Paris-Nice 2015 - 09/03/2015 - Etape 1 - Saint Remy Les Chevreuse - 196,5 Km - France - Le peloton au passage à Chambord

Txirrindularitzan lokatza garaia utzi berri dugun honetan Munduko Txapelketaren ospakizunarekin, Tropelako jarraitzaile eta kolaboratzaileok bagoaz gutxinaka-gutxinaka aurre denboraldiko etapa ezberdinak erretzen.

Proiektu honetako zati diren lehiaketa ezberdinak hurbildu ahala geroz eta sakonago ikertzen ditugu taldeen nondik norakoak.

Zeintzuk izan daitezkeen 2016ko sorpresak ere irudikatzen ditugu geure buruetan. Blog honetan esaterako, iaz garai berberean ere Contadorren gogoetak plazaratzen genituen. 2016 urte olinpikoa izango da madrildarrarentzat txirrindularitza profesional munduan azkena? Harritzekoa izango litzateke 2017ko urtarrilaren 1ean Pintokoak bere kirol helburuei buruz hitz egitea entzutea? (Azken adierazpenen arabera, talde profesional propioa izan ezean, bizikleta eskegiko du.)

Iaz urte ederra izan zen txirrindularitzan (beste behin ere). Sorpresak edozein tokitan, atseginak eta desatseginak: Degenkolb-en (Giant – Alpecin) nagusitasuna San Remo eta Roubaix-eko monumentuetan, Niewiadoma (Rabobank Liv) – Moolman (Cervélo-Bigla) – Johansson (Wiggle High5) hirukoak emozioz betetako ikuskizun polita eskaini ziguten gure errepideetako Biran, Froomen (Sky) festa San Martingo Harrian, Dumoulinen (Giant – Alpecin) defentsa izugarria Vueltan eta Nibaliren (Astana) kanporaketa, Saganen (Tinkoff- Saxo) ortzadarra eskuratzea Estatu Batuetan…

Izen asko daude, iaz ikusi zirenak eta 2016an zerbait azpimarragarria egin beharko luketenak. Zeintzuk izango dira urteko uneak? Eta sorpresak? Urte olinpikoak seguru emango digu hamaika istorio kontatzeko.

Eta bai, amaitzeko, aurreikuspen bat egitera ausartuko naiz: Geraint Thomas-ek (Sky) zeresana emango digu itzuli handiren batean, zer uste?

Argazkia: letour.fr

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.