Euskadi. Auzolana?

Duela egun batzuk Telegramen dugun Tropela faktorea taldetxoan sortu zen galdera: zergatik Euskal Herriko talde zein lasterketen inguruan beti ditugun diru arazoak, eztabaidak, euren arteko xextra ez hain ezkutuak eta bestelako jarrera kontrajarriak.

Nik sare sozialetan denetatik irakurri dut. Honetan ere teoria konspiranoiko asko, errudunak izen-abizenekin jarriz, pertsona, enpresa zein erakunde. Funtsean baina, arazo desberdinak ikusten ditut nik gaiaren inguruan eta ez dut jende askok bezain argi nor diren errudun edo erantzule nagusiak. Hona hemen eragin handia duten zenbait faktore, ez bakarrak, baina gutxitan aipatzen direnak:

1) Alde batetik, babesletzak askotan profesionaltasun gabe kudeatu izan dira hemen. Txirrindularitzan behintzat bai, baina nago beste zenbait arlotan ere horrela dela. Enpresek dirua jarri dute ez errentagarritasun helburu zehatzekin, fabore bat egiteko baizik, ondo geratzeko edo arrazoi emotiboak tarteko, eta ez erabaki arrazionalengatik. Babesletza horietan ez da marketin ildorik lantzen, ezta beraren inpakturik neurtzen beharrezko neurri zuzentzaileak hartzeko. Bihotzaz, intuizioz, datuei garrantzirik eman gabe. Eta garaiotan, zifrak handitzen diren heinean, hori arazo bat da. Batzuetan klientelismo hutsa ere izan da, beste batzuetan harreman publikoen barne koka genezakeen inbertsio neurgaitza. Akaso hemengo kultura enpresariala da, herrialde anglosaxoi edo Europako beste zenbait lekuekin alderatuz desberdina. Bai, han ere badaude Tinkov, Andy Rihs eta halakoak, baina ez dira guztiak. Logika ere badu horrela izatea Euskal Herrian: produktu industrialak garatzen dituzten enpresek gehiago bilatzen dituztelako harreman publikoetarako espazioak sortzea babesletzekin (administrazio publiko zein beste enpresekin harremanak limurtzeko), kontsumitzaileei zuzentzen diren enpresek baino, zeinek azken erabiltzaileari bideraturiko marketin estrategiak gehiago darabiltzaten. Azken hauek, gainera, epe labur edo ertainera askoz ere neurgarriagoak dira.

2) Epe luzera, administrazio publikoek txirrindularitza profesionala lagundu izana ere lasta bihurtu da. Hau da, behin horrelako laguntza emanda askok pentsatzen dute eskubidea dutela Jaurlaritzarengandik laguntza zuzena jasotzekoa, ordain gisara edo (bost axola proiektua bera, lan ona egiten duten ala ez: batek Emakumeen Bira delako, besteak Itzulia, edo besteak Euskadi ala Basque Country). Ez da fiskalizazio egokirik egin administrazioen partetik. Ez dut diruaren erabilera irregularrik eman denik esan nahi, ez baitakit, baina baldintzarik gabe eman izan da dirua sarritan. Tropelan ongi ezagutzen dugun adibide bat erabiliz, Jaurlaritzak adibidez ez dio hizkuntza erabileraren inguruko gutxiengorik eskatzen lasterketa antolatzaileei. Antolatzaileek ere ez dute Jaurlaritzari ere beren inbertsioen eraginaren berririk eman beharrik ere. Lau datu orokor agian bai, baina Jaurlaritzak ere ez die exijitzen taxuzko txostenik lasterketen eraginaren inguruan. Zer ekarri du guzti honek? Beren lana hobetzeko pizgarri falta, amateurismo gaizki ulertua, eta administrazioekiko gehiegizko dependentzia, orain ordaintzen ari garena.

3) Eta azkenik, guk ere badugu gure ardura. Zalego mota bat ere oso kaltegarria izan daiteke. Puristak gara txirrindularitza taldeei dagokionez, ez dugu halakorik buruan beste kirolei dagokionean, Athletic-en salbuespenarekin agian. Hau da, Vaughters batek edo Lefevere batek ez dizkio mugarik jartzen babesle bilaketetan herrialdeari, zer esanik ez fitxaketetan. Hemen denak behar du “euskal”, babesletik hasi eta masajistaraino. Eta nik uste Ineos oso britainiarra dela, Deceuninck oso belgikarra eta EF oso amerikarra. Baina hemen askok herejeak ez dituzte barkatzen. Gogoratu nola Igor Gonzalez Galdeano egindako fitxaketak tarteko, nola gurutziltzatu zen askoz lehenago hartu behar zen erabaki bat aurrera eraman izanagatik. Gauza asko egingo zituen gaizki, baina hobe beharrez ongi harturiko erabaki horregatik da madarikatua. Higuitak Fundazioarentzat edo Barceló, Samitier eta abarrek Muriasentzat ere lan ona egin dute eta apenas egon da kritikarik. Denborak arrazoia eman dio. Behar lukeen bezala, bestalde.

