Partaideak, multzoka

Zigorrak, lesioak, Munduko Txapelketarako prestaketa edo txirrindulari gazteenei aukera ematea. Bada arrazoi mordoska, aurtengo Vuelta-ra izen ilustre ugari inguratzeko. Partaidetza aberats hontatik abiatuta, Tropela-ko kideek (azkenaldian ohi dutenez), kiniela mamitsua proposatu digute. Has gaitezen korapiloak askatzen:

HAUTAGAI NAGUSIAK

CONTADOR: Hiru astekoetan balorerik seguroena izan da azken urteetan. Ez dut uste sei hilabeteko etenak, gainditu ezin dezaken oztoporik sortuko dionik. Azkar hartzen du erritmoa, irrikaz eta gosez itzuli beharko litzateke, taldea ere esnatu zaio eta, batez ere, azkenaldian lehen aldiz, denboraz planifikatu ahal izan du bere prestaketa. Lehen astean, defentsan lan egin beharko du, azken astean erasora pasatzeko. Bjarne Riis-ek birritan errepikatu bezela: “Contador-i dagokio faborito nagusiaren txartela”.

FROOME: Froome-k beroan hartu zuen Vueltan lehiatzeko erabakia, Tour-a amaitu ostean. Sky taldean, erabakiak ez dira era hortan hartzen. Brailsford jauna ez da inprobisazioaren lagun. Baino nairobitarrarekin zorretan daude eta bere apustuak dituen mugak ikusi arren, ez dizkiote berriro hegoak moztuko. Muga hoiek noski, pilatutako nekeak sortutakoak dira. Dauphinè, Tour-a eta Jokoak goi mailan lehiatuta, Vuelta aurrera doan heinean, nairobitarrak behera egin behar du, batez ere, hirugarren asteko mendateetan.

COBO: Erregulartasunik eza izan da bere karrerako gabezia nagusia. Diztira une apartak, deskonexio epe luzeegien artean galduak. Urtean zehar, saiatu dira Movistar-en Cobo “konektatuta” izaten. Tour-era adibidez, Vuelta prestatzeko helburu hutsarekin eraman zuten (a ze luxua!) taldekide baten lekua sakrifikatuz. Baino, nik behintzat, ikusi arte ez det sinistuko aurten Cobo iazkoa errepikatzeko gai denik.

RODRIGUEZ: Denboraldiaren lehen zatia, inoizko hoberena izan du. Giro-an erakutsi zuen konsistentzia, azken erlojupeko hura… Purito-k trebatzen jarraitzen du. Atsedenari beharrezko tartea eskainita bertaratuko da Iruña-n, berriro ere, oso ondo doakion ibilbide bati ekiteko. Etapa anitzetan garaipenerako lehian izango da, ez da ezkutatuko, kinielarako puntu asko bermatuaz.

BESTE HAUTAGAIAK

ANTON: Erakutsia du zertarako gai den. Burgos-en eta Donostia-n, prestaketa bide onetik doala baieztatu ahal izan du, denboraldi arina darama eta ez dauka zertan iazkoak errepikatu beharrik. Iaz adina presio bere gain jarri ez izanak, mesede egingo dio. Ibilibidea, aurten ere, beretzat pentsatua dagoela esan liteke. Baikor izateko unea da.

KOLONBIARRAK: Garai baten bezela, Kolonbia Vuelta-ri so izango da, bere  txirrindularitzaren berpizkunde urtean. Horren errudun, Europara emigratu duten 3 “pedalista” gazte. Uran: ibilibideko penditz pikoak eta nekea nola kudeatzen dituen ikusi behar, baino aurten inspiratuta dago, erabat. Henao: Harrigarria bere lehen denboraldia Europan. Bertaratu den lasterketa guztietan (eta ez dira gutxi izan) maila ona eman du. Beroarekin oraindik hobeto moldatzen bada… Ibilibidea primeran doakio. Nekea kudeatu behar honek ere. Quintana: Etorkizuna (22 urte). Igotzailea. 5 garaipen aurten. Arriskuzaleentzat aukera polita kinielarako. Kolonbiarrik gabeko kiniela askorik ez luke izan behar.

RABOBANK: Gesink itzuli haundi bat bukatzeko helburuarekin dator, istripurik gabe. Hori lortzen badu, goian izan daiteke. Mollema ez da iazkoa. Euskal errepideetatik kanpo, Ardenetan salbu, ez du emaitzarik lortu. Burgos-en piztu ziren alarma argi gorriak (33. azken sailkapenean), Donostian itzali zituen. Ezin jakin.

