Partaideak, multzoka

Zigorrak, lesioak, Munduko Txapelketarako prestaketa edo txirrindulari gazteenei aukera ematea. Bada arrazoi mordoska, aurtengo Vuelta-ra izen ilustre ugari inguratzeko. Partaidetza aberats hontatik abiatuta, Tropela-ko kideek (azkenaldian ohi dutenez), kiniela mamitsua proposatu digute. Has gaitezen korapiloak askatzen:

HAUTAGAI NAGUSIAK

CONTADOR: Hiru astekoetan balorerik seguroena izan da azken urteetan. Ez dut uste sei hilabeteko etenak, gainditu ezin dezaken oztoporik sortuko dionik. Azkar hartzen du erritmoa, irrikaz eta gosez itzuli beharko litzateke, taldea ere esnatu zaio eta, batez ere, azkenaldian lehen aldiz, denboraz planifikatu ahal izan du bere prestaketa. Lehen astean, defentsan lan egin beharko du, azken astean erasora pasatzeko. Bjarne Riis-ek birritan errepikatu bezela: “Contador-i dagokio faborito nagusiaren txartela”. Continue reading “Partaideak, multzoka”

#52 Tropela.net podcastak: Kopenhageko Munduko Txapelketa 2011

Eneko Garate (@egarate), Axier Sukia eta Egoitz Lizasorek (@elizaso) Kopenhagen aste honetan jokatuko diren 2011ko Munduko Txapelketaren inguruan aritu dira. Ondorengo gai hauek jorratzen dituzte:

Erlojuaren kontrako saioko faborito nagusiak.

Errepideko lasterketako faborito nagusiak. Zeini datorkio egokiago ibilbidea? Herrialde ezberdinetako taldeek zein jarrera izango dute?

Lehen euskaldunaren puntuak nola banatuko diren aipatzen dute.

Kiniela egiterako orduan zenbait iradokizun.

Aurreko podcastak hemen dituzu.

#50 Tropela.net podcastak: Vueltako 1. atseden eguneko errepasoa

Iosu Garate (@iosugarate), Eneko Garate (@egarate) eta Egoitz Lizasorek (@elizaso) 2011ko Vueltaren lehen atseden egun honetan orain arte gertatutakoari errepasoa egiten diote. Ondorengo gai hauek jorratzen dituzte:

Etapaz etapa garaile eta liderrei errepasoa

Salamancako erlojuaren kontrako saioak izandako eragina faboritoen artean

Euskaldunak nola ikusi ditugun

Bitxikerien atalean toponimia kontuak mintzagai

Gure Tropelari begiratuta lider doanaren kinielarekin faborito sendoa dela zalantza gutxi: luixa

Aurreko podcastak hemen dituzu.

Gazteek sua eramango dute

Ez dira sailkapen nagusiaren lehian egongo, baina Vueltako arreta guneetako bat izango dira ziklista gazteak. Tartean dira Kittel, Talanski, Phinney, Kruiswijk, Dalenkob eta noski, Sagan. Haietako batzuek kinieletan tokia izango dute, ziur.

Joan den urtean oihartzun handia izan zuten Peter Sagan eslobakiarraren ibilerek. Ez da harritzekoa, profesionaletan korritutako lehen proban, Australiako Tour Down Underren ez zelako kikildu eta Evans, Valverde eta Luis Leon bezalako ziklistekin ihesean ibili zen. Bada zerbait, ezta? Hura ez zen kasualitate hutsa izan: Bina etapa irabazi zituen Paris-Nizan eta Kaliforniako Tourrean eta beste etapa bat Romandian. Aurten erritmoari eutsi eta garaipen zakua betetzen jarraitzen ari da Liquigas Cannondale taldeko txirrindularia: bina etapa Suitzako eta Poloniako Itzulietan eta Polonian sailkapen nagusia ere irabazi du. 21 urte ditu eta harentzat hiru asteko lehendabiziko itzulia izango da Espainiako Vuelta. Azken metroetan azkarra da eta koska batean bukatzen diren lasterketetan oso trebea da. Etxera esku hutsik itzuliko ez delakoan nago. Continue reading “Gazteek sua eramango dute”