Eider Merino: “Nire burua munduko onenekin parez pare ikustea ikaragarria izan zen” (elkarrizketa)

Ikusgarritasuna merezi du emakumeen txirrindularitzak. Ez da aldarrikapen bat, errealitatea baizik. Tropela webguneak emakumeen egutegiko hainbat proba sartzea erabaki zuen, eta urtetik urtera gehiago dira. Horri esker, geroz eta ezagunagoak zaizkigu hemengo zein kanpoko txirrindulariak.

Joane Somarribak eta Leire Olaberriak ikusgarritasuna eman zioten, eta gaur egun, badira beste hainbat aipamena baino gehiago merezi dutenak. Ane Santesteban gipuzkoarra hedabideetan ikustera ohitu garen bitartean –albiste on eta ez hain onekin–, harrobi polita dugu gurean.

Eider Merino (Lointek) gazte bizkaitarra da belaunaldi berriaren eredu esanguratsua. Emakumeen Biran maila harrigarria erakutsi zuen Balmasedako txirrindulari txikiak. Errenteriako azken etapan onenekin aritu zen, eta laugarren bukatu zuen etapan, eta sailkapen nagusian. Iragan hurbila, oraina eta etorkizuna izan dugu hizpide berarekin.

Elite mailako zure lehen denboraldia egiten ari zara. Nabaritu duzu aldaketarik pasa den sasoitik?

Emakumeetan ez dago aldaketarik elite eta 23 urte azpiko kategorien artean, lasterketak berdinak direlako. Beraz, ez, ez dut ezer ezberdina nabaritu, bakarrik ez duzula 23 urtez azpiko mailaren saria jasotzen (barreak). Continue reading “Eider Merino: “Nire burua munduko onenekin parez pare ikustea ikaragarria izan zen” (elkarrizketa)”

Klasikoak, klasikoan

Valverdek bosgarren aldiz irabazi du Fleche-Wallonne klasikoaJoan den igandean, txirrindularitza zale bat baino gehiago ia maitemindu ginen Amstel Gold Race lasterketarekin. Batez ere, azken 40 kilometroak zirraragarriak izan zirelako. Cauberg aldapa mitikoa ez zen lasterketa amaiera, baina azken kilometroetako profilak, aldapari aldapa, ikuskizun ederra eskaini zigun. Fleche-Wallonen, ordea, ikuskizuna apalagoa izaten da. Huyko hormak ez du ustekabeentzako tartetik uzten. Jungels izan da gaur azken kilometroetan ausartena eta Luxenburgoko ziklista garaiak lehen postuan igaro ditu Huy aurretik jarritako koskak. Marrazoek, baina, ez diote urrutiegi joaten utzi, eta azken kilometroan irentsi dute -erne, dena dela, berarekin igandean Liejera bidean-. Oilarren txanda iritsi da orduan, azken metroetan, eta Valverdek une honetan geldiezina dirudi. Edo geldiezina da, hobe esanda. Aurkariak hankapean hartu ditu gaur. Daniel Martin eta Teuns igo dira podiumera Movistar taldeko txirrindulariaren ezker-eskuin, eta pozik egongo dira ziurrenik… Valverderen aurtengo denboraldiko garaipen zerrenda ikustea eta zorabiatzea, biak bat. Ez hori bakarrik: laugarren aldiz jarraian lortu du Fleche-Wallonnen nagusitzea -eta 2006an ere gailendu zen!-. Continue reading “Klasikoak, klasikoan”