Emaitza denek zekiten

Izan behar zuen eta izan da. Denek zekiten, baina ezin izan dute eragotzi. Esaten da txirrindularitza kirol taktikoa dela, taldeka lehiatzen dela, eta ezin dela edozein modutara jokatu. Indarrak gorde behar direla, poker partida batean kartak ezkutatzen diren bezala. Baina teoria guzti horiek soberan daude Remco Evenepoelentzat. Hirugarrenez gailendu da Donostiako Klasikoan, eta badirudi inork ezingo duela sekula garaitu, hain da bere neurrira egindako lasterketa: itoa, maldatsua, tranpaz betea, indarrak gutxika eta errukirik gabe lapurtzen dizkizuna. Jaizkibelgo labarrak lehenik, Erlaitzeko hormak ondoren, eta Murgileko bi pasadak azkenik, ahalegina agonia bilakatzen denerako. Galde diezaietela Alexandr Vlasovi eta Pello Bilbaori nolako labea izan daitekeen Murgil, baldin eta Evenepoelen gurpila jarraitzen tematzen bazara: suak gutxika erretzen du, baina gora eta gora doa tenperatura, kiskaltzen zaituen arte. Kontuz: Pello Bilbaok eustea lortu zuen, baina zein preziotan! Bulebarreko helmugan ahate errea nola, hala irentsi zuen Belgikarrak Gernikarra.

Euritsu esnatu zen eguna igandean, eta partaidetza oparoa zeukan probak, World Tour mailako saio bati dagokionez: hortxe zeuden Tourretik etorritako zaldiak, denak zainetan, forma-forman: Skjelmose, Powless, Gall, Benoot, Mikel Landa, Martin, Uran, Mollema, Alaphilippe… eta, haiekin batera, denboraldi amaiera prestatzen ari diren beste karrerista handi batzuk ere: Bardet, Ayuso, Healy edota Buitrago. Baina, esan ditzagun gauzak diren bezala, Enenepoel ataka zail batean ipintzeko gai diren ziklista gutxietakoak falta ziren: Roglic, Pogaçar edo Van Aert. Ez zeuden, ezta ere, Yates anaiak, Donostiako Klasiko oso onak egin izan dituzten bi txirrindulari bertutetsuak. Gauzak honela, Evenepoel faborito oso argia zen, hain argia ezen beste guztiek konpartsa lan zikina egiteari men egin behar izan baitzioten. Ez gara esaten ari ziklista kaxkarrak direnik, esaten ari gara, sinpleki, lurtarrak direla.

Ziklismo berri bat ikusten ohitu gaituzte Evenepoelek eta bere garaiko beste ziklista martetar guztiek: lehen nolabaiteko tiki-taka zegoen lasterketetan, orain zuk erasotzen duzu, gero neuk, ondoren beste hark. Fenomeno hauekin, ordea, elkarrizketa bakarrizketa bilakatzen da. Ez dago erreplikarik. Jazzaren garai onenetako solisten pare, saxoa atera eta ez dute beste inor behar ondoan. Charlie Parkerren soloak nola, halakoak dira haien balentriak, eskalan gora eta behera batzuk, maldan gora eta behera beste batzuk. Putz eta putz egiten dute, pedalkada bakoitza mailukada bat da, eta beste denak ikusleen artean urtzen dira, ikuskizunean, zinez, soberan baleude bezala. Denboraldiko 9. garaipena lortu du Enevepoelek Klasikoan, bere karrerako 43.a. 23 urte ditu mutilak. Unibertsitateko adinean dago, baina doktoretza amaitu du dagoeneko, eta master oro txiki uzten du. Munduko txapelketa jokatuko du orain, Espainiako Itzulia ondoren. Prestatu krispetak, ikuskizuna erruz izango da eta.

#560 Tropela.eus podcastak: 2023ko Frantziako Tourra

Bilbo zain da aurtengo Frantziako Tour honi ekiteko! Guk ezin hutsik egin eta hemen duzue gure podcastik onena Tour berezi honetako kinielaz aritzeko.

