Emozio gutxiko lehia ziklo-krosean

Hilabete baino gehiago da ziklo-kros denboraldia martxan dela eta aurreko urteetako lehia faltan botatzen da. Oraindik luzea da denboraldia baina oraingoz, Mathieu van der Poel holandarrak ez du areriorik izan. Irailean Estatu Batuetan, uda giroan ospatu ziren bi Munduko Kopako probak erraz irabazi zituen eta berdin Koksijdeko (Belgika) zirkuito hondartsu eta mitikoan ere.

Eta denboraldiaren lehen zati hau borobiltzeko, pasa den igandeko Europako txapelketan, Tabor, Txekian, erraz nagusitu zen. Tartean beste hainbat proba ere poltsikoratu ditu, eta batzuetan zerbait estuago ere hartu dute Poulidorren biloba, Koppenbergcross-en adibidez, Flandriako Itzuliko muino ezagunaren inguruan egiten den lasterketan.

Continue reading “Emozio gutxiko lehia ziklo-krosean”

Itzulia efektua. Nazioartean Basque Country markaren gain duen eragina

Eusko Jaurlaritza buru-belarri dabil Basque Country marka bultzatzen. Nazioartean oihartzuna izatea da helburua, batik bat turismoari begira baina baita gure herrialdea industrializatua, aurreratua eta inbertsioetarako egokia bezala salduz.

Euskal Herria hainbat kontuk egiten dute ezaguna nazioartean eta hortaz gain, inbertsio handiak egiten ari dira hainbat kanpainetan. Baina zerk uste duzue eragiten duela nazioartean interes gehien: Game of Thrones hemen grabatu izanak? Athletic edo Guggenheim efektuak? Gure sukaldari izarrek? Sanferminek? Gure agintariek atzerrira egiten dituzten txangoek? Donostiako Zinemaldiak? Iberdrolaren emaitza ikusgarriek? Continue reading “Itzulia efektua. Nazioartean Basque Country markaren gain duen eragina”

4 urtetako lanaren fruituak

Tropela Elkartea duela 4 urte hasi zen Euskal Herriko Itzuliaren webgunea garatu eta sare sozialak kudeatzen. Kudeaketa honen ezaugarrietako bat Itzulia marka edo izenaren zentralitatea izan da.

Horren arrazoia ez da bakarra izan. Alde batetik, ukaezina da Tropelak euskara bultzatzeko eginiko apustua, baina bestetik, ez da ahaztu behar txirrindularitza lasterketen artean lehia gogorra dagoen honetan, guztiak ari direla nazioarteko jarraitzaileen arreta piztu nahian. Horretarako estrategia bat ari da nagusitzen. Proba hori egutegian “bakarra” dela azpimarratzea, ez dagoela horrelako besterik. Horretarako ibilbideen berezitasunak, zaleenak, lasterketen historia eta aintzinekotasuna etab. azpimarratzen dira, baina baita izen propio bat erabili ere. Nolabait esateko, lasterketa guztiek saldu nahi dute identitate edo nortasun propioa dutela, batik bat historia luzea edo ezaugarri oso bereziak dituztenek. Continue reading “4 urtetako lanaren fruituak”

Guda ireki eta zikina Bielesen

Amaitzear da 2016-2017 ziklokros denboraldia. Iritsi da urteko azken zita garrantzitsua eta asteburu honetan jakingo dugu nor diren munduko txapeldunak. Aurtengoan Luxenburgoko Bieles herrixkan ospatuko da munduko txapelketa, eta dirudienez, elurturiko zirkuitu azkar eta tekniko batean. Beheko irudietan ikus daiteke zirkuitua.

Elurrarekin ala elurrik gabe, ikuskizuna eta emozioa ziurtatuak egon ohi dira urtero munduko txapelketetan. Atzo ostiraleko entrenamendu ofizialen ondoren, gaur larunbatez eta bihar igandez izango dugu lehia. Gaur juniorrak eta emakumezkoak, elite zein 23 urtez azpikoak, igandean elite zein 23 urtez azpiko gizonezkoak. Programa osoa eta ordutegiak hemen irakur ditzakezue. Eta zuzenean jarraitzeko, ez ahaztu UCIren Youtube kanalak zuzenean ematen dituela proba guztiak.

Continue reading “Guda ireki eta zikina Bielesen”

Oraindik ere gizonezkoen kirola

JOHANSSON-BIRA-TXAPELAMarka da, baina asko hitzegin da Emakumeen Biraz lasterketa hasi aurretik ere. Kartela ustez sexista zela eta kritikak egon ziren, eztabaida eta zalaparta. Barkatuko didate irudi hori sexistatzat jo zutenek, baina txikikeria galanta iruditu zitzaidan, eta kartelen sinbolismoa ukatu gabe, gustatuko litzaidake zorroztasun hori beste eremu batzuetara eramango balute, baita txirrindularitzan bertan ere.