Moncoutie bermea da. De Gendt apustua; batek daki, Giroa eta ezkontzaren ondoren, nola bertaratuko den. Dani Moreno, haseratik, Rodriguez-en morroi, baino egoera berdinean uzta polita lortu zuen iaz. Valverde, Cunego-ren antzera, etapa garaipen baten bila ikusten dut (Tour-eko tamainan), ez gehiago. Van den Broeck ere estrategia aldatuta omen dator: etapa garaipenak, besoak jaso behingoz, sailkapen nagusiaren aurretik. T. Martin Valkenburg-era begira. GadretRoche zein MonfortMachado, kunplitzera. Menchov ez det lehian ikusten.

AZKARRAK

Bennati 31 urterekin, abiadura kamustuta, bere txirrindulari izaera bilatu nahian dabil. Sprinter nagusien faltan, aukera probestu beharrean dago, baino ez dut konfiantzaz ikusten. Degenkolb gazteari, Vuelta luze xamarra egin behar zaiolakoan nago. Rojas ikusten dut, multzo hontan, aukerarik sendoena. Eta Swift ere ez nuke baztertuko: Vuelta tentuz prestatu du eta mendi ertaineko etapetan ere moldatzeko gai da.

BESTE AZKARRAK

Breschel, Meersman eta Bouhanni dira, azken asteetan emaitza onenak lortu dituztenak multzo hontan. Vivianik, agian azkarrena izan arren, pistatik errepidera egokitu behar du, Jokoen ondoren. Eta azkenik, Gilbert. Vueltan, urtean zehar lortu ez dituen emaitzak eskuratzen hasi beharrean da, Valkenburg-era begira (bere urteko helburu nagusia). Premiaren aurrean, nola erantzungo du lausotuta dabilen baloiak?

EUSKALDUNAK

19 euskaldun kinielan. Bada zerbait! Intxaustik Giroan urrats serio bat eman zuen. Vueltan bigarrena ematea du helburu. Eginez gero, oso goian ibiliko da. Anton-ekin batera, sailkapen nagusirako bigarren euskal aukera.

Landa eta Sicard ofizioa ikastera doaz aurten, sortu daiteken aukeraren bat pasatzen utzi gabe. Aukeraren zai izan dena Koldo Fdez. Larrea da. Urtea bideratzaile lanetan pasa ondoren, esperotzekoa da Koldok bere aukerak izatea Vueltan. Baino Kreder anaiak bederatzikoan izanda, posible da hirurak rolak txandakatzea sprint ezberdinetan.

Eta azkenik, aparteko aipamen bat Egoitz Garciari. Gogo biziz nago Egoitz Vueltan ikusteko. Azken 2 urteotan lan oso ona eginda, goi mailako lasteketa bat disputatzeko aukera iritsi zaio. Argia, azkarra eta garaipenerako senaren jabe. Ezagutzera emango da ziurrenik.

BESTEAK

Multzo hontan ere bada non aukeratua. Etapa ehiztariak (Ballan, Gasparotto, Boom…), sailkapen nagusirakoak (Cataldo, Le Mevel, Capecchi, Jeannesson…) zein azkarrak (Duque, Kreder anaiak…).

Izen kontrastatuokin batera, badira, gertutik jarraitzekoak iruditzen zaizkidan zenbait balore gazte: Talansky (Vaughters-en azken aurkikuntza), Majka (igotzaile poloniar fina), Ratto (etorkizuneko italiar klasikomanoa), Dumoulin eta Geniez (Argos) edota Cameron Meyer (GreenEdge) adibidez.

Ez nuke bukatu nahi Caja Rural gogora ekarri gabe: talde nafarrak lortu du, aurten bai, Vuelta-n izatea. Iruña-tik irtetzeak ere lagunduko zuen, seguruenik. Bitartean, 2010ean profesional mailara itzuli zenetik, Caja Rural-ek ez dio taldea sendotzeari utzi (Egoitz Garcia eta Javier Morenok taldea utzi arren) eta datorren larunbatean Iruña-n aurkeztuko duen taldeak ez du 2010eko talde haren antz haundirik. Aukera, momentu egokian iritsi zaiola esango nuke. Armak zorroztuak dituztela borrokarako, alegia. Zortea bidelagun izan bezate!