Guzti hori esanda, Eusko Jaurlaritzaren lematik haratago, zergatik auzolana? Zergatik elkarlana? Zergatik elkartu behar zuten Murias eta Fundazioak? Zergatik OCETA lasterketen monopolizatzaile? Erabaki horiek hartzen edo bultzatzen dituenak kirol hau oso gutxi ezagutzen duelakoan nago, eta oso gaizki aholkatuta dagoela.

Bitartean, isil-isilik, eztabaida mediatiko eta negar-eskaeren jokoan erori gabe, Lizarte taldeak eman du pauso bat aurrera. Datorren urtean Kern Pharma enpresak babesturiko kontinental mailako talde bat gehiago izango da errepidean. Hori da berri onena. Jon Odriozola ere baikor entzun dugu Vuelta amaieran taldearen jarraipenari dagokionez. Ea ba Euskadi Fundazioa zein Euskadi-Muriasek ere jarraitzen duten, dela kontinental mailan, dela profesional kontinental mailan, eta egin beza norberak bere bidea.

Gonbidapen garestiak Frantziako Tourrean

Argazkia: letour

Pasa den astean jakin ziren 2019ko Frantziako Tourrerako azken gonbidapen edo wild card-ak. Ez zen sorpresarik izan. Direct Energie eta Arkea-Samsic Frantziako taldeak izan dira aukeratuak. Espero zena, Arkea-Samsic taldearen lekuan Vital Concept ikustea ere posible ikusten genuen arren askok. Ez alferrik, UCI rankingean hobeto kokatua dago Vital Concept (25) Arkea-Samsic baino (28). Baina erabakigarria izan da, dudarik gabe, azken talde honetako bi izarren distira: André Greipel eta Warren Barguil, biak ere protagonista izanak aurreko ediziotan.

Aurretik jakinaraziak zituen ASOk beste bi gonbidapenak. Cofidis eta Wanty taldeenak, UCI rankingean hobetoen kokaturiko bi profesional kontinental taldeak. Gogoratu behar dugu 2020. urtetik aurrera indarrean izango den arautegiaren arabera, aurreko urteko maila horretako 2 talde onenek 3 handietan lehiatzeko aukera izango dutela, eta honenbestez, 2 gonbidapen bakarrik izango dituztela ASO, RCS edo Unipublic-ek beren eskura, nahi bezala banatzeko.

Honenbestez, hainbat taldek Frantziako Tourrean izateko erakutsitako asmoek (tartean Euskadi-Murias taldeak) gero eta urrutiago egon litekeen ametsa dirudite. Datuek diote Frantzian orain bezala 5 talde profesional kontinental dauden bitartean, Tourrean izateko bide bakarra UCIren urteko rankingean lehen bi talde profesional kontinentalen artean geratzea dela. Ez da erraza, baina ez da beste biderik. Hau ez da harreman publikoen kontu bat. Inoiz baino gehiago, matematika kontua da hau.

Hitz egin dezagun bada zenbakiez hurbileko adibide zehatz batzuen laguntzaz. Uneotan Euskadi-Murias 42. postuan dago UCIko taldeen rankingean eta Euskadi Fundazioa 99. postuan, Higuitaren garaipenari esker top100an sartuz. Bigarrenak, inolaz ere ezingo luke gonbidapena jaso dagoen mailagatik, baina norbaitek pentsatzen du ASOk gonbidapen bat luzatuko liokeela top40an ere ez dagoen talde bati? Arkea-Samsic eta Direct Energie ez dira profesional kontinental talde onenak, baina uneotan rankingeko 28. eta 20. postuan daude (hots, pro kontinentalen 10. eta 3. talde onenak). Aipagarria baita, nola Direct Energie (eta aurretik Wanty eta Cofidis), oso pattal dabilen Katusha World Tour taldearen aurretik daudela rankingean. 17 lehenengo postuak, logikoa denez, World Tour taldeei dagozkie.

Argazkia: @inrng

Are gehiago, aurtengo denboraldiaren amaieran 2 profesional kontinental onenak frantziarrak ez balira ere, eta haiek lortuko balute 2020rako Tourrerako sarbide zuzena, 5 talde frantziarrak oso ondo kokatuak daude sailkapenean, denak ere, bostak, lehen aipaturiko Euskadi-Murias edo Caja Rural (33) taldeen aurretik.

