Iritsi da ziklo-kros denboraldiaren urteko gailurra. Asteburu honetan, Herbehereetako Valkenburg herrian lehiatuko dira munduko onenak ortzadar maillotaren bila. Ezaguna egingo zaizue seguraski Limburg eskualdean dagoen herri honen izena. Bertan lehiatzen da Amstel Gold Race, bertan antolatu zuten errepideko Munduko Txapelketa 2012an (Philippe Gilbert izan genuen munduko txapeldun) eta Cauberg muinoagatik ezaguna den paraje hauetako belardietan ospatuko da aurtengoan ziklo-kros mundiala ere.
Eta aurtengoan izen bat guztien gainetik, Mathieu van der Poel. Denboraldi ikaragarria egin du, errekorrak lehertuz eta bera da hautagai nagusia. 7 Munduko Kopako proba poltsikoratu ditu, Europako eta Herbehereetako txapelketak eta guztira 26 lasterketa irabazita daramatza aurtengo denboraldian. Bai, ongi irakurri duzue, 26 lasterketa irailean lehiatzen eta irabazten hasi zenetik. Aurre egin diezaiokeen bakarra azken bi urtetako munduko txapeldun Wout van Aert belgikarra da, azken Munduko Kopako frogan erakutsi zuenez hain urruti ere ez baitabil. Baina kosta behar zaio oraindik 23 urte bete berriak dituen van der Poel gazteari aurrea hartzen.
Emakumezkoetan, aldiz, askoz lehia irekiagoa ikusiko dugu. Faborito nagusia, baina Sanne Cant dugu, Munduko Kopako garailea eta iaz Bielesen lortutako garaipenaren ondoren denboraldi osoan ortzadar maillota luzitu duen belgikarra.
Euskaldunei dagokienez, lau izango ditugu irteeran. Elite gizonezkoetan Aitor Hernandez eta Javier Ruiz de Larrinaga. Emakumezko eliteen artean Olatz Odriozola eta 23 urtez azpikoetan Luisa Ibarrola. Beraien inguruko erreportaia polita utzi digute gaur Berrian, ez gara luzatuko beraz.
Honakoa da asteburuko programa:
Larunbata
11:00 Junior gizonezkoak
13:00 23 urtez azpiko emakumezkoak
15:00 Elite emakumezkoak
Igandea
11:00 23 urtez azpiko gizonezkoak
15:00 Elite gizonezkoak
Astelehenean proposamen orokor batzuk egin genituen euskal administrazioei begira. Baina erabat okerra iruditzen zait lupa haiengan bakarrik jartzea. Are gehiago, euskal txirrindularitzan, onerako edo txarrerako, gertatu(ko) denaren ardura nagusia kirol horretan lanean diharduten eragileena da. Hausnarketa hauetan txirrindularitza profesionalaz dihardugunez, haiei zuzenduko nizkieke proposamen hauek. Esan beharrik ez, aurreko postak irakurri badituzue, begi-bistakoa dela Euskadi-Murias edo berriro profesionalizatzeko bidean den Euskadi Fundazioa ditudala batik bat buruan, baina hauetariko gomendio gehienak edozein talde profesionalei edo profesional bihurtzeko asmoa dutenei baliagarriak izan dakizkie.
Luze jardun gara euskal zale eta baita kirol agintarien artean sumatzen dudan ideia falta eta pentsamendu bakarraz. Eta Euskaltel-Euskadiren nostalgiaz. Baina jarri gaitezen aurrera begira. Ondorengo lerroetan proposamen batzuk egiten saiatuko naiz, txirrindularitza profesionalak jorratu ahal litzakeen hainbat lan ildoz eta baita administrazio publikoek finantzatu ahal lituzketen zenbait arloz, elkarrekin epe ertainera euskal txirrindularitza bere osotasunean, baita profesionala ere, indartu ahal lezaketenak.
Proiektu bateratua amestea zilegi da. Baina eraginkortasunaren aldetik, eta euskal txirrindularitzaren oraingo egoerari zein azken pare bat hamarkadetako hainbat esperientziei begira, proiektu bakar edo bateratu hori agian ez da estrategia zuzenena txirrindularitzaren garapenari dagokionez. Adibide batzuekin azaltzen saiatuko naiz, txirrindularitzan ere, 1+1 askotan ez direlako 2ra ere iristen, batik bat gure herrian.
Atzo, Andoni Urbistondo kazetariak zale askok buruan dituen hainbat galdera jarri zituen paperean