Gaitasunak eta zailtasunak. Galerak eta biziberritzeak. Horrelakoa ere omen da txirrindularitza. Oraindik ez dugu ahaztu Italiako Giroan gertaturikoa. Hiru asteko itzuli batek duen exijentzia maila ezin da astebetekoekin alderatu, logikoa dirudienez.

Simon Yates da desorekaren azken biktima. Thibaut Pinot eta Fabio Aru ere zaku berean sartu ahal diren arren, Ingalaterrako ziklista txikiari eta bere taldeari gertatutakoa da esanguratsuena. Lehen bi asteetako indarraldiak bukaera izan zuen hirugarrenean. Hustu egin zen Yates, aurretik Esteban Chaves taldekideari gertatu antzera. Mikel Nievek orekatu ahal izan zuen galera.

Chris Froome da orekaren borreroa. Israelen lurrera erori, patrikak ustez bete eta ezertarako gai ez zela izango espero zenean erakustaldia eman zuen. Suspertze harrigarria izan zen askorentzat, gaitasunaz harago nolakotasunarekin txundituta. 80 kilometro faltan jotako eraso hark jota utzi zituen tropeleko hainbat kide, ikus-entzule eta zaleak.

Txanponaren bi aldeak izan ziren Giroan. Biak ala biak Ingalaterrakoak eta talentu faltarik ez dutenak. Baina batek kale egin zuen, eta besteak bale. Nola uler daiteke orduan bietako batek izatea gaitasuna hiru asteko itzuli bat irabazteko, eta besteak ez? Erregulartasuna eta esperientzia izan daitezke gakoak, atzetik duten taldearen garrantzia baztertu gabe.

Hausnarketa norabide askotan egin daiteke. Kasu honetan, txirrindularien nahi, amets eta asmoei erreparatu behar zaie. Asko dira astebeteko itzulietan goia jo eta itzuli handietara begira jartzen direnak. Baina egokia al da hori? Ziklistak dira soilik tematzen direnak, edo taldeek kokatzen dituzte amildegi horren ertzean?

Frantziako Tourra hastera doa, denboraldiko bigarren itzuli handia, eta Giroan gertaturikoa presente izango dute hainbatek. Pentsa, Italian ezinean eta gaixo bukatu zutenek ez dute Frantzian lehiatzeko aukerarik izango. Ordea, badira beste batzuk prest daudenak hiru astekora jauzia emateko –Primoz Roglic esloveniarra– edo gutxienez emaitzarik onena lortzeko itzuli handi batean –Jakob Fuglsang, Adam Yates eta nola ez Richie Porte–.

Froome estralurtarrari eta bere talde zerutiarrari aurre egiten ahaleginduko direnak ere ezin dira ahaztu: Nairo Quintana, Mikel Landa, Rigoberto Uran, Ilnur Zakarin eta Daniel Martin.

Larunbatetik aurrera azaleratuko dira gaitasunak eta zailtasunak. Baina baita ere, galerak eta biziberritzeak. Hiru asteak banan-banan zenbatu beharko dira.

Argazkia: The Times