Gorriz azpimarratu dute

riojaneiroBatzuek gorriz markatzen dute, beste batzuek borobiltzen dute. Nork bere erara nabarmentzen ditu egun garrantzitsuak poltsiko edo hormako egutegian. Bada hiru asteko itzulietan iaioak diren txirrindulari askok hori bera egin dute 2016ko abuztuaren 6arekin -biharamunean emakumezkoen txanda izango da-. Egun horretan jokatuko baita Brasilgo Olinpiar Jokoetako gizonezkoen errepideko lasterketa, Rio de Janeiron, cariocarren lurraldean. Ez da harritzekoa, izan ere, ibilbide gogorra prestatu dute. Duela lau urte, Vinokourovek Londresen urrezko domina kolkoratu zuenekoan ez bezala, Brasilen ibilbide aldapatsuari aurre egin beharko diote parte hartzaileek. Aurreneko zatian, aldapa motzak, eta bigarrenean luzeak eta gogorrak. Guztira, gainera, 253 kilometroko bide luzea, kasik amaigabea.  Tourreko mendiko etapa bateko profila dirudi, alajaina.

Lasterketak Lieje-Bastonge-Lieje, Donostiako Klasikoa edota Lonbardiako Giroaren antza izango du. Orain gora, orain behera. Aurtengo udan ibilbidea probatzeko lasterketa egin zuten. Lasterketak ez zuen oihartzun handiegirik izan bi arrazoirengatik: oilar gutxi joan zirelako eta udaran Europan lasterketa garrantzitsuak jokatzen direlako. Ag2R taldeko Vuillermoz nagusitu zen -Olinpiar Jokoetakoa baino laburragoa izan zen proba hura- baina bertaratu ez ziren talde buruek arreta jarri zuten, ibilbidearen nondik norakoez jabetzeko. Contadorrek esana du Brasilgo proban egotea gustatuko litzaiokeela. Purito Rodriguezek beste horrenbeste adierazi berri du Katusha taldearen aurkezpenean. Beste batzuk batuko zaizkie, ziur. Nibali, esate baterako, iaioa da oso klasikoetan -aurten Lonbardiako Giroan erakustaldia eman zuen -eta ibilbidea ezin aproposagoa da berarentzat, izan ere, azken gainetik helmugara 30 bat kilometroko jaitsiera izango dute. Froome, Quintana, Aru… Nekez egingo diote muzin horrelako lasterketa bati.

Azken urteetan Hego Amerikako lasterketak mundu zabalera ireki dira. Bereziki, Argentinako San Luisko Tourra, bertan lehiatu baitira punta-puntako txirrindulariak. 2016an, Argentinan bakarrik ez, Brasilera begira ere jarriko dira ziklistak eta ziklismozaleak. Ikusteke dago UCIk begiz joko duen lasterketa, eta zergatik ez, ondo ateraz gero, klasiko bihurtu datozen denboraldietarako. Ibilbideak ikusgarria dirudi.