Irabaztea beti da zaila. 3 etapa garaipen itzuli batean emaitza bikaina da eta asko poztu gara Euskadi-Muriasek Alentejon lortutakoarekin, baina taldearen helburua Frantziako Tourra bada, ezer gutxirako balio dute, ez bada prestakuntza findu eta konfidantza irabazteko. Aste zoragarri batean, Enrique Sanzek 23 puntu bakarrik pilatu ditu beretzat eta bere taldearentzat Alentejon (2.2), 3 etapa irabazi eta 2 egunetan lider egotearen ondorioz. Bitartean, Wanty taldeak egun berdinetan, eta Dupont-ekin bakarrik, 210 puntu, GP Denain (1.HC) eta Bredene Koksijde Classic-en (1.HC) lorturiko postuekin. Van der Poelek bakarrik ere, 200 puntu igandean bere Corendon-Circus taldearentzat edo Roubaix – Lille Metropole kontinentalak 140 puntu GP Denain-en 2 ziklista top 10-an sartzeagatik. Hau da, dela rankingeko lehen 2 postuetan urtea amaitzeko, dela ASOren aurrean erakargarri azaltzeko (frantziarren aurretik behar lukete horretarako) puntu ehiza beste biderik ez dago.

Norbaitek esan dezake ez direla puntuak bakarrik begiratzen. Adibidez, beste taldeek ez dutela euskal zalegoa bezalakorik atzean (begira Pirinioak!!), edo Tourra laster Bilbora omen datorrenez agian orduan egongo dela euskal talde batentzat aukera (Giroak ere 2018an Israel Cycling Academy gonbidatu zuen irteera han zelako!!). Baina agian, ahazten zaie Israel Cycling Academy uneotan Italiako talde guztien aurretik dagoela UCI rankingean, eta hala ere, bai egin dituen fitxaketak, bai egutegia, UCI rankingeko puntuak pilatzera bideratu dutela. Ez dira bakarrak. Esango nuke 4 talde direla 2 postu horien lehian buru-belarri sartu direnak: Wanty, Cofidis, Direct Energie eta Israel Cycling Academy.

Eta egia esan, harrituta nago bai zaleen aldetik eta esango nuke bai talde askoren aldetik ere zer jarraipen gutxi ematen ari zaion aurten berrikuntza handi honi. 2. mailatik 1.go mailara igotzearen baliokideak diren 2 txartel daude lasterketetan jokoan eta txirrindularitza bere osotasunean erakargarriagoa eta gardenagoa egiten du honek.

Txapeldun handi baten agurra

Asteburu honetan ospatzen dira Danimarkako Bogense hirian Munduko ziklokros txapelketak. Emozioa eta oso lasterketa irekiak espero dira gazte mailatan eta emakumezkoen elite lasterketan. Aste haseran ikus zitekeen elurra joan da zirkuitutik, baina oso barruti azkarra espero da eta edozein akats edo ustekabekok indartsuenaren aukerak zaputz ditzake. Zalantza gutxienak gizonezkoen elite mailan daude. Sorpresa handia bailitzateke denboraldia goitik behera dominatu duen Mathieuvan der Poel nederlandar gazteak ez balu bere bigarren mundukotxapelketa lortuko. Toon Aerts eta Wout van Aert eduki beharko lituzke hurbilen, baina bi belgikarrek ez dute erraza izango. Continue reading “Txapeldun handi baten agurra”

Hegemonia guda lehertu da

Pasa den astean lehertu zen orain arteko isiltasuna. Euskadi-Murias taldeko arduradun bat kexu agertu zen medioen aurrean. Euskadi Fundazioa eta Orbea jarri zituen jomugan, lagundu baino, oztopatu egiten dutelakoan beren jarduna. Arrazoia duen ala ez, ez dakit, ezta esan zituenak zenbateraino diren egiak. Baina hala balitz ere, ez dut ulertzen kexu agertzeko jarrera hori. Continue reading “Hegemonia guda lehertu da”

Van Aert historia egiten 3. ortzadar maillota jarraian irabaziz

Astakeria bat dirudi idatziko dudanak, baina sorpresa bat izan da gaur Wout van Aert belgikarrak irabaztea Munduko ziklo-kros txapelketa. Sorpresa erlatiboa noski, aurreko bi urteetan ere bera izan baizen garailea, baina faborito nagusia Mathieu van der Poel genuen. Ostiralean idazten genuen 26 lasterketa irabazita eta Munduko Kopa eta Europa Txapelketak irabazita aurkezten zela irteerako lerroan 23 urteko gazte nederlandarra. Continue reading “Van Aert historia egiten 3. ortzadar maillota jarraian irabaziz”