Euskaldunen Girorik onena, euskal talderik gabe

Beñat Intxaustik etapa garaipena 2015ko GiroanAzken egun hauetan, Italiako Giroa tarteko, hainbat zale irakurri ditut sare sozialetan Euskaltel-Euskadiren falta gogorarazten. Euskaldunak inoizko Girorik onena egiten eta talde euskaldunik World Tour-ean ez izatea ze nolako galera izan den aipatuz. Ai!! Zer ez ote genuen egingo euskal talde batekin… Badirudi etapa erdiak eta sailkapen orokorra ere eskuratu ahal izango genituela….Eztabaidarako ematen du behintzat.

Eman diezaiogun bada argumentu horri buelta. Nola liteke euskal talderik goi mailan ez dagoen honetan, Giro hau euskal txirrindularien historiako Girorik onena izatea? 2 etapa eta podiuma, Mikel Landak, eta beste etapa bat Beñat Intxaustik. Bata Astana taldean, morrontza lanetan teorian, erdi lider hasieran Beñat Movistar-en, nahiz eta errepideak lidergoa ondoren Amadorri eman.

Mikel Landa nagusi Madonna Di Campiglion2 txirrindulari horiek Euskaltel-Euskadin jardunak ziren, baina Beñatek aukera berrien bila alde egin zuen taldea desagertu aurretik. Mikel Landak ere hala egingo zuen seguraski talde laranja desagertu ez balitz, hanka t’erdi kanpoan zituela esaten baizen taldearen desagerpena konfirmatu aurretik ere. Eta beren kirol bizitzako heldutasuna eta emaitzak ez dira laranjez jantzita lortzen ari.

Guzti honek, hausnarketa batera eraman beharko gintuzke. Alde batetik, Euskaltel-Euskadiren desagerpenaren inguruan egon ziren iritzi katastrofista horien inguruan. Lehen ez zen dena urre kolorekoa, ezta gero dena desertu idor bat ere. Beste alde batetik, lehentasunak harrobia lantzea izan beharko lukeela argi uzten du. Harrobia ondo lantzen bada, mundu mailako talde onenak eskura dituzte euskal txirrindulari gazteek. Exijentzia maila altuagoa izanik, etxean baino emaitza hobeagoak izateko aukerarekin sarri, etxeko goxotasunetik kanpo.

Ez gaitezen bada horrenbeste arduratu epe motzera goi mailako talde bat izateaz, eta landu dezagun harrobia; bidera ditzagun dauden baliabide apurrak (publikoak batik bat) gazte mailatara. Gazte lehiakorrak baditugu, erraz zabalduko dizkigute ateak Sky, Astana, Movistar, Katusha, Orica edo beste edozein taldek ere. Aitapontekoak ere ez zaizkie faltako, denetan ere txirrindulari onenen berri eman dezaketen hainbat euskaldun ere badabiltza eta: zuzendari, prestatzaile, laguntzaile edo bestelako lan batzuetan. Txirrindularien maila, hori da World Tourrera iristeko biderik zuzenena, ez euskal talde bat.