#379 Tropela.eus podcastak: 2019ko Espainiako Vuelta errepasoa – 17. etapa

Gilbertek (DQT) bigarren etapa garaipena lortu du 2019ko Vueltan

Gaur jokatu da Espainiako Vueltako 17. etapa. Dagoeneko Vuelta azken tartean sartu da atzoko atseden egunaren ondoren. Ibilbidea ikusita bazirudien esprintean amaitzeko moduko etapa izan dela, baina azkenean abanikoak sortu dira eta Vueltako etaparik interesgarrienetako bat ikusteko aukera izan dugu. Bigarren etapa garaipena lortu du Gilbertek (DQT) eta ia lidergoa eskuratzekotan izan da Quintana (MOV). Azkenean kolonbiarrak podiumeko postuetara aurreratzeko aukera izan du eta 2’24” aurkitzen da momentu honetan Roglic (TJV) liderraren atzetik.

Hau eta gehiago kontatzen digu Iban Perezek (@piban) podcast berri honetan.

Podcastera harpidetu

#374 Tropela.eus podcastak: 2019ko Espainiako Vuelta errepasoa – 12. etapa

Gilbertek (DQT) jaso ditu besoak Bilboko helmugan

Euskal Herriko errepideetan jokatu da Espainiako Vueltako 12. etapa. Bilbon izan da amaiera eta 14ko tropeltxoko indartsuena Gilbert (DQT) izan da. Alex Aranburu (CJR) eta Barceló (EUS) saiatu dira belgiarra antzematen baina ez zaie posible izan. Faboritoen artean Lopez (AST) izan da Arraizko igoeran saiatu dena baina helmugan faboritoak elkarrekin izan dira. Roglicek (TJV) jarraitzen du gorriz.

Hau eta biharko etaparen inguruko azterketa egiten du Egoitz Lizasok (@elizaso) podcast honetan.

Podcastera harpidetu

#312 Tropela.eus | errepasoa: 2019ko Euskal Herriko Itzulia eta Paris-Roubaix

Eneko Garate (@egarate) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) bildu dira podcast berri honetan oraingoan atzera begiratu eta gertatutakoa errepasatzeko. Izan ere Euskal Herriko Itzulia Ion Izagirrek (AST) irabazi zuela (eta nola gainera!) ekarri nahi zuten eta baita Paris-Roubaixeko klasikoan gertatutako gauzarik aipagarrienak ere. Ez dizue kinielak egiten lagunduko podcast honek, baina bai patxadaz bi lasterketa hauek errepasatzek.

Asteburu honetan lehiatzen da ziklo-kroseko Munduko Txapelketa

Iritsi da ziklo-kros denboraldiaren urteko gailurra. Asteburu honetan, Herbehereetako Valkenburg herrian lehiatuko dira munduko onenak ortzadar maillotaren bila. Ezaguna egingo zaizue seguraski Limburg eskualdean dagoen herri honen izena. Bertan lehiatzen da Amstel Gold Race, bertan antolatu zuten errepideko Munduko Txapelketa 2012an (Philippe Gilbert izan genuen munduko txapeldun) eta Cauberg muinoagatik ezaguna den paraje hauetako belardietan ospatuko da aurtengoan ziklo-kros mundiala ere.

Eta aurtengoan izen bat guztien gainetik, Mathieu van der Poel. Denboraldi ikaragarria egin du, errekorrak lehertuz eta bera da hautagai nagusia. 7 Munduko Kopako proba poltsikoratu ditu, Europako eta Herbehereetako txapelketak eta guztira 26 lasterketa irabazita daramatza aurtengo denboraldian. Bai, ongi irakurri duzue, 26 lasterketa irailean lehiatzen eta irabazten hasi zenetik. Aurre egin diezaiokeen bakarra azken bi urtetako munduko txapeldun Wout van Aert belgikarra da, azken Munduko Kopako frogan erakutsi zuenez hain urruti ere ez baitabil. Baina kosta behar zaio oraindik 23 urte bete berriak dituen van der Poel gazteari aurrea hartzen.

Emakumezkoetan, aldiz, askoz lehia irekiagoa ikusiko dugu. Faborito nagusia, baina Sanne Cant dugu, Munduko Kopako garailea eta iaz Bielesen lortutako garaipenaren ondoren denboraldi osoan ortzadar maillota luzitu duen belgikarra.

Euskaldunei dagokienez, lau izango ditugu irteeran. Elite gizonezkoetan Aitor Hernandez eta Javier Ruiz de Larrinaga. Emakumezko eliteen artean Olatz Odriozola eta 23 urtez azpikoetan Luisa Ibarrola. Beraien inguruko erreportaia polita utzi digute gaur Berrian, ez gara luzatuko beraz.

Honakoa da asteburuko programa:

Larunbata

11:00  Junior gizonezkoak
13:00  23 urtez azpiko emakumezkoak
15:00  Elite emakumezkoak

Igandea

11:00 23 urtez azpiko gizonezkoak
15:00 Elite gizonezkoak

Oude-Kwaremonteko ibiltaria

Gilbert helmuga pasatzen 2017 Flandriako TourreanBalentria hitzarekin topo egiten du maiz txirrindularitzak. Txakalaldi hitzak ere. Bi horien artean ibili zen Philippe Gilbert 101. Flandriako Tourrean, eta azkenean, erakustaldia emanez lortu zuen garaipen gogoangarria. Ederki sufrituta, hori bai.

Muur Kapelmuur mitikoan hasi zen benetako lasterketa. Azken 100 kilometroetan sarturik, Tom Boonenek tropela luzatu, estutu eta bat baino gehiago ikusleak agurtzen harrapatu zuen. Horrela geratu ziren atzean kiniela guztietako bi faborito nagusiak: Greg Van Avermaet eta Peter Sagan. BMC eta Bora taldeak, hurrenez hurren, lo geratu ziren, eta minutu inguruko aldea bertan behera uzteko erre zituzten makinak. Lotto-Soudalek ere kale egin zuen, enegarrenez. Continue reading “Oude-Kwaremonteko ibiltaria”