#124 Tropela.eus podcastak: 2016ko Frantziako Tourreko errepasoak – 12. etapa

Egoitzek (@elizaso) 12. etapa polemikoaren laburpen kritikoa egiten du mini podcast honetan. De Gendt (LTS) nagusitu da gaurkoan Mont Ventouxen amaitu behar zuen etapan. Gertakariak gertakari, azkenean Froomek (SKY) Tourreko lider izaten jarraitzen du.

Edward Theuns: Topsport Vlaanderenen azken harribitxia

theuns (sirotti, cyclingnews)Udaberria hurbiltzearekin batera txirrindularitza denboraldiko garai garrantzitsuenetariko baten atarian gara jada. Orain arte hainbat txirrindulari nabarmendu dira urte hasierako lasterketetan eta gaur euskal zalegoarentzako agian oso ezaguna ez den horietako bat aurkeztera nator. Edward Theuns (Gent, 91’) Topsport Vlaanderen talde flandiarreko kide da eta otsailean gehien nabarmendu den txirrindularietako bat dugu. Europe Tourreko lider izan ostean 2. postuan da orain emaitza on mordoa pilatu eta gero. Bigarren urtea du flandriarrak profesional mailan eta iaz bere lehen garaipena lortu ostean hura kasualitatea izan ez zela erakusten ari du.

Continue reading “Edward Theuns: Topsport Vlaanderenen azken harribitxia”

Nolako zura, halako ezpala

Duela hilabete pasatxo idatzi nuen post-eko titularra begiratu behar izan dut ez errepikatzeko: “Belaunaldi aldaketa ziklokrosean” izenburua erabili nuen orduan eta atzo Tabor-en (Txekiar Errepublika) ospatu zen elite mailako Munduko Ziklokros Txapelketa ikusi duen edonork horixe bera baiezta dezake.

Atzoko lasterketan Mathieu van der Poel holandarra izan genuen jaun eta jabe. San Sebastian bezperan 20 urte bete zituen gazte honek ikaragarrizko erakustaldia eman zuen. Hasieratik bukaeraraino lasterketaren lehen postuari eutsi dio eta bere aita Adriek duela 19 urte lortutako balentria berdindu du: elite mailako munduko txapeldun bihurtzea. Konfiantzaz gainezka iritsi da Tabor-era. Aurreko igandean, Hoogerheiden Munduko Kopako azken froga poltsikoratu zuen nagusitasunez, eta hori errepikatzeko asmoz irten da. Konfiantza eta garaipen gose horren erakusgarri da nola aurre egiten zien zirkuituko oztopo artifizialei. Bideoko 15:37 minutuan ikus daiteke lehen itzulian bertan nola salto egiten dituen. Indartsu, konfiantzaz, nahiz eta ia lurrera joan. Beste edonor kokildu egingo zen eta ez zen gehiago saiatuko. Mathieu baina, ondorengo itzulietan ere ausart saiatu da oztopoa saltatzen. Ia erortzear ere egon da beste behin, baina burugogor jarraitu du. Soilik azken itzulietan, aldea mantentzea helburu bakarra zuenean jokatu du lasaiago, bizikletatik jeitsiz oztopoa gainditzeko eta arriskua ekiditeko. Continue reading “Nolako zura, halako ezpala”

Belaunaldi aldaketa ziklokrosean

Larrinaga Izarran, Euskadiko Txapelketaren garaileAmaierara iristen ari da 2014-2015 ziklokros denboraldia eta urteko lehiaketarik garrantzitsuenen bezperan ere bagaude: estatu zein munduko txapelketak. Nazioartean, denboraldia 2 ausentzia esanguratsuekin hasi zen. Alde batetik, Niels Albert falta zen. Bihotzeko arazo bat tarteko, iaz bizikleta zintzilikatu zuen medikuen aginduz. Eta beste aldetik, Zdenek Stybar txekiarra. Errepideko denboraldia erorketa baten ondorioz goiz amaituta, bazirudien iaz baino gehiago ikusiko genuela lokatz artean. Iaz, hiruzpalau lasterketa garrantzitsutan besterik ez genuen ikusi; oso maila altuan, hori bai. Eta aurtengoan, bere herrialdean, Tabor hirian, ortzadar maillota defendatzen ikustea espero genuen. Baina abuztuan Eneco Tourrean bezala, erorketa baten ondorioz lesio nahiko larria izan zuen urrian Herbehereetan, oraingoan ziklokross bat lehiatzen; eta ia ezinezkotzat jo zuten, bai berak, bai bere zuzendari Patrick Lefeverek ere, Taborrerako garaiz osatzea. Lehentasuna udaberriko klasikoetara sasoi betean iristea izanik, sorpresa handia litzateke Tabor-go irteeran ikustea.

