Nolako zura, halako ezpala

Duela hilabete pasatxo idatzi nuen post-eko titularra begiratu behar izan dut ez errepikatzeko: “Belaunaldi aldaketa ziklokrosean” izenburua erabili nuen orduan eta atzo Tabor-en (Txekiar Errepublika) ospatu zen elite mailako Munduko Ziklokros Txapelketa ikusi duen edonork horixe bera baiezta dezake.

Atzoko lasterketan Mathieu van der Poel holandarra izan genuen jaun eta jabe. San Sebastian bezperan 20 urte bete zituen gazte honek ikaragarrizko erakustaldia eman zuen. Hasieratik bukaeraraino lasterketaren lehen postuari eutsi dio eta bere aita Adriek duela 19 urte lortutako balentria berdindu du: elite mailako munduko txapeldun bihurtzea. Konfiantzaz gainezka iritsi da Tabor-era. Aurreko igandean, Hoogerheiden Munduko Kopako azken froga poltsikoratu zuen nagusitasunez, eta hori errepikatzeko asmoz irten da. Konfiantza eta garaipen gose horren erakusgarri da nola aurre egiten zien zirkuituko oztopo artifizialei. Bideoko 15:37 minutuan ikus daiteke lehen itzulian bertan nola salto egiten dituen. Indartsu, konfiantzaz, nahiz eta ia lurrera joan. Beste edonor kokildu egingo zen eta ez zen gehiago saiatuko. Mathieu baina, ondorengo itzulietan ere ausart saiatu da oztopoa saltatzen. Ia erortzear ere egon da beste behin, baina burugogor jarraitu du. Soilik azken itzulietan, aldea mantentzea helburu bakarra zuenean jokatu du lasaiago, bizikletatik jeitsiz oztopoa gainditzeko eta arriskua ekiditeko.

Bigarren postuan, seguraski eguneko indartsuena izan zen Wout van Aert 20 urteko belgikarra kokatu da. Eduki dituen pare bat matxura txikigatik ez balitz, eskura edukiko zuen urrea, azken itzuli zoragarri batean ia minutu bat kendu baitio garaileari berari ere. Gogoratu lehen bi txirrindulari hauek sub 23 mailan lehiatzeko aukerari uko egin ziotela elite mailan aritzeko. Ongi atera zaie jokaldia. Hirugarren postuan, van der Haar nederlandarra geratu da, azken unean eskutatik ihes egin diolarik zilarrak, sprintean bertan kendu baitio van Aert-ek bigarren postua. Honenbestez bada, agur Nys, Pauwels, Vantornout eta azken urteetan hain ezagunak egin zaizkigun beste hainbat izeneei. Gazteen orduan iritsi da.

Euskaldunei dagokienez, aipatzekoa da Javier Ruiz de Larrinagaren 27. postua (inoiz Javik Munduko Txapelketa batean lortu duen posturik onena) eta aurten nazioartean ematen ari den maila polita konfirmatu du. Pena bat izan da lehen itzulian izan duen erorketa, gainontzean aurrerago amaitzeko indarrak baizituen eta top 20tik minutu bat baino gutxiagora amaitu baitu. Aitor Hernandez aldiz, 34. postuan helmugaratu da.

Emakumezkoen elite mailako lasterketari dagokionez ere, belaunaldi aldaketa ematen ari dela esan genezake. Garailea 23 urteko Pauline Ferrand Trevot frantziarra izan da, Sanne Cat belgikarrari sprintean aurrea hartu ondoren. Hirugarrena, denen artean ezagunena eta palmares loratuena duen Marianne Vos nederlandarra izan da. Handia da gainera frantziarrak lortu duena, azkenengo errepideko munduko txapelketan ere berak lortu baizuen garaipena eta horrelako dobleteak, orain arte bere taldekide den Marianne Vos-i bakarrik ikustera ohitua baigeunden.