Belaunaldi aldaketa ziklokrosean

Larrinaga Izarran, Euskadiko Txapelketaren garaileAmaierara iristen ari da 2014-2015 ziklokros denboraldia eta urteko lehiaketarik garrantzitsuenen bezperan ere bagaude: estatu zein munduko txapelketak. Nazioartean, denboraldia 2 ausentzia esanguratsuekin hasi zen. Alde batetik, Niels Albert falta zen. Bihotzeko arazo bat tarteko, iaz bizikleta zintzilikatu zuen medikuen aginduz. Eta beste aldetik, Zdenek Stybar txekiarra. Errepideko denboraldia erorketa baten ondorioz goiz amaituta, bazirudien iaz baino gehiago ikusiko genuela lokatz artean. Iaz, hiruzpalau lasterketa garrantzitsutan besterik ez genuen ikusi; oso maila altuan, hori bai. Eta aurtengoan, bere herrialdean, Tabor hirian, ortzadar maillota defendatzen ikustea espero genuen. Baina abuztuan Eneco Tourrean bezala, erorketa baten ondorioz lesio nahiko larria izan zuen urrian Herbehereetan, oraingoan ziklokross bat lehiatzen; eta ia ezinezkotzat jo zuten, bai berak, bai bere zuzendari Patrick Lefeverek ere, Taborrerako garaiz osatzea. Lehentasuna udaberriko klasikoetara sasoi betean iristea izanik, sorpresa handia litzateke Tabor-go irteeran ikustea.

Horrela bada, Sven Nys espero genuen guztiok aurten jaun eta jabe. Ohikoa duen moduan oso maila altuan ikusi genuen denboraldi haseran. Bazirudien ez zuela etsairik izango, Pauwels, Meeusen eta enparauek ez baitute normalki erregulartasun handirik erakusten. Baina gauzak zer diren, Sven Nysek ere huts. Ez du bere maila eman eta hainbat aste egon da lehiatu gabe ere bere maila fisiko baxuaren arrazoiak aurkitu eta gorputza berriro lehiatzeko moduan jarri nahian. Alferrik. Aurtengoan ez dirudi Sven handiak beste urteetako kanibala. Belgikarrak alde batera utzita, Lars van der Haar holandarra maila altuan ikusi dugu, baina ez du agian espero zitekeen nagusitasuna agertu Nys, Albert eta Stybarren faltan.

Van der Haar-en salto horren faltan, 2 gaztetxo dira dudarik gabe aurtengo protagonistak: Wout van Aert eta Mathieu van der Poel. Progresioa jarraitzen badute, eta errepideak ez badie tentatzen, beraiek izango dira hurrengo hamarkadan ziklokroseko izar nagusiak. Biak ere 23 urtez azpikoak izanik, oraindik ikusgarriagoa da eliteekin lehiatu diren zenbaitetan erakutsi duten nagusitasuna. Gaur bertan, Loenhout-eko proban lehia ikusgarria izan dugu bi gazte hauen artean, ondo bidean, datozen urteetan hainbatetan errepikatu daitekeena. Atzetik, ezinean, ziklokroseko beterano guztiak.

Munduko Kopan, baina, 23 urtez azpikoek beste lasterketa bat jokatzen dutenez, Kevin Pauwels ari da nagusitzen elite mailan. Erregulartasuna ez da Kevin Pauwels txikiaren dohairik handiena, baina aurten oso sendo eta kalkulagailua eskutan ikusi dugu Munduko Kopa lehiatzen. Bera dugu lider Van der Haar-en aurretik eta sorpresa litzateke garaipena ez lortzea.

Euskaldunei dagokienez, azken urteetako bi izenak ditugu beste behin ere guztion ahotan: Aitor Hernandez eta Javier Ruiz de Larrinaga. Biak ibili dira oso maila altuan, baina hala ere, beraien arteko benetako lehia ez dugu hainbestetan ikusteko aukerarik izan. Arrazoia, haseratik izan dituzten helburu eta planifikazio desberdinak.

Aitor Hernandezek goitik behera dominatu du helburu zuen Espainiako Kopa, lehian zeuden 10 probetatik 9 irabazita. Azkenaldian baina, hortzak erakutsi dizkio Javier Ruiz de Larrinagak eta Puente Viesgon lortu zuen zuiarrak bere garaipen bakarra. Arabarrak, Munduko Kopan eta Belgikako egutegiko beste zenbait probetan jarrita zituen helburuak aurten. Baita bete ere, inoizko mailarik onena ematen ari baita. Munduko Kopako azken 2 lasterketetan, Namur eta Zolderren 23. eta 22. postuak lortu ditu, (garai bateko Igorreko sailkapenak alde batera utzita) inoiz nazioartean lortu dituen emaitza onenak. Azken lasterketaren faltan, 24. postuan dugu Larrinaga Munduko Kopako sailkapen orokorrean eta UCIko rankingean ere goruntz doa: uneotan 41. postuan dago Javier eta 73. postuan Aitor. Hori bai, nazioartean ez bezala, hemen ez da zoritxarrez belaunaldi aldaketarik somatzen.

Baina denboraldia ez da oraindik amaitu. Hilabete luze bat dugu oraindik aurretik eta ikuskizuna ziurtatua: Espainiako Txapelketa urtarrilaren 11an ospatuko da Xixonen eta Aitor Hernandez eta Javier Ruiz de Larrinagaren arteko lehia estua aurrikus dezakegu. Izarran pasa den igandean Euskadiko txapela jantzi ondoren, faborito nagusia dugu Larrinaga, baina ez dugu ahaztu behar aurten buruz buru jardun diren gehienetan ermuarra izan dugula nagusi. Munduko Txapelketak urtarrilaren 31 eta 1an ospatuko dira Taborren eta bertan, eliteen lasterketa baino 23 urtez azpikoena interesgarriagoa dator: Van Aert belgikarraren eta Herbehereetako Van der Poel-en artean.

Argazkia: El Correo