Ikusgarritasuna merezi du emakumeen txirrindularitzak. Ez da aldarrikapen bat, errealitatea baizik. Tropela webguneak emakumeen egutegiko hainbat proba sartzea erabaki zuen, eta urtetik urtera gehiago dira. Horri esker, geroz eta ezagunagoak zaizkigu hemengo zein kanpoko txirrindulariak.

Joane Somarribak eta Leire Olaberriak ikusgarritasuna eman zioten, eta gaur egun, badira beste hainbat aipamena baino gehiago merezi dutenak. Ane Santesteban gipuzkoarra hedabideetan ikustera ohitu garen bitartean –albiste on eta ez hain onekin–, harrobi polita dugu gurean.

Eider Merino (Lointek) gazte bizkaitarra da belaunaldi berriaren eredu esanguratsua. Emakumeen Biran maila harrigarria erakutsi zuen Balmasedako txirrindulari txikiak. Errenteriako azken etapan onenekin aritu zen, eta laugarren bukatu zuen etapan, eta sailkapen nagusian. Iragan hurbila, oraina eta etorkizuna izan dugu hizpide berarekin.

Elite mailako zure lehen denboraldia egiten ari zara. Nabaritu duzu aldaketarik pasa den sasoitik?

Emakumeetan ez dago aldaketarik elite eta 23 urte azpiko kategorien artean, lasterketak berdinak direlako. Beraz, ez, ez dut ezer ezberdina nabaritu, bakarrik ez duzula 23 urtez azpiko mailaren saria jasotzen (barreak).

Dena dela, orain arteko emaitza onenak lortu dituzu. Durangoko klasikoan hirugarren izan zinen, eta Emakumeen Biran laugarren bukatu zenuen. Maiatza hilabete ona izan zen zuretzat?

Bai, maiatza izan da txirrindularitzari dagokionean orain arte bizi izan dudan momenturik ederrena. Gogo handiarekin joan nintzen Durangora, eta baita ere Birara. Halere, sekula ez nuen pentsatuko horrelako emaitzak lortuko nituzkeenik.

 

Birako azken etapan erakutsi zenuen igotzailea zarela. Jaizkibelen onenekin ibili zinen. Zein balorazio egiten duzu?

Etapa motzak izan zituen Birak. Hori dela eta, Aralarko eguna nahiz eta aldapa gora bukatu, erritmo gutxirekin iritsi ginen gora, eta hankak hotzak nituen. Ordea, hurrengo eguneko etapa luzeagoa izan zen, eta hasieratik erritmo azkarra izan zuen. Normalean, egun bat baino gehiago biretan azken eguna beti da azkarrena, eta hori niretzako onuragarria da. Jaizkibelen gora hasi orduko, Moolmanek erasoa jo zuen, eta banekien jarraitu beharreko gurpila zela. Baina ezin izan nuen. Orica taldeari erritmoa jartzen utzi nion, eta jakinda azken kilometroak gogorragoak zirela, Garfoot eta Van Vleutenekin bakarrik geratu nintzen. Ondoren, erasoa jo nuen eta Van Vleutenekin iritsi nintzen gainera. Aldapan behera, beste igoeratxo batean leher eginda utzi ninduen. Horrela ere, inoiz ahaztuko ez dudan egunetako bat izan zen. Nire burua munduko onenekin parez pare ikustea ikaragarria izan zen.

 

Moolman-Cervelo eta Van Vleutenen-Orica lehiaren tartean sartu zinen. Garrantzitsua izan zen horrelako talde eta txirrindularien mailan ikustea zure burua?

Bai, estatu mailan aurrean ikusten dut nire burua. Lointek taldeko kideei esker aurrean egotea askoz errazagoa da, eta hori eskertzekoa da. Bestalde, Ane Santesteban eta Sheyla Gutierrezek hemengo lasterketa gutxitan parte hartzen dute kanpoko taldeetan dabiltzalako. Beraz, Bizkaia Durangoko txirrindulariak izaten dira nire aurkari nagusiak.

Soriako Espainiako txapelketa lehiatu berri duzu. Erlojuaren kontra bosgarrena izan ziren, eta errepidekoan laugarren bukatu zenuen.

Ez nintzen helburu jakinekin joan. Beti ateratzen zara irabazteko asmoarekin, baina probak ez dira ni bezala txirrindularientzako izaten. Erlojuaren kontrakoa egitea erabaki nuen. Nahiz eta txikia izan nahiko ondo moldatzen naiz, denbora luzeetan erritmo altua mantentzeko ahalmena dudalako.

 

Denboraldia ez da ekainean bukatzen. Zein egutegi duzu irailera bitarte, eta zein helburu?

Orain Espainiako Kopako azken lasterketa dugu Marinen. Ondoren, Belgikara goaz Bene Ladies itzulia korritzera, eta segidan Valentziako itzulira. Abuztuan ez dugu lasterketarik, baina juniorrekin parte hartzeko asmoa dut 26an Plouayko lasterketara erritmoarekin iristeko. Irailean, Tour de Ardeche proban parte hartuko dut Espainiako selekzioarekin. Lasterketa gogorra eta nire gustukoa da.

 

Gainontzeko euskal ziklistei dagokienez, Ane Santesteban hor dugu. Eragin zioten istripuaz aparte, maila ona berreskuratzen ari da.

Txirrindulari eta pertsona ikaragarria da. Beti irribarrea ahoan eta lasterketetan beti eraso egiteko eta aurpegia emateko prest. Nire ustez izan zuen istripua ahaztu egin behar da. Ez zitzaion ezer larria gertatu, eta bizikleta gainean dabil dagoeneko. Gainera, oso indartsu.

 

Zein beste euskal txirrindulari aipatuko zenuke?

Bi aipatuko nituzke. Lourdes Oyarbide eta Lierni Lekuona. Lehenak erlojuaren kontra eta bigarrenak igoeretan oso maila ona ematen dute.

 

Tropela.eus webgunea ezagutzen duzu?

Noski ezagutzen dudala, baina gutxitan parte hartu izan dut apustuak gustatzen ez zaizkidalako.

 

Birako apustuan Ane Santestebanen alde egin zuten askok, lehen euskal txirrindularia izango zelakoan. Beste batzuk zure alde egin zuten eta asmatu. Zer esango zenieke beraiei?

Besteongan ere konfiantza hori izateko esango nieke. Lehen euskaldunaz aparte, sailkapen nagusirako gure alde apustu egitea. Seguru nago biak aurrean egoteko asmoarekin irtengo garela lasterketa bakoitzean.