela, taldeka lehiatzen dela, eta ezin dela edozein modutara jokatu. Indarrak gorde behar direla, poker partida batean kartak ezkutatzen diren bezala. Baina teoria guzti horiek soberan daude Remco Evenepoelentzat. Hirugarrenez gailendu da Donostiako Klasikoan, eta badirudi inork ezingo duela sekula garaitu, hain da bere neurrira egindako lasterketa: itoa, maldatsua, tranpaz betea, indarrak gutxika eta errukirik gabe lapurtzen dizkizuna. Jaizkibelgo labarrak lehenik, Erlaitzeko hormak ondoren, eta Murgileko bi pasadak azkenik, ahalegina agonia bilakatzen denerako. Galde diezaietela Alexandr Vlasovi eta Pello Bilbaori nolako labea izan daitekeen Murgil, baldin eta Evenepoelen gurpila jarraitzen tematzen bazara: suak gutxika erretzen du, baina gora eta gora doa tenperatura, kiskaltzen zaituen arte. Kontuz: Pello Bilbaok eustea lortu zuen, baina zein preziotan! Bulebarreko helmugan ahate errea nola, hala irentsi zuen Belgikarrak Gernikarra.

Euritsu esnatu zen eguna igandean, eta partaidetza oparoa zeukan probak, World Tour mailako saio bati dagokionez: hortxe zeuden Tourretik etorritako zaldiak, denak zainetan, forma-forman: Skjelmose, Powless, Gall, Benoot, Mikel Landa, Martin, Uran, Mollema, Alaphilippe… eta, haiekin batera, denboraldi amaiera prestatzen ari diren beste karrerista handi batzuk ere: Bardet, Ayuso, Healy edota Buitrago. Baina, esan ditzagun gauzak diren bezala, Enenepoel ataka zail batean ipintzeko gai diren ziklista gutxietakoak falta ziren: Roglic, Pogaçar edo Van Aert. Ez zeuden, ezta ere, Yates anaiak, Donostiako Klasiko oso onak egin izan dituzten bi txirrindulari bertutetsuak. Gauzak honela, Evenepoel faborito oso argia zen, hain argia ezen beste guztiek konpartsa lan zikina egiteari men egin behar izan baitzioten. Ez gara esaten ari ziklista kaxkarrak direnik, esaten ari gara, sinpleki, lurtarrak direla.

Ziklismo berri bat ikusten ohitu gaituzte Evenepoelek eta bere garaiko beste ziklista martetar guztiek: lehen nolabaiteko tiki-taka zegoen lasterketetan, orain zuk erasotzen duzu, gero neuk, ondoren beste hark. Fenomeno hauekin, ordea, elkarrizketa bakarrizketa bilakatzen da. Ez dago erreplikarik. Jazzaren garai onenetako solisten pare, saxoa atera eta ez dute beste inor behar ondoan. Charlie Parkerren soloak nola, halakoak dira haien balentriak, eskalan gora eta behera batzuk, maldan gora eta behera beste batzuk. Putz eta putz egiten dute, pedalkada bakoitza mailukada bat da, eta beste denak ikusleen artean urtzen dira, ikuskizunean, zinez, soberan baleude bezala. Denboraldiko 9. garaipena lortu du Enevepoelek Klasikoan, bere karrerako 43.a. 23 urte ditu mutilak. Unibertsitateko adinean dago, baina doktoretza amaitu du dagoeneko, eta master oro txiki uzten du. Munduko txapelketa jokatuko du orain, Espainiako Itzulia ondoren. Prestatu krispetak, ikuskizuna erruz izango da eta.

