#385 Tropela.eus podcastak: Muriasek ere agur

2014ko abenduaren 11ean ospatu zen #txirrindandtweets mahai ingurua. Bertan Arritxu Iribar, Jon Odriozola eta Igor Gonzalez de Galdeano inguratu genituen Euskaltel-Euskadi-ren ondorengo garaiaz hitz egiteko, postEuskaltel. Han ezagutu genuen Muriasen berri Jonen ahotik eta orain, 5 urte beranduago, proiektua bere ibilbidearen amaierara iritsi dela jakin berri dugu.

Eneko Garate (egarate) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) ekitaldi hartan esandako hainbat pasarte gogora ekarriz, egungo egoeraren inguruko hausnarketa podcast hau prestatu dute. Badirudi 5 urte hauetan gauzak ezer gutxi aldatu direla, solaskideak saioaren amaieran baikor agertzen badira ere.

Podcastera harpidetu

Euskadi. Auzolana?

Duela egun batzuk Telegramen dugun Tropela faktorea taldetxoan sortu zen galdera: zergatik Euskal Herriko talde zein lasterketen inguruan beti ditugun diru arazoak, eztabaidak, euren arteko xextra ez hain ezkutuak eta bestelako jarrera kontrajarriak.

Nik sare sozialetan denetatik irakurri dut. Honetan ere teoria konspiranoiko asko, errudunak izen-abizenekin jarriz, pertsona, enpresa zein erakunde. Funtsean baina, arazo desberdinak ikusten ditut nik gaiaren inguruan eta ez dut jende askok bezain argi nor diren errudun edo erantzule nagusiak. Hona hemen eragin handia duten zenbait faktore, ez bakarrak, baina gutxitan aipatzen direnak:

1) Alde batetik, babesletzak askotan profesionaltasun gabe kudeatu izan dira hemen. Txirrindularitzan behintzat bai, baina nago beste zenbait arlotan ere horrela dela. Enpresek dirua jarri dute ez errentagarritasun helburu zehatzekin, fabore bat egiteko baizik, ondo geratzeko edo arrazoi emotiboak tarteko, eta ez erabaki arrazionalengatik. Babesletza horietan ez da marketin ildorik lantzen, ezta beraren inpakturik neurtzen beharrezko neurri zuzentzaileak hartzeko. Bihotzaz, intuizioz, datuei garrantzirik eman gabe. Eta garaiotan, zifrak handitzen diren heinean, hori arazo bat da. Batzuetan klientelismo hutsa ere izan da, beste batzuetan harreman publikoen barne koka genezakeen inbertsio neurgaitza. Akaso hemengo kultura enpresariala da, herrialde anglosaxoi edo Europako beste zenbait lekuekin alderatuz desberdina. Bai, han ere badaude Tinkov, Andy Rihs eta halakoak, baina ez dira guztiak. Logika ere badu horrela izatea Euskal Herrian: produktu industrialak garatzen dituzten enpresek gehiago bilatzen dituztelako harreman publikoetarako espazioak sortzea babesletzekin (administrazio publiko zein beste enpresekin harremanak limurtzeko), kontsumitzaileei zuzentzen diren enpresek baino, zeinek azken erabiltzaileari bideraturiko marketin estrategiak gehiago darabiltzaten. Azken hauek, gainera, epe labur edo ertainera askoz ere neurgarriagoak dira.

2) Epe luzera, administrazio publikoek txirrindularitza profesionala lagundu izana ere lasta bihurtu da. Hau da, behin horrelako laguntza emanda askok pentsatzen dute eskubidea dutela Jaurlaritzarengandik laguntza zuzena jasotzekoa, ordain gisara edo (bost axola proiektua bera, lan ona egiten duten ala ez: batek Emakumeen Bira delako, besteak Itzulia, edo besteak Euskadi ala Basque Country). Ez da fiskalizazio egokirik egin administrazioen partetik. Ez dut diruaren erabilera irregularrik eman denik esan nahi, ez baitakit, baina baldintzarik gabe eman izan da dirua sarritan. Tropelan ongi ezagutzen dugun adibide bat erabiliz, Jaurlaritzak adibidez ez dio hizkuntza erabileraren inguruko gutxiengorik eskatzen lasterketa antolatzaileei. Antolatzaileek ere ez dute Jaurlaritzari ere beren inbertsioen eraginaren berririk eman beharrik ere. Lau datu orokor agian bai, baina Jaurlaritzak ere ez die exijitzen taxuzko txostenik lasterketen eraginaren inguruan. Zer ekarri du guzti honek? Beren lana hobetzeko pizgarri falta, amateurismo gaizki ulertua, eta administrazioekiko gehiegizko dependentzia, orain ordaintzen ari garena.

