Orainaren argilunak…(Giroaren biharamunean, I)

Triesteko podiumean Nairo Quintana gorenean zela amaitu zen igandean Italiako Giroa. Urteko aurreneko handia, hiru asteko lehen proba, nahiz eta bete-beteko lehiari dagokionez, lasterketa bera dexentez murritzagoa izan den. Val Martello eta Monte Grappako etapak salbu, gazitik gozotik baino gehiago izan du Corsa Rosak.

Nairo Quintana, Giroan garaile

Lehiakortasun falta izan da hain zuzen ere aurtengo ekitaldiaren gabeziarik handiena. Egia da une batzuetan lasterketari emozioa gehitzea izan dela ondorioetako bat, baina azterketa sakonagoa eginez gero, hautagaien zerrenda oso aldakorra izan dela ikus daiteke, eta aldaketok gehientsuenetan okerrerako suertatu dira.

Zerrenda horri so eginda, Belfasteko irteeraz haratago ezarriko nuke nik abiapuntua. Izan ere, urte hasieraren bueltan itxaropentsu izateko arrazoiak zituen ikusleak: iazko Tourreko bigarren postuaren ostean, Quintana zen faborito kiniela gehienetan, baina neurri berean, aurrean izango zituen aurkariek zeresana eman zezaketela zirudien: Joaquim Rodriguez, iazko Vuelta irabaztetik zetorren Chris Horner eta Sky taldearen lidertzan bere zatitxoa aldarrikatzera etor zitekeen Richi Porte bertan izatekoak ziren. Eurekin batera, Rigoberto Uran, Cadel Evans (iazko bigarren eta hirugarrena, hurrenez hurren), eta etxetik abiatuko zen Daniel Martin, besteak beste. Iazko edizioan iragarri zen Nibali eta Wigginsen arteko buruz-burukoa bezain mediatikoa izan ez arren (gerora ezer-ezean geratuko zena dena den), panorama ez zen azken urteotako ilunena.

Belfastera iristerako, ordea, gauzak okertzen hasiak zeuden: Apirilaren hasiera aldera Portek uko egin zion Giroa korritzeari, Tirreno-Adriaticon izandako osasun arazoak eraginda antza. Astebete inguru beranduago, Horner zaharrak lurorotako baten aurka istripua izan eta bizi-arriskutik kanpo izatearekin konformatu behar izan zuen. Girotik at bera ere.

Bi izen garrantzitsu hauei beste bat batu zitzaien zerrenda honetan Giroa hasi eta berehala, etxeko izar Daniel Martin taldekako erlojupekoak lasterketatik kanpo utzi ostean. Kontua ia erabat Purito eta Quintanaren buruz-buruko batera murrizturik geratzen zela pentsatu genuen askok eta askok, baina patuak beste ezusteko desatsegin bat zuen gordeta: Monte Cassinok bere guduaren 70.urteurrenean beste triskantza bat bizi eta, besteak beste, kataluniarra bete-betean harrapatu zuen. Lasterketako zati erabakiorrenera kasik hurbildu gabe, kolonbiarrak, lehenaz gain, bidea ia erabat libre zuen.

hautagaiak
Hurrengo egunek Diego Ulissiren bigarren erakustaldia eta Evansen maglia ekarri zizkiguten. Hala ere, benetan kontu aipagarriak Baroloko erlojupekoak erakutsi zituen. Ordurako joera neurri batean baieztatuz, Movistar-eko eskalatzaileak ez zuen esperotako mailarik eman, eta sailkapenean burutik aldentzen hasia zen. Txanponaren beste aldea Uranek burututako erlojupeko handiak azalerazten zuen. Kolonbiar bat arrosaz jantzirik; espero zena ez, ordea. Eta ia are aipagarriagoa zen beste kontu bat: Quintanak sortzen zituen zalantzei, eta Uranek oraindik lider sendo izan zitekeela erakusteke zuelarik, ordurarte itzalean izandako izenak gehitu zitzaizkion: Majka, Kelderman eta Aru, eta baita Pozzovivo txikia ere. Ia konturatu gabe, eta geratzen zen ibilbidea Quintanaren zuzperraldiaren zain egongo zela zirudien arren, hautagaien zerrenda izenez josi zen berriz ere. Horien artean espero ez ziren gizonak gainera, horrek ezustekoei ireki ziezaiokeen aukerekin. Itxura polita har zezakeen Giroak hurrengo egunetan.

Oropa eta Montecampioneko etapek ordurarte zabaldutako susmo bat elikatu zuten: berdintasuna bai, baina (horrek eraginda ala ez), lehiakortasuna, lasterketa gogortzea, erasoak eta, azken batean, ikuskizuna, espero zitekeenetik aparte xamar ziren. Erdipurdiko Giroa, alegia, azkeneko asteak eman zezakeenetik (bai ibilbidearen gogortasunarengatik zein ordurarteko berdintasunagatik) baino bizi ez zena ordurako. Beno, horretaz, Aruren itxaropenen baieztapenaz eta baita Rollanden ausardiaz. Frantziarra, Hesjedalekin batera agian, uhartea zen itsaso beltzean, zoritxarrez.

Eta halaxe, urtebete zain izan gintuen Gavia eta Stelvioko etapa heldu zen. Soberan dira etapa laburpenak, aski ezaguna baita honezkero etapak ekarritako soka luzea. Kontuak kontu, eta behingoagatik gogoangarritzat har daitekeen etapa baten ostean, Quintanak maglia eskuratu zuen, Val Martellon erakustaldi handia eman ostean. Gainerako aurkari zuzenen jokaerak, indar faltagatik baino lidertza faltagatik izan zena zirudienak, jazarpen ikusgarri baten ordez ikuskizun eskas xamarra erakutsi zuen atzeko multzoari dagokionez. Uranek maglia preziatuaren defentsari zor zaion borroka ikusi gabe utzi gintuen.

Hortxe amaitu zen Giroa. Hor, Stelvioko jaitsieran eta Val Martelloko igoeran, hautagaien zerrendak berriz ere garbitua jasan zuen. Oraingo honetan behin-betikoa, ordea. Quintanak berak irabazi zuen Monte Grappako krono-igoeraz gain bi etapa erabakior geratzen ziren, baina ez Rifugio Panarotta gogorrean ez eta Zoncolan beldurgarrian (beldurgarriegia, akaso) ere, ez zen aparteko ikuskizunik izan. Esperotako irabazlea, horrenbestez, ikuskizun handiagoa suposatzen zitzaion lasterketarentzat.

Argazkiak: AFP / Tim de Waele