Rap batekin hasi zen dena

Errepideko denboraldia hasi berri denean, marka batzuek egin dute posizionamendua. Zenbaki politak lortu dituzte denbora gutxian. Lau dira nabarmendu diren taldeak, lorturiko garaipenei esker: Astana (15), Deuceninck-Quick Step (13), Michelton-Scott (11) eta UAE-Team Emirates (10). Gainerakoak koska bat beherago daude, sasoiko lehendabiziko lasterketetan.

Garaipen zakua ikusita, Euskal Herriko hainbat txirrindulari dituen taldea da zer esana ematen ari dena. Ezizen ugari irabazi dituzte, batez ere, denboraldi berrian. Esaterako, #AstanaMotors eta #Eustana. Eta dena rap batekin hasi zen. Ahaztuko ez dugun bideo hori. Alexander Vinokourov ziklista ohia eta Astanako burua dute MC nagusi.

Ion eta Gorka Izagirrek asmatu dute talde aldaketarekin, eta seguru Euskal Herriko gainerako kideek eskertu dutela. Anai bakoitzak itzuli bana eskuratu du dagoeneko: Ionek Valentziako Volta eta Gorkak Proventzako Tourra. Baina guztira, zazpi itzuli irabazi dituzte zeru-urdin kolorekoek. Kolonbian, Omanen eta Ruandan onenak izan dira, txirrindulari hainbaten biziberritzearekin.

Harbideetako klasikoetan ere muturra sartu nahi izan dute, momentuz, lorpenik gabe. Oraindik egutegi luzea dute aurretik, harbideetan ez bada, muinoetan gailentzeko. Gero gerokoak. Alegia, hiru itzuli handiak.

Tropela.eus atariaren lehia osasungarria ere hastear da Strade Bianche klasikoarekin. Akaso, komeni da Astanako baten bat, gutxienez, aukeratzea.

argazkia: pezcyclingnews.com

Aste batetik hirura bitartekoa

Gaitasunak eta zailtasunak. Galerak eta biziberritzeak. Horrelakoa ere omen da txirrindularitza. Oraindik ez dugu ahaztu Italiako Giroan gertaturikoa. Hiru asteko itzuli batek duen exijentzia maila ezin da astebetekoekin alderatu, logikoa dirudienez.

Simon Yates da desorekaren azken biktima. Thibaut Pinot eta Fabio Aru ere zaku berean sartu ahal diren arren, Ingalaterrako ziklista txikiari eta bere taldeari gertatutakoa da esanguratsuena. Lehen bi asteetako indarraldiak bukaera izan zuen hirugarrenean. Hustu egin zen Yates, aurretik Esteban Chaves taldekideari gertatu antzera. Mikel Nievek orekatu ahal izan zuen galera.

Chris Froome da orekaren borreroa. Israelen lurrera erori, patrikak ustez bete eta ezertarako gai ez zela izango espero zenean erakustaldia eman zuen. Suspertze harrigarria izan zen askorentzat, gaitasunaz harago nolakotasunarekin txundituta. 80 kilometro faltan jotako eraso hark jota utzi zituen tropeleko hainbat kide, ikus-entzule eta zaleak. Continue reading “Aste batetik hirura bitartekoa”

Biziberrituta

Beste bat dirudi Elia Viviani italiarrak. Baina bera ez da aldatu, soilik taldea aldatu du. Skyren maillota erantzi eta Quick Stepena jantzi duenetik biziberrituta dabil Isola della Scala herrian jaiotakoa txirrindularia. Duen abilezia agerian utzi du sasoi hasieran eman dioten konfiantza eskertzeko. Pistan lorturiko emaitza paregabeak errepidean berdintzeko gogorik ez zaio falta. Continue reading “Biziberrituta”

Kigaliko enbaxadorea

Txirrindularitzaren garapenak eta profesionalizazioak gauza on eta ez hain onak ekarri ditu. Ontasunen artean bada bat azpimarratzekoa dena. Munduko txoko desberdinetan lehiatzen diren lasterketa gero eta gehiago ezagutzen ditugu. Horren ondorio da Ruandako itzuliak izandako oihartzuna. Kigaliko aldapatzarrari esker egin da, batez ere, ezaguna. Roubaixeko harbideak Anglirun jarriko balira, Kigaliko hormaren antza izango luke.

Joseph Areruya (Dimension Data for Qhubeka) gaztea izan zen itzuliko irabazlea. Halere, hamaikagarren sailkatu zen Kigaliko aldapan. Beste gazte bat izan lehena helmugan; Valens Ndayisenga, 2016ko sailkapen nagusia eskuratu zuena. Areruyaren lorpena ez zen oharkabean igaro. Izan ere, hilabete batzuk lehenago 23 urtez azpiko Italiako Giroan garaipen historikoa lortu zuen. Continue reading “Kigaliko enbaxadorea”

Kuadrillan azkarrena

Azkarra da, eta langile fina behar denean. Euskal Herriko itzulian izan genuen zale askok Daryl Impey (Mitchelton-Scott) hegoafrikarraren berri. 2012an Gasteizen bukatu zen etapan Allan Davis taldekidearen aurretik sartu zen esprintean helmugara. Egungo talde australiarrarekin lortu zuen lehen garaipena izan zen. Aurretik Barloworld, RadioShack eta MTN Qhubekaren maillotak jantzi zituen.

Continue reading “Kuadrillan azkarrena”