Armstrong BBCn: sinesgarritasuna helburu

Armstrong is back. Gaizkile bihurtutako heroia itzuli da. Orain dela bi urte Oprah Winfreyri aitortu zion urtetako dopina (Egoitzen iritzia), eta bueltan da Armstrong, oraingoan BBCko kirol editore Dan Roanen aurrean. 2013ko urtarrilean dena ilun bazen ere, 2015ean “argia” ikusten ari da Armstrong. Hala ere, barkamena eskatzetik urrun, baloiak kanpora botatzean datza txirrindulari ospetsuaren diskurtsoa. Beste behin.

Izan ere, egindakoaz harro ez dagoen arren, berriz errepikatuko luke. Armstrongek esaten diguna zera da: aukera bakarra zen dopina, 1995ean guztiek egiten zutelako. Itzuleraren ostean harrapatu izanak penatzen du Armstrong, dopatzeak berak baino. “Barkamena jasotzeko” garaia dela uste du Armstrongek, baina badirudi ez duela saio handirik egingo. Arrazoia izan ala ez, dena justifikatuta omen dago, erantzukizunik ez duelako hartzen. Eta gainera, batek daki urtetan eutsitako gezurra noraino heltzen den (bigarren itzuleran ez zela dopatu dio). Horrela nekez bilatu ahal da inoren barkamena. Esteka honetan ikus ditzakezue ia ordubeteko elkarrizketa eta erantzun guztiak, ingelesez.

Continue reading “Armstrong BBCn: sinesgarritasuna helburu”

Nolako zura, halako ezpala

Duela hilabete pasatxo idatzi nuen post-eko titularra begiratu behar izan dut ez errepikatzeko: “Belaunaldi aldaketa ziklokrosean” izenburua erabili nuen orduan eta atzo Tabor-en (Txekiar Errepublika) ospatu zen elite mailako Munduko Ziklokros Txapelketa ikusi duen edonork horixe bera baiezta dezake.

Atzoko lasterketan Mathieu van der Poel holandarra izan genuen jaun eta jabe. San Sebastian bezperan 20 urte bete zituen gazte honek ikaragarrizko erakustaldia eman zuen. Hasieratik bukaeraraino lasterketaren lehen postuari eutsi dio eta bere aita Adriek duela 19 urte lortutako balentria berdindu du: elite mailako munduko txapeldun bihurtzea. Konfiantzaz gainezka iritsi da Tabor-era. Aurreko igandean, Hoogerheiden Munduko Kopako azken froga poltsikoratu zuen nagusitasunez, eta hori errepikatzeko asmoz irten da. Konfiantza eta garaipen gose horren erakusgarri da nola aurre egiten zien zirkuituko oztopo artifizialei. Bideoko 15:37 minutuan ikus daiteke lehen itzulian bertan nola salto egiten dituen. Indartsu, konfiantzaz, nahiz eta ia lurrera joan. Beste edonor kokildu egingo zen eta ez zen gehiago saiatuko. Mathieu baina, ondorengo itzulietan ere ausart saiatu da oztopoa saltatzen. Ia erortzear ere egon da beste behin, baina burugogor jarraitu du. Soilik azken itzulietan, aldea mantentzea helburu bakarra zuenean jokatu du lasaiago, bizikletatik jeitsiz oztopoa gainditzeko eta arriskua ekiditeko. Continue reading “Nolako zura, halako ezpala”

Dingo australiarraren azken ulua!

Txikitan elbarri geratzeko zorian egon arren, bere lehen pedal kolpeak Australian eman zituen txirrindulari honek, hain zuzen, kotxe zahar baten piezak erabiliz bere aitak eta osabak eginiko bizikleta batean. Ordutik txirrindularitza maitatzen hasi zen, mendi bizikletan bere lehen pausuak eginez. Ez zitzaion batere gaizki joan ibilbide hura, munduko 2 txapelketa eskuratu baitzituen, ez da txantxa. Ordutik baina errepideko txirrindularitzara salto egin zuen, diru iturri handiagoen bila. Ez zuen hasiera erreza izan, hainbat talde aldaketak edukiz, baina gutxika gutxika bere lekua aurkitzen joan zen pelotoi nagusian.Le Tour de France 2011 - Stage Twenty One

Evansen benetako maila 2008. urtean hasi zen islatzen, bere pertsonalitate eta ezaugarriak argi utziaz; txirrindulari otzana, burugogorra, kalkulatzailea eta batez ere oso profesionala, pelotoian aritutako txirrindulari profesionaletarikoa, obsesio puntura iritsi arte. Txirrindulari oso eskrupuloso eta zorrotza bere egunerokoan. Horrela bada, arrakastak bere atea jo zuen, 2009. urtean Munduko txapeldun bilakatuz.

