Eider Merino: “Nire burua munduko onenekin parez pare ikustea ikaragarria izan zen” (elkarrizketa)

Ikusgarritasuna merezi du emakumeen txirrindularitzak. Ez da aldarrikapen bat, errealitatea baizik. Tropela webguneak emakumeen egutegiko hainbat proba sartzea erabaki zuen, eta urtetik urtera gehiago dira. Horri esker, geroz eta ezagunagoak zaizkigu hemengo zein kanpoko txirrindulariak.

Joane Somarribak eta Leire Olaberriak ikusgarritasuna eman zioten, eta gaur egun, badira beste hainbat aipamena baino gehiago merezi dutenak. Ane Santesteban gipuzkoarra hedabideetan ikustera ohitu garen bitartean –albiste on eta ez hain onekin–, harrobi polita dugu gurean.

Eider Merino (Lointek) gazte bizkaitarra da belaunaldi berriaren eredu esanguratsua. Emakumeen Biran maila harrigarria erakutsi zuen Balmasedako txirrindulari txikiak. Errenteriako azken etapan onenekin aritu zen, eta laugarren bukatu zuen etapan, eta sailkapen nagusian. Iragan hurbila, oraina eta etorkizuna izan dugu hizpide berarekin.

Elite mailako zure lehen denboraldia egiten ari zara. Nabaritu duzu aldaketarik pasa den sasoitik?

Emakumeetan ez dago aldaketarik elite eta 23 urte azpiko kategorien artean, lasterketak berdinak direlako. Beraz, ez, ez dut ezer ezberdina nabaritu, bakarrik ez duzula 23 urtez azpiko mailaren saria jasotzen (barreak). Continue reading “Eider Merino: “Nire burua munduko onenekin parez pare ikustea ikaragarria izan zen” (elkarrizketa)”

Larunbat honetan, denok Gabiriara

Heldu da Gabiria Koparen egun handia.

Txirrindularitzaren jaia izango da larunbatean (azaroak 14) Gabirian biziko duguna. Denboraldi-amaierako festa handia, hainbat ekintza izango dituena.

kartela 2

2015ean Euskal Herrian korritu diren lasterketa profesional guztiak kontuan hartuta (mutilenak eta neskenak), badakigu nortzuk izan diren gure irabazleak, eta orain txirrindulariei sariak banatzeko unea heldu da. Mutiletan, Purito Rodríguez, Ion Izagirre eta Michal Kwiatkowski; nesketan, Kasia Niewiadoma eta Eider Merino.

Baina ez hori bakarrik: urtero egingo dugun ekitaldi honetan, Euskal Herriko txirrindularirik handienak ere omendu nahi ditugu, eta aurten Txomin Perurenaren txanda izango da.

Zenbat garaipen ez ote dauden “Peru”-ren hanketan! 12 etapa Vueltan, 2 etapa Giroan, 9 etapa Euskal Herriko Itzulian, 5. postua Munduko Txapelketan… Baina ez soilik etapak eta egun bakarreko lasterketak: Espainiako Vueltan bigarren geratu zen 1975ean, Tourreko mendiko sailkapena irabazi zuen 1974an… galantak egin ditu oiartzuarrak. Talde-zuzendari gisa ere, ez da makala izan; eta orain, Euskadi Irratian, esatari-lanetan goza dezakegu bere jakinduriaz eta graziaz.

Imajina dezakezue zer izan daitekeen Perurenaren ondoan bazkaltzea eta haren kontuak entzutea? Ba adi, txirrindulari gehiago ere etorriko dira eta. Esate baterako, Euskal Herriak eman duen txirrindularirik handienetakoa: Joane Somarriba, nor bestela! Eta, gainera, Jose Nazabal, Jose Luis Mayoz, Ramontxu González Arrieta, Gorka Izagirre, Jon Ander Insausti, Pello Olaberria… gutxi batzuk baino ez aipatzearren.

15 €-ren truke, ziklismo-giroko tertulia ederrean hitz eta pitz aritzeko aukera izango duzue. Eta seme-alabak ere ekarri nahi badituzue, arazorik ez!

Hori bai: osteguna baino lehen eman behar da izena, 688.635.532 telefonora deituta edo [email protected] helbidera idatzita.

Gainera, bazkariaz gain, txirrindularitzari buruzko liburuak eta ekipazioak erosteko aukera ere egongo da, Tropelak, Libros de Ruta argitaletxeak eta Urtekariak stand bana jarriko baitute euren produktuekin.

Animatu zaitezte! Luzaroan gogoratzeko moduko eguna izango da!

(Jarraitu gaitzazu Twitterren: @gabiriakopa)

Somarriba bigarren aurtengo Giroan

Bizkaia-Panda Software-Durango taldeko txirrindulariak bigarren postuarekin konformatu beharko du Nicole Brandli suitzarra gailendu baitzaio. Joanek 1999ko eta 2000ko giroak irabazita, aurtengo Giroa zuen helburu, baina ez da posible izan.

Hala ere, ez da nolanahiko palmaresa Somarribarena: bi Giro (1999 eta 2000), hiru Tour (2000, 2001 eta 2002) eta 2003ko Kanadako mundialean erlojupekoan urrezko domina besteak beste.

Eneritz Iturriaga espainiako txapeldun

Tropelak bere maillota sinatuta du sarien artean.

Gaur goizean espainiako erlojupeko emakume txapelduna zegoen jokoan. Murtzian izan da ekitaldia, eta Eneritz Iturriaga izan da garaile. 24,7 kilometrotako erlujupekoan 2 segundo kendu dizkio Dori Ruano faborito nagusiari.

Eneritzek aitortu duenez, lasai omen zegoen eta inolako erreferentzi edo erlojurik gabe abiatu omen da errepidean.

Tropelak Eneritzen sinatutako maillota izango du sarietan, baita Joane Somarribarena ere. Zorionak gure emakume txirrindulariei ere!

XVIII. Emakumeen Bira Bubnenkovak irabazi du

Somarriba 8.a izan da lasterketan.

Emakumeen Biraren XVIII. edizioa amaitu da. Aurreneko egunetik lider jarri zen Svetlana Bubnenkova errusiarrak goitik behera menperatu duen lasterketa izan da. Podioan Trixi Worrack eta Mirjam Melchers izan ditu lagun. Euskaldunen artean Joane Somarriba eta Eneritz Iturriaga izan dira onenak, 8. eta 12. postuetan, 4 minutu inguruko atzerapenarekin.