
Ez da lehen aldia Agustin Ruiz de Larringanek, egungo Emakumeen Bira itzuliaren arduradun nagusiak, lasterketaren etorkizuna kinka larrian dela plazaratzen duena. Edonola ere, badirudi oraingo hau benetako agurra izan daitekeela.
Dakizuen moduan Tropela 3 urtez Emakumeen Biraren komunikazio digitala bultzatzen aritu zen, besteak beste webgune berri bat diseinatuz eta hiru hizkuntzetan informatuz, beti euskara lehenetsiz nola ez. Eta hori guztia Tropelako kideen lan boluntarioari esker. Antolakuntzaren parte gero eta ardura gehiago hartzeko proposamena ere luzatu genien, baina iazko edizioaren aurretik jaso genuen erantzuna gehiago gure beharrik ez zutela izan zen.
Bi urterako lortu zuen World Tour lizentzia Agustinek eta badirudi behin bere nahia lortu ondoren, lasterketa mailarik gorenera eramatea, eta bi urteko konpromisoa osatuta, jada bere zikloa amaitutzat ematen duela.
Tristea iruditzen zaigu Emakumeen Biraren etorkizuna horrela ikustea eta norbait antolakuntzaren ardura hartzeko asmotan bada, esan Tropela Elkartea berriro ere komunikazio lanetan laguntzeko prest izango duela. Horretarako gurekin harremanetan jartzea besterik ez luke izango.
Oharra: gustatu zaizue azken bi urteetako lasterketaren logo eguneratua? Jakin ezazue hau izan zela Tropela elkarteak Emakumeen Birarentzat egin zuen azken lanetako bat, hau ere musu-truk.
Atzo goizean Lokatza Elkarteak aurtengo Gorlako igoerako “Radio Tour” internetez entzun ahal izango dela zabaldu zuen. Hau da, epaile eta lasterketa barruko ibilgailuen artean informazioa zabaltzeko eta lasterketaren egoera zein den jarraitzeko erabiltzen den irrati seinale hori edonork entzun ahal izango duela internet bidez. Inoiz halako seinalerik jarraitu ez duenak ez espero irrati saioen moduko ezer, aspergarria ere izan baitaiteke, seinalea galtzea ohikoa izaten delarik, soinu kaxkarra… baina dudarik gabe, lasterketaren informazioa momentuan jasotzeko biderik zuzenena da. Aurrerapauso bikaina eta txalotu beharreko ekimena teknologia berrien bitartez txirrindularitza jendearengana hurbiltzeko. 