3) Eta azkenik, guk ere badugu gure ardura. Zalego mota bat ere oso kaltegarria izan daiteke. Puristak gara txirrindularitza taldeei dagokionez, ez dugu halakorik buruan beste kirolei dagokionean, Athletic-en salbuespenarekin agian. Hau da, Vaughters batek edo Lefevere batek ez dizkio mugarik jartzen babesle bilaketetan herrialdeari, zer esanik ez fitxaketetan. Hemen denak behar du “euskal”, babesletik hasi eta masajistaraino. Eta nik uste Ineos oso britainiarra dela, Deceuninck oso belgikarra eta EF oso amerikarra. Baina hemen askok herejeak ez dituzte barkatzen. Gogoratu nola Igor Gonzalez Galdeano egindako fitxaketak tarteko, nola gurutziltzatu zen askoz lehenago hartu behar zen erabaki bat aurrera eraman izanagatik. Gauza asko egingo zituen gaizki, baina hobe beharrez ongi harturiko erabaki horregatik da madarikatua. Higuitak Fundazioarentzat edo Barceló, Samitier eta abarrek Muriasentzat ere lan ona egin dute eta apenas egon da kritikarik. Denborak arrazoia eman dio. Behar lukeen bezala, bestalde.

Guzti hori esanda, Eusko Jaurlaritzaren lematik haratago, zergatik auzolana? Zergatik elkarlana? Zergatik elkartu behar zuten Murias eta Fundazioak? Zergatik OCETA lasterketen monopolizatzaile? Erabaki horiek hartzen edo bultzatzen dituenak kirol hau oso gutxi ezagutzen duelakoan nago, eta oso gaizki aholkatuta dagoela.

Bitartean, isil-isilik, eztabaida mediatiko eta negar-eskaeren jokoan erori gabe, Lizarte taldeak eman du pauso bat aurrera. Datorren urtean Kern Pharma enpresak babesturiko kontinental mailako talde bat gehiago izango da errepidean. Hori da berri onena. Jon Odriozola ere baikor entzun dugu Vuelta amaieran taldearen jarraipenari dagokionez. Ea ba Euskadi Fundazioa zein Euskadi-Muriasek ere jarraitzen duten, dela kontinental mailan, dela profesional kontinental mailan, eta egin beza norberak bere bidea.

#txirrinandtweets 1. mahai-ingurua ospatu zen

#txirrinandtweets 1. jardunaldiaAurreko ostegunean ospatu genuen #txirrinandtweets jardunaldien estreneko ekitaldia, eventos.BIKE webgunearekin elkarlanean. Aurreratu genizuen moduan postEuskaltel garaiaz aritu ginen eta solasean Jon Odriozola (Murias taldea), Igor Gonzalez de Galdeano (Euskaltel-Euskadi taldeko manager ohia) eta Arritxu Iribar (Euskadi irratiko kirol kazetaria) izan genituen gonbidatuen artean.

Solasaldia benetan aberasgarria izan zen. Igorrek bizi izandako gauza guztiak gainditzea asko kosta izan zaiola aipatu zigun eta Jon Odriozolari birritan aholkatu zion ez egiteko besteek esaten diotena, berak uste duena baizik. Izan ere dakizuen moduan Jon Odriozolak abentura berriari ekingo dio Continental maila Murias talde berriarekin, eta berak esan zuen moduan, proiektu berri honek nolabait lekukoa hartu nahi dio Euskaltel-Euskadi taldeak utzitako hutsuneari, Continental mailatik abiatuta.

