Mendate asko, eta hasieratik

Aurreko urteetako joerari eutsi dio Espainiako Vueltako antolakuntzak ibilbidea osatzeko orduan. Etapa menditsuak dira nagusi eta erlojupeko bakarra egongo da, 39 kilometrokoa. Vuelta irabazi ahal izateko, ezinbestekoa izango da maldan gora ondo moldatzea. Ez hori bakarrik: sasoi betean ekin beharko zaio itzuliari, konturatu orduko aldapan gora bukatutako etapekin tupust egingo duelako tropelak.

Vuelta Euskal Herrira dator aurten ere. Hain justu ere, Iruñean hasiko da larunbatean, taldekako erlojupeko bitxiarekin, entzierroaren ibilbidean eragingo dietelako pedalei txirrindulariek (16 kilometro guztira). Lehenengo etapa Vianan bukatuko da eta litekeena da esprintean erabakitzea, baina bigarren etapan plater txikia jarri beharko dute ziklistek, azken kilometroetan behintzat, Arrateko santutegira iritsiko baitira. Eta biharamunean, Euskal Herria utzi eta Valdezcarayn, Errioxako mendaterik ezagunenetakoan, borroka egongo da oilarren artean.

Arratek eta Valdezcarayk erakutsiko digute nork nahi -edo ahal- duen itzulia lehiatu eta nork ez. Gogoan izan joan den urtean lehen etapek agerian utzi zutela Igor Anton ez zegoela ondo. Ikusi beharko da nola igarotzen dituen faborito nagusiak, Contadorrek,  lehen azterketa horiek, hilabete asko eman dituelako lehiatu gabe -Eneco Tourren itzuli berri da lehiara igotzaile espainiarra zigortuta egon eta gero-.

Ibilbideari bere osotasunean bistadizoa botaz gero, esan daiteke Vuelta 14., 15. eta 16. etapetan erabakiko da (irailaren 1ean, larunbata; irailaren 2an, igandea eta irailaren 3an, astelehena) edo behintzat dezente argituko da sailkapen nagusia. Izan ere, hurrenez hurren, Ancares mendatean –erne horrekin joan den urtean igo zutelako eta oso gogorra zirudien-, Covadongako lakuetan eta Pajares eski estazioan bukatuko dira etapak. Azken aurreko egunerako La Bola del Mundo ikusgarria utzi dute, baina azaldu bezala, aurretik ere bada nahikoa maldarik lasterketa ordurako erabakita uzteko.

Esprinterrei eta etapa ehiztariei dagoekienez, hamar bat etapa lehiatu ahal izango dituzte eta erlojuz kontrako espezialistek, bakarra (40 kilometrokoa).