Ezertarako balio ez duten gauzen bildumak egitera ohituta, halako batean, duela urte asko, ezertarako balio ez zuen zerrenda bat egitea bururatu zitzaidan: Euskal Herriko errepideetan jokatzen ziren lasterketa guztien artean, urte hartako txirrindularirik onena nor zen frogatuko zidan zerrenda, alegia. Onena, edo, gutxienez, erregularrena nor izan zen, horixe jakin nahi nuen.
Puntuazio-sistema bat asmatu, eta halaxe ekin nion lasterketa, etapa, sailkapen nagusi eta mendiko sari guztiak puntuatzen, Lizarratik hasi eta Donostiaraino, tartean pasatuz, besteak beste, gaur egun desagertuta dauden Urkiolatik, Laudiotik eta Euskal Bizikletatik ere. Gugan beude; nik, behintzat, ez ditut sekula ahaztuko.
Esan bezala, urteak eman nituen txorakeria horretan jo eta fuego, harik eta, duela urte pare bat, lagun batek esan zidan arte zerbait egin behar zela sailkapen horrekin, ezin zela barne-kontsumo soilera mugatu; ofizialago bihurtu behar zela, nolabait. Eta gauza jakina da, Euskal Herrian, gauzak ofizial bihurtzeko, bazkari edo afari bat antolatu behar dela. Beraz, horixe pentsatu genuen: sailkapena egiten jarraituko dugu, eta, denboraldi amaieran, oturuntza eder bat prestatuko dugu, sailkapeneko irabazleei deituko diegu sari-banaketarako, eta, baldin badatoz, itzel. Eta ez badatoz, berdin dio, guk sariak banatuko ditugu mahai eder baten inguruan, txirrindularitza-giroan. Topaketa hori non? Gabirian. Noiz? Azaro inguruan, baina hitz egingo dugu horri buruz aurrerago ere. Ez ditzagun gauzak hainbeste aurreratu.
Horrela ofizialdu da Gabiria Kopa, eta Tropelako lagunek blog ezin egokiago hau eskaini didate ideia honen berri emateko. Goazen, beraz, sailkapenak nola dauden begiratzera.
Gizonezkoen kategorian, emozio apur bat geratzen da oraindik: ostiralean Getxoko Zirkuitua jokatuko da, baina, batez ere, larunbatean Donostiako Klasikoa dugu, eta hor puntu mordoa dago jokoan. Eta puntu erabakigarriak izango dira Gabiria Kopa erabakitzeko; izan ere, une honetan, Ion Izagirre dago sailkapenaren buruan, baina 4 puntutxora du “Purito” Rodríguez. Eta goierritarrak ez duenez parte hartuko (dortsalen zerrendan ez dago, behintzat), Puritok aski izango luke aurreneko 30etan sailkatzea edo mendiko saria irabaztea, 2015eko Gabiria Kopa poltsikoratzeko. Edonola ere, Izagirrek Kopa irabaztea lortuko ez balu ere, lehen euskaldunaren saria bermatuta dauka; beraz, saiatuko gara ormaiztegiarra azaroko sari-banaketan egon dadin, beste hainbat txirrindularirekin batera.
Gaur-gaurkoz, honelaxe dago gizonezkoen sailkapena (lehenengo 10ak soilik):
1.- Ion Izagirre 409 puntu
2.- Joaquim Rodríguez 405
3.- Sergio Luis Henao 371
4.- Michal Kwiatkowski 351
5.- Nairo Quintana 289
6.- Simon Yates 288
7.- Ilnur Zakarin 252
8.- Rui Costa 245
9.- Michele Scarponi 237
10.- Samuel Sánchez 209
Aipatutakoez gain, Quintanak eta Yatesek ere badute Gabiria Kopa irabazteko aukera; ez, ordea, Costak eta Samuk, Klasikoan parte hartuko duten arren.
Emakumezkoen sailkapenean, aldiz, gauzak erabakita daude, lasterketa bakarraren faltan (abuztuaren 4an, Iurretan). Rabobank taldean ari den Niewiadoma poloniarrak irabazi du aurtengo Gabiria Kopa:
1.- Katarzyna Niewiadoma 473 puntu
2.- Emma Johansson 447
3.- Ashleigh Moolman 376
4.- Katrin Garfoot 365
5.- Megan Guarnier 354
6.- Annemiek Van Vleuten 324
7.- Anna Van der Breggen 274
8.- Elena Cecchini 261
9.- Amanda Spratt 256
10.- Tetiana Riabchenko 253
Lehen euskaldunaren sariak ere badu jabea, Iurretan edozer gertatuta ere: Eider Merino, 148 punturekin. Balmasedarra ere Gabiriara eramaten saiatuko gara, noski. Baina, lehen esan bezala, ez ditzagun gauzak aurreratu.
Eta azken ohar (edo mesede) bat: norbaitek Gabiriako festa antolatzen lagundu nahi badigu, besoak guztiz zabalik hartuko dugu. Deialdiaren berri ahoz aho zabaltzeko, kartelak jartzeko, jatekoa prestatzeko, mahaiak atontzeko, txirrindulariekin harremanetan jartzeko, sariak prestatzeko… gauza askotarako behar dugu jendea. Animatu zaitezte: gabiriakopa@gmail.com