Amaitu da, akabo: aurten ez da lasterketa profesional gehiago jokatuko Euskal Herriko errepideetan. Ondorioz, dagoeneko osatuta daude I. Gabiria Kopako sailkapen guztiak, gizonezkoenak zein emakumezkoenak.
Normala den bezala, lasterketarik handienetan ondo arituta lortzen da Kopa irabaztea, eta horixe gertatu da: gizonezkoetan, Euskal Herriko Itzuliko bi etapa eta sailkapen nagusia irabazita, eta Donostiako Klasikoan aurrean sailkatuta, Joaquim Rodríguezek aurrea hartu dio Ion Izagirreri, nahiz eta ormaiztegiarra lider ere jarri zen denboratxo batez, Ordiziako podiuma zapaldu ostean. Azken egunera arte, beraz, emozio puntua izan du gizonezkoen Gabiria Kopak.
Garaipen nagusia kataluniarrarentzat, eta lehen euskaldunaren saria Izagirre anaia gaztearentzat. Eta beste gazte batek, Michal Kwiatkowskik, horixe bera irabazi du hain justu: gazterik onenaren saria.
Hauek izan dira sailkapeneko lehenengo bostak:
1.- Joaquim Rodríguez 485 puntu
2.- Ion Izagirre 409
3.- Sergio Luis Henao 371
4.- Michal Kwiatkowski 351
5.- Simon Yates 330
Emakumeen sailkapenean, emozioak ez du azken egunera arte iraun, lehenago erabaki baitzen nor izango zen irabazlea, ekainean hain justu. Gabiria Koparen irabazlea, Katarzyna Niewiadoma, erregularrena izan da Emakumeen Biran eta Durango-Durango lasterketan, beti aurrean sartuta eta Birako sailkapen nagusia irabazita. Emma Johanssonek, berriz, 3 etapa irabazi arren, ez dio poloniar gaztearen erregulartasunari eutsi, eta ezin izan du Kopa irabazi, oso puntu gutxigatik izan bada ere.
Niewiadomak bi sari irabazi ditu Gabiria Kopan: garaipen nagusia eta gazterik onenaren saria. Harrigarria izan da Rabo Liv Women taldeko txirrindulariak egin duen denboraldia, 20 urte baizik ez dituela kontuan izanda (irail amaieran beteko ditu 21). Bide batez, kointzidentzia izan zein ez, aipatu beharreko detailea: gazterik onenaren sariaren irabazleak, Kwiatkowski eta Niewiadoma, biak poloniarrak dira.
Bestetik, lehen euskal txirrindularia Eider Merino izan da, 16. postuan sailkatuta.
1.- Katarzyna Niewiadoma 473
2.- Emma Johansson 447
3.- Ashleigh Moolman 376
4.- Katrin Garfoot 365
5.- Megan Guarnier 354
Orain sariak banatzea, denboraldiaren amaiera ospatzea eta lagunarte ederrean elkartzea baino ez da falta, txirrindularitza-giroan eta tropel profesionaleko ziklista batzuk ere inguruan ditugula. Azaroaren 14an izango da, Gabirian. Gorde egun hori zuen agendan. Baina oraingoz ez dugu ezer gehiago aurreratuko: egon adi eta prest, txirrindularitzaren festa ederra izango da eta!
(Gai honi buruz guztiz informatuta egon nahi baduzu, jarrai gaitzazu Twitterren: @gabiriakopa)