Continue reading “Belaunaldi aldaketa ziklokrosean”

Vesuvion Sastreren bigarren erakustaldia

Sastre. 19. etapan garaipenaSastrek merezitako etapa garaipena lortu du. Helburua, ordea, ez zen etapa garaipena beharbada. Pellizottik Blockhauseko etapan berak Monte Petranon lortutako podium postua kendu zion eta berreskuratzea zuen helburu nagusia. Ez da gauza izan behar besteko denbora tartea ateratzeko iazko Tourreko garailea eta etapa garaipenarekin konforme izan behar. Cervélo taldearen hirugarren etapa garaipena horrenbestez.

Gaurko etapa Vesuvioko igoera izango zela bagenekien. 16. kilometroan bi txirrindularik aurrera egin dute tropela atzean utzita, Facci eta Krivtsov. Vesuvion, ordea, protagonismoa sailkapen nagusiko txirrindulariak izan behar zuten aurtengo Italiako Giroa irabazi nahi bazuten. Nagusiena Di Luca bera, gaurko etaparen aurretik hain desiratua duen maillot arrosa 26 segundora baitzuen. Horregatik LPR taldea sendo jarri da bi iheslariak Vesuviorako igoera hasterako harrapatzeko lanean eta lortu ere lortu dute. Hala ere Facciri ezin zaio meriturik kendu aurtengo Giro honetan gaurkoaz gain hiru ihesalditan sartu baita, 7., 15. eta 17. etapetan.

Mugimendu asko izan da 10 kilometroren faltako pankarta pasa bezain laster, Vesuvioren igoeran hasieran. Liquigasek Agnoli bidali du aurrera talde estrategia moduan. Atzetik Tiralongo agertu zaio eta honek aurrera egin du, baina indartsuena Bassok jo du. Aurreko biak erraz harrapatu ditu eta lasterketa buruan jarri da. Faboritoen tropeltxoan mugimenduak ere hasi dira, hauen artean Ochoa, Garzelli, Simoni,… baina benetan eraso garrantzitsuena eman duena Sastre bera izan da. Ohikoa duen bezala, erritmoa aldatu eta erritmo horri eutsiz aurrera egin du. Basso ere erraz asko harrapatu du. Atzean Pauwels Sastreren mesedetan galga lana egiten jarri da denbora tartea atera zezan. Liderra eta Killerra elkarrekin uneoro.

Sastrek eta Bassok igoeraren zati bat elkarrekin egin dute, baina Sastrek italiarra atzean utzi nahi zuen sailkapen nagusian arerio zuzena baitzuen. Egin ere hala egin du. Momentu horretatik aurrera bakarrik egin du Sastrek gelditzen zitzaion bide zatia. Atzean sailkapeneko lehen postuko hiru txirrindularien artean lehia zegoen. Pellizotti ez bazen Di Luca zen erasoa jotzen zuena, baina Menchov eraso guztiak eroso erantzuteko gauza izan da.

Sastrek denbora tartea ateratzen ziola ikusita, Pellizottik beste eraso gogorrago bat jo eta aurrera egin du. Eraso horretan Di Luca eta Menchov atzean uzteko gauza izan da eta Bassorekin bat egin du hau zain baitzuen laguntzeko. Bassok bidean lagundu dio baina azken metroetan denbora tarteak murrizte aldera aurrera jotzea erabaki du. Atzean Di Luca erasoak bata bestearen atzetik jotzen ari zen, baina errusiarrak egoskor ederki eutsi dio. Maglia arrosa eta maglia ciclaminoa elkarrekin aurrerantz joan dira Basso gainditu arte.

Helmugan, beraz, Sastrek garaipen ikusgarria lortu du. Pellizotti 18 segundora bigarren sartu da eta Di Lucak azken metroetako esprintari esker, Menchovi hirugarren postua eta gainsaria kendu dizkio. Hori izan da Killerrak lortu ahal izan duen sari bakarra gaurko etapan.

Sastrek bere ahalegina egin du Monte Petranon besteko borobil atera ez bazaio ere. Podiumetik kanpora geratu da eta ez zait iruditzen igandean Erroman Pellizotti gailentzeko gauza izango denik. Liquigas ere ondo ibili dela deritzot, Pellizottiren hirugarren postua mantentzeko Bassorena sakrifikatzeko erabakia hartu baitu. Segur aski erabakirik zuzenena lasterketaren nondik norakoa ikusita. Di Luca, berriz, bere azken aukerak aprobetxatu beharrean izango da. Ez du ez berak eta ez taldeak saiatu ez direnaren damurik izango, baina errusiarra gehiago da eta azken eguneko erlojupekoan ezbeharren bat geratuko beharko litzaioke Menchovi Di Lucak denbora ateratzeko. Lehen bi postuak 18 segundoren barruan dira, lehia estua dirudi, baina geratzen diren bi etapak kontutan hartuta guztia erabakita dagoela iruditzen zait. Menchov zalantzarik gabe ikaragarri lidergoaren defentsan.