#508 Tropela.eus podcastak: 2021eko Frantziako Tourra. Errepasoa – 18. etapa

Pogacarrek (UAD) beste etapa bat eta mendiko maillota poltsikoratu ditu

Ineos taldeak lan egin du tropel nagusian eta esango genuke lortu dutela helburuetako bat: Carapazen (IGD) podiumeko postua ziurtatzea Tourmaleten gora Uran (EFN) atzean geratu baita. Baina, aurreko etapan bezala, Pogacar (UAD) nagusi Vingegaard (TJV) eta Carapazen (IGD) aurretik. Gainera gaurko garaipenarekin Pogacarrek mendiko maillota ere eskuratu du. Iazkoa lortzeko bidean da esloveniarra.

Gaurko etapak emandakoak eta biharkoak eman dezakeenaren inguruko podcasta prestatu digu Egoitz Lizasok (@elizaso).

Podcastera harpidetu

#415 Tropela.eus podcastak: 2020ko Frantziako Tourra errepasoa – 18. etapa

Ineos horrenbeste behar zuen etapa garaipena lortu Kwiatkowski (INS) eta Carapazekin (INS)

Gaur jokatu da aurtengo Tour honetako azken mendiko etapa garrantzitsua. Bertan ihesaldi mardul bateko parte izanda, Carapaz eta Kwiatkowski (INS) helmugaratu dira elkarrekin azken honek etapa garaipena lortuz. Azpimarratzekoa Pello Bilbaoren (TBM) lana etapa lehiatzeko hauekin izan baita atzeratuta geratu den arte, eta edozein kasutan, ondoren Mikel Landari (TBM) sailkapen nagusian aurrera egiten laguntzeko ere lanean izanik. Mikel Landa (TBM) mugitu da, baina, gutxi ez izanik ere, lortu duen saria sailkapen nagusian 5. postura igotzea izan da Adam Yates (MTS) eta Urani (EF1) denbora aterata.

Biharkoak trantsizioko etapa behar luke eta ihesaldia zein esprinterren arteko lehia espero da. Sailkapen nagusikoentzat atseden eguna izango da, larunbateko erlojupeko garrantzitsurako indarrak errekuperatzeko eguna.

Hau eta gehiago duzue entzungai Egoitz Lizasoren (@elizaso) eskutik datorkizuen podcast berri honetan.

Podcastera harpidetu

#369 Tropela.eus podcastak: 2019ko Espainiako Vuelta errepasoa – 6. etapa

Jesus Herradak (COF) Vueltako 6. etapa irabazi zuen

Atzoko Espainiako Vueltako 6. etapan protagonista ihesaldia izan zen. Etapa garaipena lortu zuena Jesus Herrada (COF) izan zen. Iheskide izan zen eta bigarren sailkatu zen Teuns (TBM), berriz, lortutako errentari esker lasterketako lider berria da.

Alde mingotsa Uran (EF1), Carthy (EF1), Roche (SUN) eta Victor De la Parte (CPT), orain arte sailkapen nagusian lehen euskalduna genuena, eroriko baten ondorioz lasterketa utzi beharrean izan ziren. Gaur jakin dugunez Formolok (BOH) ere ez du irteera hartuko.

Hau eta gehiago kontatzen digu Iban Perezek (@piban) podcast berri honetan

Podcastera harpidetu

#365 Tropela.eus podcastak: 2019ko Espainiako Vuelta errepasoa – 2. etapa

Quintanak (MOV) irabazi du Vueltako 2. etapa

Benidorm eta Calpe artean jokatu da gaurko Espainiako Vueltako 2. etapa eta faboritoak izan dira protagonista. Puig Llorencako igoera erabakigarria izan da indartsuenak aurreratzeko eta jaitsieran Mikel Nieve (MTS), Aru (UAD), Uran (EF1), Roche (SUN), Roglic (TJV) eta Quintanaz (MOV) osatutako seikoteak egin du aurrera. Azken kilometroetan Quintana bera izan da erasoa jo eta etapa garaipena lortu duena. Gorriz, aldiz, Roche jarri da. Pena izan da baina Mikel Nievek ezin izan du etaparen lehian aritu biribilgune batean ia erori baita.

Hau eta gehiago kontatzen dizue Iban Perezek (@piban) podcast honetan.

Podcastera harpidetu