Horner eta Samu arnasestuka

Hornerrek 2013ko Vuelta irabazi zuen. Samuk 2012ko Itzulia irabazi zuenAtzo jakin genuen Samuel Sanchezek – azkenean – aurtengo denboraldirako taldea aurkitu duela. Aurreko astean, berriz, Horner izan zen etorkizun hurbilari bide orria egin ziona.

#postEuskaltel garai honetan Samuk berak ere ez zuen usteko horrenbeste lan izango zuenik talde bat aurkitzeko. Pekinen urrea lortu izanak, Tourreko podiumean sartu izanak – Contadorren garaipena baliogabetu ondoren -, baita Vueltako podiumean ere, hainbat etapa garaipen lortu izanak- iaz Dauphineko 7. etapa irabazteak a ze arnasa eman zion Euskalteli! – … balantza bere alde jartzeko moduko argudioak badirudite ere, ez dio uste bezain beste lagundu nire ustez. Adina? 36 urte beteko ditu asteazkenean, Evans baino urtebete gazteagoa da eta Horner baino 6 urte t’erdi! Baina ez da kontua adina bera bakarrik, adina eta bere ibilbidea, bien konbinazioa baizik.

Inork gutxik ukatuko du Samu txirrindulari bikaina dela, edo izan dela behintzat. Kontua da profesional mailan eman dituen 14 urteak talde berean eman dituela, Euskaltelen. Eta Euskaltel talde berezia izateaz gain, taldea Samuren inguruan eratu izan da urtez urte. Ez zait iruditzen gainontzeko taldeei, beraiek liderrak eta egiturak jada finkatuta dituztela, Samu txirrindulari “erakargarria” egingo zaienik. BMCrentzat berarentzat ere hain interesgarria ez delakoan nago, baina izango ditu bere arrazoiak fitxaketa hau egiteko, marketing arrazoiak kasu.

Asturiarrak berriki egin dituen adierazpenetan esan duen moduan, hiruzpalau egunetan itxi dute kontratua. Noski, denbora aurrera zioan eta talderik gabe… Pentsa, hain izanda gauza azkarra ze Samuk berak ere ez dakiela zein egutegi izango duen. Esango nuke ez oraindik ez duela barneratu bera izango dela aurten espainiar bakarra taldean.

Ez dakit Evans, Van Garderen, Gilbert eta Hushovd bezalako txirrindularien artean nola moldatuko den. Beharbada oker naiz, baina gregario rolera ohitu beharrean izango da, Igor Anton moldatu beharrean izango den moduan, lehenago Haimar Zubeldian egin zuen moduan. Baina hori hurrengo egunetan jakingo dugu.

Hornerren inguruan honelako galderak entzun ditut: “Nola daiteke 43 urte bete behar dituen txirrindulari bat oraindik txirrindularitzan izatea?”. Nik beste hau egiten dut: “nola uler daiteke urte batean hiru asteko itzuli handi bat, kasu honetan Vuelta, irabazitako txirrindulari batek hurrengo denboraldirako talderen bat aurkitzeko zailtasunak izatea?”. Adina faktore garrantzitsua da, baina ezin ahaztu azken Vuelta irabazi duela, nahiz eta bestalde gogoan dudan Cobok Skyko bikoteari Vuelta kendu ziela eta hurrengo bi denboraldietan Movistarren ez zuela ezer erakutsi. Kasu honetan ere adina eta bere ibilbideak, bien konbinazioak, baldintzatu dute atzerapena.

Vuelta amaitu eta gero Hornerrek milioi bat euro eskatzen zituen, oker ez banaiz behintzat. Honek ere prezioa ederki jaitsi behar izango zuen – hau da nik uste dudana, daturik gabe – taldea aurkitzeko. Normala iruditzen zait, inork garbi esan ez badu ere, 42 urte betetzear den batek hiru asteko itzuli bat irabazi, historia eginez, zalantzak sortarazten ditu. Taldeak ez daude zalantzetan aritzeko dopin kasuek kalte handiak eragiten baitizkie. Urrian 43 urte beteko ditu eta Hornerrengan konfiantza duen norbaitek ez beste inork fitxa zezakeen Horner eta hori Matxin da. Matxinek taldean izan zuen Horner 2005ko denboraldian. Urte hartan Suitzako Tourra bereganatu zuen amerikarrak, Nibali eta Rogers bezalako txirrindulariak gaindituz. Orain berriro urte hartan zuzendari izan zuenaren talde berean ikusiko dugu, arnasestuka bada ere, Lampre taldean.

Kontuak kontu, bai batak eta bai besteak taldeak aurkitu dituzte aurtengo denboraldirako. Amerikarra taldeburu izango dela dirudi iaz Vuelta irabazi baitzuen eta Scarponiren faltan – Astanan ikusiko dugu aurten – Giroa eta Vuelta lehiatzeko aukera izango baitu. Samuren kasuan, aldiz, nioen moduan, ikusi egin behar zein egutegi zehazten dioten, baina ez bada Euskal Herriko Itzulian eta beharbada Vueltan, zail ikusten dut BMCn lider papera jokatzen ikustea. Hauek behintzat taldea aurkitu dute aurtengorako; beste batzuk talderik gabe geratu dira.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.