Apurka-apurka, 2016ko Gabiria Kopa hasi da puntuak banatzen, eta sailkapenetako bat ia erabakita geratu da: emakumezkoena, hain zuzen ere.
Aurten, Durango-Durango klasikoa eta Emakumeen Bira denboraldiaren hasieran jokatu dira, eta lasterketa horietan banatzen dira puntu gehienak gure Koparako. Beraz, nahiz eta oraindik emakumeek lasterketa dezente dituzten aurretik, ziurtzat jo dezakegu Megan Guarnier estatubatuarrak irabazi duela 2016ko Gabiria Kopa, puntu bakarreko aldearekin Emma Johanssonekiko. Gazterik onenaren saria, berriz, Elisa Longo Borghinik eskuratu du. Lehen euskaldunaren saria, aldiz, erabakitzeke dago oraindik, nahiz eta, momentuz, Ane Santesteban errenteriarra doan lehen postuan, oso nabarmen.

Honelaxe dago emakumezkoen Gabiria Kopa, une honetan (Top5):
1.- Megan Guarnier… 548 puntu
2.- Emma Johansson… 547 puntu
3.- Asleigh Moolman… 474 puntu
4.- Carmen Small… 414 puntu
5.- Elisa Longo Borghini… 394 puntu
Iazko Gabiria Kopako podium bera da: desberdintasun bakarra, Guarnierren ordez Niewiadoma izan genuela iaz lehen postuan. Bestelakoan, berdin: Johansson bigarren, Moolman hirugarren aurten ere.
Bestetik, gizonezkoen Gabiria Kopak luze joko du, gure sariketaren lehen herena baino ez baita jokatu oraindik. Bi bloke puntuagarri geratzen zaizkigu aurretik: uztaileko klasikoak (Ordizia, Donostia eta Getxo), eta Euskal Herrian amaituko diren Vueltako bi etapak. Beraz, puntu mordoa dago oraindik jokoan, batez ere Donostiako eta Vueltako bi etapen artean banatuko direnak.
Edonola ere, momentuz hauxe da gizonezkoen Gabiria Koparen sailkapena (Top5):
1.- Sergio Luis Henao… 475 puntu
2.- Alberto Contador… 450
3.- Nairo Quintana… 344
4.- Samuel Sánchez… 333
5.- Rui Costa… 333
Lehen euskalduna Pello Bilbao da momentuz, sailkapeneko 9. postuan, Euskal Herriko Itzuli aparta eginda.
Bitxia bada ere, ez Bira irabazi duen Johanssonek, ez Itzulia irabazi duen Contadorrek, ez dute Gabiria Kopako lehen postua eskuratzerik izan (Contadorren kasuan, “oraingoz” esan beharko dugu). Horren arrazoia arerioen erregulartasuna da: etapei dagokienez, Megan Guarnierrek bost aldiz lortu du Top10a euskal astean (1-1-2-5-9. postuak), eta Johanssonek, aldiz, lau aldiz (1-1-3-5). Gizonezkoetan, antzera: etapetan, Henaok sei Top10 lortu ditu Euskal Herrian (2-2-3-3-5-10, Lizarrako bigarren postua ere kontuan hartuta), eta Contadorrek lau (1-3-5-7).
Euskal Herriko errepideetan jokatzen diren lasterketa profesionaletako txirrindularirik erregularrenak saritzea da gure koparen helburua. Beraz, gaia interesatzen bazaizue, jarrai gaitzazue Twitterren (@gabiriakopa) zein Facebooken (www.facebook.com/gabiriakopa), eta adi egon, laster esango baitugu noiz egingo dugun aurtengo sari-banaketa eta nor izango den omenduko dugun txirrindulari historikoa.
Batzuek gorriz markatzen dute, beste batzuek borobiltzen dute. Nork bere erara nabarmentzen ditu egun garrantzitsuak poltsiko edo hormako egutegian. Bada hiru asteko itzulietan iaioak diren txirrindulari askok hori bera egin dute 2016ko abuztuaren 6arekin -biharamunean emakumezkoen txanda izango da-. Egun horretan jokatuko baita Brasilgo Olinpiar Jokoetako gizonezkoen errepideko lasterketa, Rio de Janeiron, cariocarren lurraldean. Ez da harritzekoa, izan ere, ibilbide gogorra prestatu dute. Duela lau urte, Vinokourovek Londresen urrezko domina kolkoratu zuenekoan ez bezala, Brasilen ibilbide aldapatsuari aurre egin beharko diote parte hartzaileek. Aurreneko zatian, aldapa motzak, eta bigarrenean luzeak eta gogorrak. Guztira, gainera, 253 kilometroko bide luzea, kasik amaigabea. Tourreko mendiko etapa bateko profila dirudi, alajaina.
Hastear da. Gero eta gutxiago falta urteko azken itzuli handirako. Eta ohikoa izaten den bezala, txirrindulari askorentzat Espainiako Vuelta iraileko azterketatzat bezala hartzen dute, batzuei eskolan edo unibertsitatean gertatzen zitzaigun bezala.
Ezertarako balio ez duten gauzen bildumak egitera ohituta, halako batean, duela urte asko, ezertarako balio ez zuen zerrenda bat egitea bururatu zitzaidan: Euskal Herriko errepideetan jokatzen ziren lasterketa guztien artean, urte hartako txirrindularirik onena nor zen frogatuko zidan zerrenda, alegia. Onena, edo, gutxienez, erregularrena nor izan zen, horixe jakin nahi nuen.
Frantziako Tourreko azken etapa mendatetsua. Oso etapa laburra izango da, 110 km besterik ez. Tourreko antolatzaileek, horrelako etapei gustua hartzen ari direla dirudi. Lehenengoz 2011. urtean jarri zuten horrelako ezaugarrietako etapa bat, Alpe d’Huez mitikoan amaitu zen etapa motz baina oso bizia. Etapa hartan sekulako ikuskizuna eskaini zuten txirrindulariek, azken edizioetako etapa izugarrienetariko bat eskainiz. Ordutik aurrera Frantziako Tourrak horrelako ezaugarrietako etaparen bat jartzen du ibilbidean.