Duela pare bat urte gizonezkoen Euskal Herriko Itzulia nola, aurtengoan emakumezkoen Emakumeen Bira egon da arriskuan. Antolatzaileak ez zeuden World Tourretik kanpo geratzeko prest, maila gorenean ez bazen ez zuten lasterketa aurrera ateratzeko asmorik, eta UCIk horretarako eskaturiko gutxieneko baldintzak bete ezinik zebiltzan. Telebista estaldura bermatu behar zuten eta hortarako dirurik ez. Azkenean baina, lortu zuten ETBren babesa Eusko Jaurlaritzari esker eta lasterketa aurrera atera da.

Denak pozik? Lasterketa ederra joan da eta etorkizuna bermatzeko legez besteko proposamen bat ere lortu zen Gasteizko Legebiltzarrean. Izan ere, emakumezkoen kirolerako limosna bat lortzeko ere borrokatu egin behar da. Bitartean, ez da dudan jartzen gizonezkoen kirola babestea. Ez da dudan jartzen ere erakunde publikoek kirol profesionala babestea.

Baina diru publikoaren zenbatekoa, kasu hontan Euskal Herriko Itzuliari ematen zaiona vs Emakumeen Birari ematen zaiona konparatu duenik ere izan da. Lur Etxeberria EH Bilduko legebiltzarkidea ibili da gaia mugitzen eta berak eman dizkigu zenbait datu bere twitterrean:

– Gizonen Itzuliari EITBk 628.000 euro (emisio-eskubideetan eta produkzio-gastuetan). Emakumeen Biraren jarraipena egiteko 50.000 euro.

– Kultura sailak (kirol zuzendaritzak): 190.000 euro gizonen Itzulia antolatzeko. 14.000 Emakumeen Bira antolatzeko

Eskertzen da gardentasuna. Ulertzen da Danele Sarriugartek goikoei “datu histeriko” deitzea eta sareko feminista guztiak asaldatu eta bapatean txirrindularitzarekiko interesa agertu izana. Baina azterketa serio bat egin edo arrazoizko konparaketa bat egiteko hain alferrak edo akritikoak gara, datu hauek beren artean konparagarriak izan daitezen edo ulertzen saiatzeko esfortzu txikiena ere ez dugula egiten. Ezin baita hain arinki esan bata bestea baino 10 aldiz gehiago laguntzen dela edo horrelakorik.

Adibidez, telebista produkzioa zenbat kosta den badakigu, baina ez irudia beste telebistei saltzeagatik zenbat jaso duen ETBk. Hau da, gustatu ala ez, Itzulia erakargarriagoa da beste telebistek seinalea eros dezaten. Aprobetxatzen du hori gure telebista publikoak? Egiten duen inbertsioaren zein % berreskuratzen du?

Edo zuzenean antolatzaileei ordaintzen zaizkienen inguruan, lasterketa bakoitzak ze kostu dituen jakitea interesgarria litzateke, hau da zenbat ordaintzen dien talde, laguntzaile edo zerbitzuen hornitzaileei. Kasu honetan, ez hainbeste diru kopurua absolutoa. Tontoenak ere badaki gehien kostatzen denak gehien jasotzen duela orain, baina gehien behar duenak? Eta zertarako erabiltzen du? Adibidez, nola zaintzen du genero ikuspegia bere lasterketetan? Ezin diezaioke exijitu Eusko Jaurlaritzak Itzuliaren antolatzaileei musutxoak banatzea beste helbururik ez duten emakumezkoak podiumetik kendu ditzan? Jon Tornerrek horretaz idatzi zuen atzo Argian. Aurrekari bikaina ezarriko lukete mundu mailan, anakronismo batekin amaituko zen eta neskatxa horien soldatak ere aurreztuko lituzkete. Baina egia esan, ez dut esperantzarik Hizkuntza sailburuordetzatik dirutza jasotzen zuten bitartean euskaraz webgunea jartzeko gai ez zirenetaz, orduan ere kontrapartida hori ez zitzaiolako eskatzen gobernutik…Erakunde publikoen funtzioak ez luke dirua ematea soilik izan behar. Praktika eta antolakuntza eredugarriak bultzatzea baizik, eta hor apenas egin da ezer. Diruarekin dena konponduko balitz bezala.

Ez dezala inork, halere, bi frogetara bideratzen den diru publikoa berdintzearen kontrako aldarririk ulertu aurreko lerroetan. Edo bai, zergatik behar dute ekarpenek berdinak? Agian emakumeen kirola hain profesionalizatua ez dagoenez gehiago mereziko luke. Baina genero ikuspuntuaz gain, beste ikuspuntu batzuk ere kontutan hartzea guztiz beharrezkoa da.

Eta lasterketak alderatu ditugunez, zergatik ez hitzegin taldeez? Euskaltel-Euskadiren desagertzearen ondorioz hainbeste negar egin den honetan, zenbat negar egin da goi mailako emakumezko euskal talde profesional bat ez dugulako izan haren pare? Agian, beste proiektu profesional berriren bat ateratzen bada noizbait, erakunde publikoek emakumezkoen taldea ere martxan jartzea baldintza ezinbestekotzat jo beharko lukete. Gogora dezagun Euskadi Fundazioa elitean egon den 2 hamarkadetan aberria eraiki agian bai, baina berdintasuna eraikitzen hutsaren hurrengo ekarpena egin zuela.