Gazteek sua eramango dute

Ez dira sailkapen nagusiaren lehian egongo, baina Vueltako arreta guneetako bat izango dira ziklista gazteak. Tartean dira Kittel, Talanski, Phinney, Kruiswijk, Dalenkob eta noski, Sagan. Haietako batzuek kinieletan tokia izango dute, ziur.

Joan den urtean oihartzun handia izan zuten Peter Sagan eslobakiarraren ibilerek. Ez da harritzekoa, profesionaletan korritutako lehen proban, Australiako Tour Down Underren ez zelako kikildu eta Evans, Valverde eta Luis Leon bezalako ziklistekin ihesean ibili zen. Bada zerbait, ezta? Hura ez zen kasualitate hutsa izan: Bina etapa irabazi zituen Paris-Nizan eta Kaliforniako Tourrean eta beste etapa bat Romandian. Aurten erritmoari eutsi eta garaipen zakua betetzen jarraitzen ari da Liquigas Cannondale taldeko txirrindularia: bina etapa Suitzako eta Poloniako Itzulietan eta Polonian sailkapen nagusia ere irabazi du. 21 urte ditu eta harentzat hiru asteko lehendabiziko itzulia izango da Espainiako Vuelta. Azken metroetan azkarra da eta koska batean bukatzen diren lasterketetan oso trebea da. Etxera esku hutsik itzuliko ez delakoan nago.

Skil-Shimano taldeko Kittel esprinter alemaniarrak 23 urte bete berri ditu eta zur eta lur utzi gaitu, bereziki Poloniako Itzulian lau etapa irabazi dituelako. Ez hori bakarrik, Dunkerkeko Lau Egunetan izeneko proban, beste lau etappa etxeratu zituen. Beste esprinter alemaniar gazte bat ere Cavendish, Freire edota Boonenekin borronkan egon liteke, 22 urteko Dagenkolb. HTC taldeko ziklista honi buruzko hainbat xehetasun eman zizkigun ekainean Egoitz Lizaso adiskideak, usaimen bikaina baitu. Hari buruz idazteko arrazoia? Ba, besteak beste bi etapa irabazi zituelako Dauphine Liberen.

Kittel eta Dagenkolb etapa lauetan euren burua erakusten ahaleginduko dira. BMC Phinney eya Garmineko Talansky estatubatuarrek beste dohain batzuk dituzte: erlojupekoetan iaioak dira. Ikusteke dago ea zer moduz igaroko duten aurreneko astea, banakako erlojupeko bakarra bigarren astearen hasieran dago (40 kilometro Salamancan) Phinneyk 21 urte ditu eta joan den urtean, RadioShack taldean zegoela, 23 urtez azpiko erlojuz kontrako Munduko Txapelketa irabazi zuen. 23 urtez azpiko Paris-Roubaix klasikoa ere irabazia da. Aurten, BMC taldearen elastikoarekin, Eneco Tourreko aitzin etapan gailendu berri da. Julen lagunak, ia inork haren berri ez zuenean aurreratu zigun Tropelzaleei zer zetorrena. Bere herrikidea, Talansky, 23 urte betetzear da, eta aurtengo denboraldiko erlojuz kontrako karrera batzuetan aurreko postuetan bukatu izan du. Talansky ere, beraz, Salamancako erlojupekora begira egongo da ziurenik. Nola Phinneyk hala Talanskyk debuta egingo dute hiru asteko itzuli batean.

Kruiswijk da taldetxo honetako ‘beteranoena’, nolabait esateko. 24 urte ditu eta aurtengo denboraldiaren lehen erdian bikain jardun zen. Italiako Giroan zazpigarren bukatu zuen; gazte sailkapena irabazi zuen eta Suitzako Itzulian etapa etxeratu zuen. Harrigarria izan daiteke horren gazte hiru asteko bi itzulitan parte hartzea. Rabonbankek harengan konfiantza handia duela argi dago.

Aipatu bezala, ziurrenik ez ditugu aipaturiko ziklistok sailkapen nagusiaren lehian ikusiko, baina nor bere esparruan dir-dir egiten saiatuko da. Eta beharbada besteren bat ere bai… Juanma Garatek, esate baterako, bere taldeko, Rabonbankeko Slagter holandarra aipatu du.