Sprinter berrien belaunaldia iritsi da

gaviriaAtzo Tirreno-Adriaticon izan zuen Fernando Gaviriak bere bataioa World Tourrean. 21 urte besterik ez ditu sprinter kolonbiarrak. Bai, ongi irakurri duzue, kolonbiarra da eta sprinterra (irakurri beza esaldi hau birritan Euskal Herrian igotzaileak bakarrik sor daitezkeela uste duenak).

Sasoiko dago. Ez alferrik, pasa den astean Londresen ospatu ziren Pistako Munduko Txapelketetan urrezko domina bat lepoan jantzita iritsi zen Italiara, Omnium lasterketan hain zuzen ere. Ez zuen izan Cavendish-ek Wiggins-ekin batera Madison-ean lortutako urrezko dominaren sona, baina podcastean aipatu genuen bezala, ez zen Cav Londreseko belodromotik zuzenean Italiara zihoan bakarra. Continue reading “Sprinter berrien belaunaldia iritsi da”

Euskaldunen Girorik onena, euskal talderik gabe

Beñat Intxaustik etapa garaipena 2015ko GiroanAzken egun hauetan, Italiako Giroa tarteko, hainbat zale irakurri ditut sare sozialetan Euskaltel-Euskadiren falta gogorarazten. Euskaldunak inoizko Girorik onena egiten eta talde euskaldunik World Tour-ean ez izatea ze nolako galera izan den aipatuz. Ai!! Zer ez ote genuen egingo euskal talde batekin… Badirudi etapa erdiak eta sailkapen orokorra ere eskuratu ahal izango genituela….Eztabaidarako ematen du behintzat. Continue reading “Euskaldunen Girorik onena, euskal talderik gabe”

Sir Wiggoren azken guda

Wiggins Paris-Roubaixerako prestEz natzaizue lasterketa azaltzen hasiko. Ez dizuet ez profila, ez ibilbidea esplikatuko. Badakizue Paris-Roubaix zer den. Betikoa. Sekretu gutxi, baina era berean, ezagutza eta esperientzia asko eskatzen dituen klasiko handia. Gustoen arabera doa, baina gehienontzat, Liege-Bastogne-Liege eta Flandriako Itzuliarekin lehian, urteko lasterketa garrantzitsuena.

Aurtengoan baina, Cancellara ez dugu izango irteeran. Ezta Boonen ere, azken hamarkadan Frantzia iparraldeko harbideetan protagonista izan ditugun 2 txirrindulariak. Baina beraien faltan, begi guztiak Bradley Wiggins-en gain eroriko dira. Eta ez Wiggok ezer handirik erakutsi duelako hemen. Baina inor gutxik jarriko du zalantzan ingelesak helburuak hautatzen dituenean, gutxitan huts egiten duela. Begiz jota du Paris-Roubaix, iaz ere oso maila altua erakutsi zuen (9. iritsi zen) eta Sky taldeari eta World Tour mailako zirkuituari proba honetan esango dio agur.

Hemendik aurrera, pistara bideratuko ditu bere entrenamentuak, Rio 2016 begipuntuan jarrita. Horretarako, errepidean ere ibili beharko du, baina prestaketak bere kasara lasai egiteko eta etorkizuneko bere bidetxoa egiten hasteko, bere talde propioa sortzea otu zaio. Kontinental mailakoa izango da eta bera nagusi eta lider izango den taldean, gazteen prestakuntza ere izango du helburu.

Baina aurretik, gaurko guda geratzen zaio. Flandrian oso sendo ikusi genuen Geraint Thomasen alde lanean, beraz ez dago dudarik sasoian iritsiko dela. Thomasek, gainera, bere alde lan egingo duela esana du, nahiz eta azken unerarte bi hauek eta Stannard gordeta izaten saiatuko den Sky. Beste lehiakideen artean Tepstra, aurtengo Poulidor berria, eta Kristoff, doan lekura joanda garaipena lortzen duen norbegiarra aipa genitzake. Ez dira urrun ibiliko ere Van Avermaet, Degenkolb, Boom edo Stybar bera ere. Vanmarcke edo Pozzatorekin ere argi, indartsu iristeaz gain, etxeko pasiloa bezala ezagutzen baitute ibilbidea.

Izen horietatik kanpoko inor podiumean sartzea sorpresa handia litzateke. Euskaldunen artean Markel Irizar onena ez izateak ia ezinezkoa dirudien bezala. Gozatu bada eguna, txirrindularitza zaleon paradisua den Iparraldeko infernua.

Hasi da udaberria

paragrapharticle--54f211ea03e59Hasi da denboraldia. Hasi da festa!. “Aurre denboraldia” amaituta, lehia betean izan dugu tropela asteburu honetan Belgikako errepideetan. Larunbatean ospatu zen Omloop Het Nieuwsblad klasikoan, garai bateko Het Volk, Sky taldeko Ian Stannard-ek eman zuen sorpresa. Ustekabea ez zen izan irabazteko maila ez duelako edo faboritoen artean ez zegoelako, lasterketa nola zihoan ikusita eduki zuen ustekabeko amaieragatik baizik. Laukote bat iritsi zen ihesean, 3 Etixx-Quick Step eta Sky bakarra, eta barkaezina da azken 35 km horrela joanda garaipena Sky taldeak lortzea. Bikain Stannard, iazko garaipena errepikatuz, baina lotsagarri geratu zen Patrick Lefevere eta bere taldea, bere 3 txirrindulari indartsuenek kale egin zutela ikusita: Niki Terpstra, Tom Boonen eta Stijn Vandenbergh (ordena horretan). Continue reading “Hasi da udaberria”

Nolako zura, halako ezpala

Duela hilabete pasatxo idatzi nuen post-eko titularra begiratu behar izan dut ez errepikatzeko: “Belaunaldi aldaketa ziklokrosean” izenburua erabili nuen orduan eta atzo Tabor-en (Txekiar Errepublika) ospatu zen elite mailako Munduko Ziklokros Txapelketa ikusi duen edonork horixe bera baiezta dezake.

Atzoko lasterketan Mathieu van der Poel holandarra izan genuen jaun eta jabe. San Sebastian bezperan 20 urte bete zituen gazte honek ikaragarrizko erakustaldia eman zuen. Hasieratik bukaeraraino lasterketaren lehen postuari eutsi dio eta bere aita Adriek duela 19 urte lortutako balentria berdindu du: elite mailako munduko txapeldun bihurtzea. Konfiantzaz gainezka iritsi da Tabor-era. Aurreko igandean, Hoogerheiden Munduko Kopako azken froga poltsikoratu zuen nagusitasunez, eta hori errepikatzeko asmoz irten da. Konfiantza eta garaipen gose horren erakusgarri da nola aurre egiten zien zirkuituko oztopo artifizialei. Bideoko 15:37 minutuan ikus daiteke lehen itzulian bertan nola salto egiten dituen. Indartsu, konfiantzaz, nahiz eta ia lurrera joan. Beste edonor kokildu egingo zen eta ez zen gehiago saiatuko. Mathieu baina, ondorengo itzulietan ere ausart saiatu da oztopoa saltatzen. Ia erortzear ere egon da beste behin, baina burugogor jarraitu du. Soilik azken itzulietan, aldea mantentzea helburu bakarra zuenean jokatu du lasaiago, bizikletatik jeitsiz oztopoa gainditzeko eta arriskua ekiditeko. Continue reading “Nolako zura, halako ezpala”