Ipuinak soilik garaileentzat amaitzen dira ondo

Gasparotto Amstel Gold Racen garaileGaur Amstel Gold Race klasikoa ospatu da Herbeeretako errepideetan, Maastrich eta Valkenburg-en artean 261 kilometro osatu behar izan dute txirrindulariek. Ardeentako hirukotearen lehen lasterketako ezaugarri nagusia igotzen diren muino kantitate handia da, guztira 31. Laburrak izan arren lasterketaren luzeraren ondorioz azkenean klasika oso gogorra egiten da txirrindularien hankentzat.

Txirrindularitzan azken urteetan ohikoa bilakatu den bezala horrelako ibilbideetan, lasterketak ihesaldi bat izan du protagonista. Bederatzi txirrindularik osatu dute taldetxoa hau. Bi izen nabarmendu behar dira. Lehena euskalduna, Peio Bilbao (Euskaltel-Euskadi), bertan egon baita ia ihesaldiaren amaierara arte. Bigarrena Romain Bardet frantziarrarena (Ag2R), ihesaldiko azken partaidea izan da tropelak lasterketa burua lortu duen arte.

Azken hamar kilometroetan sortu da zalaparta handiena. Aurretik ihesaldia kontrolpean egon da une oro Katusha, RadioShack – Nissan – Trek eta BMC taldeei esker. Aipatutako puntu horretara arte azpimarratzekoa izan dira faborito batzuek hanka jarri izana lurrean (Evans kasu) edo ahuleziak agerian utzi izana (Samuel Sanchez, Van Den Broeck eroriko baten ondorioz).

Zuhaitza lehena astintzen Voeckler izan da eta Saganek jarraitu dio, baina tropel nagusiak ez die utzi oso urrun joaten. Orduan, 7 kilometroren faltan, etorri da eguneko sorpresa eta balentria: Freireren erasoa. Askori zur eta lur utzi gaitu honek (agian hotzean pentsatuz lasterketa honek zuen amaierak ez zion asko laguntzen eta horregatik saiatu da kantabriarrak balentria egiten).

Azken kilometroan erabakiko da guztia. Azken muinoan. Freirek abantailarekin hasi du azken zati hori. Atzetik indartsu zihoazen. Gilbertek (BMC) jo du aurrera lehenik eta Gasparotto (Astana), Sagan (Liquigas) eta Vanendert (Lotto) eramanez. Azkenean kantabriarra azken metroetan pasatu eta garaipena esprintean jokatu dute. Astanako Gasparottok altxatu ditu besoak. Ondoren Vanendert eta Sagan sartu dira. Freire, Voeckler (Europcar) eta Gilbert hiru segundora helmugaratu dira. Samuel Sanchez 7. helmugaratu da.

FreireGaurko klasikoa ipuina izan balitz amaieran Oscar Freirek altxaraziko zituen besoak. Admirazioa pizten duen txirrindulari horietako bat da. Haren kontrako adierazpenak oso gutxik egingo dute. Inkesta bat egingo bagenu jakiteko nork nahiko lukeen txirrindularitza afizioak munduko txapelketa irabazi kantabriarrak boto asko jasoko luke. Baliteke bere azken urtea izatea, bere erretiroaren berri izan arte jarrai dezagun txirrindulari ikusgarri honekin disfrutatzen (Munduko txapelketa irabazten badu agian beste urtebetez jarraituko du bizikleta gainean). Uste duzue erretiratu beharko litzatekeela edozein delarik Munduko txapelketako emaitza?

Argazkiak: www.cyclingnews.com

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.