Hiru protagonistek euskal txirrindularitzan dagoen zatiketa eta zenbait kasutan ikusezina azpimarratu zuten. Horri herri txiki bat garela gehituta eta UCIren araudi aldaketak daraman ibilbidea ikusita, euskal proiektu bat aurrera eramatea asko zailtzen duela adierazi zuten. Hori bai, beti ere World Tour mailako talde bat osatzeari dagokionean, izan ere Continental mailako talde bat sortzea askoz errazagoa ikusten baitute.

Goi mailako gizonezkoen txirrindularitzaz gain maila baxuagoez ere aritu ginen, baita emakumezkoen txirrindularitzaz ere. Azken honen kasuan Arritxuk Emakumeen Biran izan zen ikuslego maila kaxkarra nabarmendu zuen. “Auzo-lotsa” terminoa erabili zuen kazetariak euskal zalegoa munduko onena ezbaian jartzeko.

Esan bezala, asko eta gai ugari izan ziren egungo euskal txirrindularitzaren inguruan jorratutakoak lehen #txirrinandtweets mahai-inguruan. Gure asmoa eduki horiek blogean eta seguruenera podcastetan banatuta lantzea izango da.

Eskerrik asko gure partetik etorri zineten guztioi, bereziki Igor Gonzalez de Galdeanori, Jon Odriozolari eta Arritxu Iribarri. Hurrengo mahai-ingurua antolatzen dugunean jakinaraziko dizuegu.

Alonsoren talde berriak staff berria izango du

Asko ziren Alonsok BPCT enpresak eskuetan zuen beste 3 urtetarako lizentzia erostean egitura ere mantenduko zutelakoan langileen etorkizunaz poztu zirenak, baina gaurkoan El Periodico egunkarian argitaratu denez, hori ez da hala izango.

Oraindik ez dago garbi zer gertatuko den hurrengo urtean kontratua duten euskal txirrindulariekin. Kontraturik ez dutenak ez dute talde berrian jarraituko eta kontratuak dituztenen kasuan kaleratze akordio baketsu bat lortzea izango litzateke Alonsoren asmoa. Aldiz, ziurtatu dezakeguna da Igor Anton – “60 minutos” saioan berak baieztatu zuen – eta Samuel Sanchez – hau asturiarra izaki eta 2015 barne kontratua duenez ez da ezustekoa – talde berrian izango direla, gutxienez 2014. urteko denboraldian.

Jarraituko ez dutena Igor Gonzalez de Galdeano eta bere zuzendaritzako lantaldea izango da. Hauek guztiak kaleratuak izango dira eta zuzendaritza lan hori hartuko dutenak Kiko Garcia – ONCE taldean aritu zen txirrindularia eta egun Oakley betaurrekoen ordezkaria Europan – manager nagusi moduan eta Chechu Rubiera – Armstrongekin batera US Postal, Discovery Channel, Astana eta Radioshack taldea aritutako txirrindulari ohia – zuzendari gisa izango dira. Aipatzekoa Rubierak oraindik ez duela postu hori betetzeko beharrezko UCIren zuzendari titulua. Continue reading “Alonsoren talde berriak staff berria izango du”

Vos eta Moreno Flèche Wallonneko garaileak

Vos helmugan
Lehen aldia izan da Tropelak Ardenetako Hirukotean emakumezkoen Flèche Wallonne lasterketa sartzen duena. Horrek gaurkoan, Tropelan ohi ez bezala, egun berean bi emaitza izatea zekartzan. Noski, denok zain zain izan gara. Asko izango zineten ez zenekitenak emakumezkoek gizonezkoek baino ordu t’erdi lehenago amaitzen zutela lasterketa. Ikusi ere ikusiko genuke lasterketa zuzenean, baina zoritxarrez emakumezkoen lasterketak, iazko Londreseko Olinpiar jokoak salbu, zail da telebistan aurkitzea. Continue reading “Vos eta Moreno Flèche Wallonneko garaileak”