7 euskal txirrindulari izango dira ondo bidean tropel nagusian: Mikel Landa (TBV), Pello Bilbao (TBV), Alex Aranburu (MOV), Gorka Izagirre (MOV), Jonathan Castroviejo (IGD), Omar Fraile (IGD) eta Ion Izagirre (COF).

Podcast honetan Iban Perez (@piban), Lander Garro (@landergarro) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) bildu dira kinielari errepaso bat emateko. Ea ba gustuko duzuen!

#526 Tropela.eus podcastak: 2021eko Espainiako Vuelta. Errepasoa – 17. etapa

Roglicek (TJV) hirugarren etapa ikusgarria irabazi du

Ikuskizuna espero zen baina ez genuen horrelakorik espero. Bernalek (IGD) urrutitik erasoa jota erantzun dion bakarra Roglic (TJV) bera izan da, azkenean etapa garaipena eta lidergoa berreskuratuta. Eta ez hori bakarrik, Movistarreko bikoari, podiumeko postuetan diren biei, denbora gehiago atereaz. Eikingek (IWG), horrenbestez, agur esan behar izan dio maillot gorriari, agur Mikel Landak (TBV) Vuelta honi eman dion moduan. Murgiarra lehen ihesaldian izan bada ere, ez da gauza izan etapa amaitzeko.

Gaurko etapak emandakoak eta biharkoak etapak eman dezakeenaren inguruko podcasta prestatu digu Egoitz Lizasok (@elizaso).

Podcastera harpidetu

#518 Tropela.eus podcastak: 2021eko Espainiako Vuelta. Errepasoa – 9. etapa

Carusok (TBV) erakustaldia emanda lortu du etapa garaipena

Ihesaldiak bide eginda, erakustaldia eman du Carusok (TBV), aurtengo Giroan podiumean izan den txirrindulari italiarrak. 70kmren faltan ihesaldiko kideei erasoa jo eta helmugaraino, sailkapen nagusiko oilarren erritmoa nahikoa izan gabe, etapa garaipena lortzeko. Gainera mendiko sailkapenean ere lider jarri da. Aipatzeko ihesaldi berean Julen Amezketa (CJR) izan dela. Sailkapen nagusiari dagokionez, Roglic (TJV) eta Mas (MOV) izan dira indartsuenak. Hautagai Nagusiko gainontzekoei dagokionez, Adam Yates (IGD) izan da Ineoseko onena gaurkoa eta Bernalek (IGD) ahuleziak erakutsi ditu. Carapaz (IGD) atzerago sailkatu da, baina guztietan okerren Mikel Landa (TBV) izan da. Murgiakoa portuaren hasieran erritmoa jarraitu ezinik lasterketa irabazteko lehiaz kanpo geratu da.

Gaurko etapak emandakoak eta etzikoak etapak eman dezakeenaren inguruko podcasta prestatu digu Egoitz Lizasok (@elizaso).

Podcastera harpidetu

#473 Tropela.eus podcastak: 2021eko Italiako Giroa errepasoa – 5. etapa

Ewan (LTS) gailendu da Italiako Giroko 5. etaparen esprintean

Berriro ere esprinterrentzako eguna izan da gaurko Italiako Giroko 5. etapa eta ongi kontrolatua izan dute beraien taldeek hala izan zedin. Azkarrena gaurkoan helmugan Ewan (LTS) izan da, bigarren Nizzolo (TQA) izan delarik. Bigarren postu horri esker, erregulartasunaren sailkapenean buruan jarri da italiarra.

Edozein kasutan gaurko notizia Mikel Landaren (TBV) erorikoa eta etxeratzea izan da. Bidard (ACT) eta Dombrowskirekin (EFN) batera izandako erorikoan, hiruak ala hiruak etxerako bidea hartu behar izan dute erdibitzailea adierazten ari zen motozalearen kontra jo ondoren. Ez dira hauek etxerako bidea hartu duten bakarrak, izan ere Sivakov (IGD) berak ere aurrez eroriko bat izan eta, helmugaratu bada ere, bihar ez da irteeran izango.

Hau eta gehiago kontatzen digu Egoitz Lizasok (@elizaso) podcast berri honetan.

Podcastera harpidetu