Sir Wiggoren azken guda

Wiggins Paris-Roubaixerako prestEz natzaizue lasterketa azaltzen hasiko. Ez dizuet ez profila, ez ibilbidea esplikatuko. Badakizue Paris-Roubaix zer den. Betikoa. Sekretu gutxi, baina era berean, ezagutza eta esperientzia asko eskatzen dituen klasiko handia. Gustoen arabera doa, baina gehienontzat, Liege-Bastogne-Liege eta Flandriako Itzuliarekin lehian, urteko lasterketa garrantzitsuena.

Aurtengoan baina, Cancellara ez dugu izango irteeran. Ezta Boonen ere, azken hamarkadan Frantzia iparraldeko harbideetan protagonista izan ditugun 2 txirrindulariak. Baina beraien faltan, begi guztiak Bradley Wiggins-en gain eroriko dira. Eta ez Wiggok ezer handirik erakutsi duelako hemen. Baina inor gutxik jarriko du zalantzan ingelesak helburuak hautatzen dituenean, gutxitan huts egiten duela. Begiz jota du Paris-Roubaix, iaz ere oso maila altua erakutsi zuen (9. iritsi zen) eta Sky taldeari eta World Tour mailako zirkuituari proba honetan esango dio agur.

Hemendik aurrera, pistara bideratuko ditu bere entrenamentuak, Rio 2016 begipuntuan jarrita. Horretarako, errepidean ere ibili beharko du, baina prestaketak bere kasara lasai egiteko eta etorkizuneko bere bidetxoa egiten hasteko, bere talde propioa sortzea otu zaio. Kontinental mailakoa izango da eta bera nagusi eta lider izango den taldean, gazteen prestakuntza ere izango du helburu.

Baina aurretik, gaurko guda geratzen zaio. Flandrian oso sendo ikusi genuen Geraint Thomasen alde lanean, beraz ez dago dudarik sasoian iritsiko dela. Thomasek, gainera, bere alde lan egingo duela esana du, nahiz eta azken unerarte bi hauek eta Stannard gordeta izaten saiatuko den Sky. Beste lehiakideen artean Tepstra, aurtengo Poulidor berria, eta Kristoff, doan lekura joanda garaipena lortzen duen norbegiarra aipa genitzake. Ez dira urrun ibiliko ere Van Avermaet, Degenkolb, Boom edo Stybar bera ere. Vanmarcke edo Pozzatorekin ere argi, indartsu iristeaz gain, etxeko pasiloa bezala ezagutzen baitute ibilbidea.

Izen horietatik kanpoko inor podiumean sartzea sorpresa handia litzateke. Euskaldunen artean Markel Irizar onena ez izateak ia ezinezkoa dirudien bezala. Gozatu bada eguna, txirrindularitza zaleon paradisua den Iparraldeko infernua.