Ikusgarritasuna merezi du emakumeen txirrindularitzak. Ez da aldarrikapen bat, errealitatea baizik. Tropela webguneak emakumeen egutegiko hainbat proba sartzea erabaki zuen, eta urtetik urtera gehiago dira. Horri esker, geroz eta ezagunagoak zaizkigu hemengo zein kanpoko txirrindulariak.
Joane Somarribak eta Leire Olaberriak ikusgarritasuna eman zioten, eta gaur egun, badira beste hainbat aipamena baino gehiago merezi dutenak. Ane Santesteban gipuzkoarra hedabideetan ikustera ohitu garen bitartean –albiste on eta ez hain onekin–, harrobi polita dugu gurean.
Eider Merino (Lointek) gazte bizkaitarra da belaunaldi berriaren eredu esanguratsua. Emakumeen Biran maila harrigarria erakutsi zuen Balmasedako txirrindulari txikiak. Errenteriako azken etapan onenekin aritu zen, eta laugarren bukatu zuen etapan, eta sailkapen nagusian. Iragan hurbila, oraina eta etorkizuna izan dugu hizpide berarekin.
Elite mailako zure lehen denboraldia egiten ari zara. Nabaritu duzu aldaketarik pasa den sasoitik?
Emakumeetan ez dago aldaketarik elite eta 23 urte azpiko kategorien artean, lasterketak berdinak direlako. Beraz, ez, ez dut ezer ezberdina nabaritu, bakarrik ez duzula 23 urtez azpiko mailaren saria jasotzen (barreak). Continue reading “Eider Merino: “Nire burua munduko onenekin parez pare ikustea ikaragarria izan zen” (elkarrizketa)”

Normala den bezala, lasterketarik handienetan ondo arituta lortzen da Kopa irabaztea, eta horixe gertatu da: gizonezkoetan, Euskal Herriko Itzuliko bi etapa eta sailkapen nagusia irabazita, eta Donostiako Klasikoan aurrean sailkatuta, Joaquim Rodríguezek aurrea hartu dio Ion Izagirreri, nahiz eta ormaiztegiarra lider ere jarri zen denboratxo batez, Ordiziako podiuma zapaldu ostean. Azken egunera arte, beraz, emozio puntua izan du gizonezkoen Gabiria Kopak.
Ezertarako balio ez duten gauzen bildumak egitera ohituta, halako batean, duela urte asko, ezertarako balio ez zuen zerrenda bat egitea bururatu zitzaidan: Euskal Herriko errepideetan jokatzen ziren lasterketa guztien artean, urte hartako txirrindularirik onena nor zen frogatuko zidan zerrenda, alegia. Onena, edo, gutxienez, erregularrena nor izan zen, horixe jakin nahi nuen.