Guarnier eta Henao, Gabiria Koparen bila

Apurka-apurka, 2016ko Gabiria Kopa hasi da puntuak banatzen, eta sailkapenetako bat ia erabakita geratu da: emakumezkoena, hain zuzen ere.

Aurten, Durango-Durango klasikoa eta Emakumeen Bira denboraldiaren hasieran jokatu dira, eta lasterketa horietan banatzen dira puntu gehienak gure Koparako. Beraz, nahiz eta oraindik emakumeek lasterketa dezente dituzten aurretik, ziurtzat jo dezakegu Megan Guarnier estatubatuarrak irabazi duela 2016ko Gabiria Kopa, puntu bakarreko aldearekin Emma Johanssonekiko. Gazterik onenaren saria, berriz, Elisa Longo Borghinik eskuratu du. Lehen euskaldunaren saria, aldiz, erabakitzeke dago oraindik, nahiz eta, momentuz, Ane Santesteban errenteriarra doan lehen postuan, oso nabarmen.

Guarnier-Johansson-Moolman

Honelaxe dago emakumezkoen Gabiria Kopa, une honetan (Top5):

1.- Megan Guarnier… 548 puntu
2.- Emma Johansson… 547 puntu
3.- Asleigh Moolman… 474 puntu
4.- Carmen Small… 414 puntu
5.- Elisa Longo Borghini… 394 puntu

Iazko Gabiria Kopako podium bera da: desberdintasun bakarra, Guarnierren ordez Niewiadoma izan genuela iaz lehen postuan. Bestelakoan, berdin: Johansson bigarren, Moolman hirugarren aurten ere.

Bestetik, gizonezkoen Gabiria Kopak luze joko du, gure sariketaren lehen herena baino ez baita jokatu oraindik. Bi bloke puntuagarri geratzen zaizkigu aurretik: uztaileko klasikoak (Ordizia, Donostia eta Getxo), eta Euskal Herrian amaituko diren Vueltako bi etapak. Beraz, puntu mordoa dago oraindik jokoan, batez ere Donostiako eta Vueltako bi etapen artean banatuko direnak.

Edonola ere, momentuz hauxe da gizonezkoen Gabiria Koparen sailkapena (Top5):

1.- Sergio Luis Henao… 475 puntu
2.- Alberto Contador… 450
3.- Nairo Quintana… 344
4.- Samuel Sánchez… 333
5.- Rui Costa… 333

Lehen euskalduna Pello Bilbao da momentuz, sailkapeneko 9. postuan, Euskal Herriko Itzuli aparta eginda.

Bitxia bada ere, ez Bira irabazi duen Johanssonek, ez Itzulia irabazi duen Contadorrek, ez dute Gabiria Kopako lehen postua eskuratzerik izan (Contadorren kasuan, “oraingoz” esan beharko dugu). Horren arrazoia arerioen erregulartasuna da: etapei dagokienez, Megan Guarnierrek bost aldiz lortu du Top10a euskal astean (1-1-2-5-9. postuak), eta Johanssonek, aldiz, lau aldiz (1-1-3-5). Gizonezkoetan, antzera: etapetan, Henaok sei Top10 lortu ditu Euskal Herrian (2-2-3-3-5-10, Lizarrako bigarren postua ere kontuan hartuta), eta Contadorrek lau (1-3-5-7).

Euskal Herriko errepideetan jokatzen diren lasterketa profesionaletako txirrindularirik erregularrenak saritzea da gure koparen helburua. Beraz, gaia interesatzen bazaizue, jarrai gaitzazue Twitterren (@gabiriakopa) zein Facebooken (www.facebook.com/gabiriakopa), eta adi egon, laster esango baitugu noiz egingo dugun aurtengo sari-banaketa eta nor izango den omenduko dugun txirrindulari historikoa.