Vos eta Moreno Flèche Wallonneko garaileak

Vos helmugan
Lehen aldia izan da Tropelak Ardenetako Hirukotean emakumezkoen Flèche Wallonne lasterketa sartzen duena. Horrek gaurkoan, Tropelan ohi ez bezala, egun berean bi emaitza izatea zekartzan. Noski, denok zain zain izan gara. Asko izango zineten ez zenekitenak emakumezkoek gizonezkoek baino ordu t’erdi lehenago amaitzen zutela lasterketa. Ikusi ere ikusiko genuke lasterketa zuzenean, baina zoritxarrez emakumezkoen lasterketak, iazko Londreseko Olinpiar jokoak salbu, zail da telebistan aurkitzea.

15:30ak aldera ezagutu dugu emakumezkoen garailea, Vos hain zuzen ere. Iaz bigarren izan zen, baina aurtengoan ez du hutsik egin. Atzetik Longo eta Moolman sailkatu dira. Ezin ahaztu Ane Santestebanen 22. postu bikain hori. Bi euskaldun genituen lehian, Ane eta Dorleta Eskamendi -73. sailkatua- eta horregatik Anek lehen euskaldunaren 50 puntuak banatu ditu Tropelaren %3,2aren artean. Aipatzekoa Tropelak izan duen abilezia emakumezkoen multzoak egiterakoan, izan ere lehen 6 sailkatuak kinielako hautagaien multzoan baitziren @sazkarate-k gogorarazten zigun moduan.

Gizonezkoak Huyko horman

Ordu t’erdira iritsi da gizonezkoen tropela Huyko horma gainera. Ez dut lasterketa zuzenean jarraitzeko aukerarik izan baina azken 5 kilometroak errepikatuta bai, horiek ikusi ditut. Dirudienez ez dut ezer handirik galdu Twitterren irakurri dudanez, beraz, lerro hauek idazteko gai ikusi naiz konplexurik gabe.

Tropelan parte hartzen dugunon artean kezka ezberdinak ziren. Bat Purito (%64,1) genuen, Amstelen erorikoa izan ondoren atzo ziurtatu zuen lehian izango zela. Beste bat Sagan, Tropelan %77,7ak hartuta, asko poztu zineten gaur ere lehian izango zela jakitean. Eta hautagaietan beste bat aipatzekotan Contador izango litzateke, nahizta jende oso gutxik izan kinielan (%1,9), ikusmin pixka bat bazela uste dut.

Gilbert zen faborito nagusia Puritok erorikoaren ondoren zalantzak baitziren. Berarekin Henao edo Betancur bezalako txirrindulariak ere faborito ziren, eta azken kilometroetan ikusi dugun moduan, hala suertatu dira.

Betancurrek goizo jo du erasoa, baina oso bortitza. Bazirudien lasterketa irabaz zezakeela, baina Huyko hormak txirrindulariek indarrak metrotan xahutzen dituela ikusi dugu berriro ere. Gilbert eta Sagan mugitu dira metro batzuk aurreratuz, baina indartsu Puritoren taldekidea agertu da Henao atzetik zuela, munduko txapelduna eta Hulk gainditu, gero Betancur eta azkenik klasikoa irabazteko.

Lasterketa ikusi ondoren esango nuke Gilbertengandik zerbait gehiago espero nuela. Ez du goizegi jo, baina ez da gai izan erritmoari eusteko eta azkenean 15. Saganek, berriz, Gilberten gurpila jarraitu du eta badirudi erritmoa gehiegi galdu gabe egin duela igoera 12. postua lortu baitu. Contador, lehian izango zela espero bagenuen ere, lehen postuetatik urruti 33.

Betancurrek garaipena eskura izan duela iruditzen zait. Azkarregi jo du eta hor igerri diogu esperientzia falta. Gogora ezazue hurrengo urterako txirrindulari hau izan ere hautagai nagusietako bat izango baita.

Ezin amaitu post hau Igor Antonez hitz egin gabe. Euskal Herriko Itzulia amaitzeko gai ez zen izan, bere mailatik oso baju. Ardenetan, berriz, beharbada Igor Gonzalez de Galdeanoren akuilua tarteko, maila bikaina ematen ari dela ezin dezakegu ukatu. Gaurkoan 8. sailkatu da eta Amstelen Caubergeko azken igoeran bere burua erakutsi zuen. Liejan ere aurrean ikustea espero dut, nahiz eta Samu ere lehian izan.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.