Ordutik aurrera, txirrindulari handi bat izan dugu gure artean. BMC talde handiak ateak zabaldu zizkion eta berak ongi jakin izan du aukera hori aprobetxatzen. 2010. urtean eroriko baten erruz Tourra utzi behar izan zuen, hurrengo urtean baina arantza ederki kitatu zuen, 2011. urteko Tourreko txapelduna merezimendu guztiaz izan ostean. Parisera iristean eroritako malkoek dena esaten zuten. Frantziako Tourra eta Munduko Txapelketa irabazitako lehen txirrindulari australiarra izaki, erregistro liburuetan primerako lekua ziurtaturik dauka.

Ardoarekin gertatzen den bezala, Evansek hobera egin du urteak pasa ahala eta bere palmaresa ikusi besterik ez dago, txapela kentzeko bezalako txirrindulari bat izan dela ohartzeko.

37 urte patrikan dituelarik, bere azken lasterketa etxeko lasterketa izango da, Down Underreko Tourra. Aurrean arerio gogorrak izango ditu, Porte beraien buru. Abisu bezala diot, badaezpada ez dadila inork Evans azeri zaharra gutxiestu, azken hozkada emateko prest baitago. Podiumera igotzeko hautagai garrantzitsu baten aurrean gaude, berak ordea, sari potoloa irabaztea nahiko du bere karrera profesionalari amaiera ezin hobea emateko. Motibazioa ez zaio faltako horretarako, ezta taldea ere, bere alboan Dennis, Stetina eta Flakemore gaztea bere aginduetara edukiko baititu.

Dingo australiarren azken ulua entzungo ote dugu?

Belaunaldi aldaketa ziklokrosean

Larrinaga Izarran, Euskadiko Txapelketaren garaileAmaierara iristen ari da 2014-2015 ziklokros denboraldia eta urteko lehiaketarik garrantzitsuenen bezperan ere bagaude: estatu zein munduko txapelketak. Nazioartean, denboraldia 2 ausentzia esanguratsuekin hasi zen. Alde batetik, Niels Albert falta zen. Bihotzeko arazo bat tarteko, iaz bizikleta zintzilikatu zuen medikuen aginduz. Eta beste aldetik, Zdenek Stybar txekiarra. Errepideko denboraldia erorketa baten ondorioz goiz amaituta, bazirudien iaz baino gehiago ikusiko genuela lokatz artean. Iaz, hiruzpalau lasterketa garrantzitsutan besterik ez genuen ikusi; oso maila altuan, hori bai. Eta aurtengoan, bere herrialdean, Tabor hirian, ortzadar maillota defendatzen ikustea espero genuen. Baina abuztuan Eneco Tourrean bezala, erorketa baten ondorioz lesio nahiko larria izan zuen urrian Herbehereetan, oraingoan ziklokross bat lehiatzen; eta ia ezinezkotzat jo zuten, bai berak, bai bere zuzendari Patrick Lefeverek ere, Taborrerako garaiz osatzea. Lehentasuna udaberriko klasikoetara sasoi betean iristea izanik, sorpresa handia litzateke Tabor-go irteeran ikustea.

Continue reading “Belaunaldi aldaketa ziklokrosean”

#txirrinandtweets 1. mahai-ingurua ospatu zen

#txirrinandtweets 1. jardunaldiaAurreko ostegunean ospatu genuen #txirrinandtweets jardunaldien estreneko ekitaldia, eventos.BIKE webgunearekin elkarlanean. Aurreratu genizuen moduan postEuskaltel garaiaz aritu ginen eta solasean Jon Odriozola (Murias taldea), Igor Gonzalez de Galdeano (Euskaltel-Euskadi taldeko manager ohia) eta Arritxu Iribar (Euskadi irratiko kirol kazetaria) izan genituen gonbidatuen artean.

Solasaldia benetan aberasgarria izan zen. Igorrek bizi izandako gauza guztiak gainditzea asko kosta izan zaiola aipatu zigun eta Jon Odriozolari birritan aholkatu zion ez egiteko besteek esaten diotena, berak uste duena baizik. Izan ere dakizuen moduan Jon Odriozolak abentura berriari ekingo dio Continental maila Murias talde berriarekin, eta berak esan zuen moduan, proiektu berri honek nolabait lekukoa hartu nahi dio Euskaltel-Euskadi taldeak utzitako hutsuneari, Continental mailatik abiatuta.

Hiru protagonistek euskal txirrindularitzan dagoen zatiketa eta zenbait kasutan ikusezina azpimarratu zuten. Horri herri txiki bat garela gehituta eta UCIren araudi aldaketak daraman ibilbidea ikusita, euskal proiektu bat aurrera eramatea asko zailtzen duela adierazi zuten. Hori bai, beti ere World Tour mailako talde bat osatzeari dagokionean, izan ere Continental mailako talde bat sortzea askoz errazagoa ikusten baitute.

Goi mailako gizonezkoen txirrindularitzaz gain maila baxuagoez ere aritu ginen, baita emakumezkoen txirrindularitzaz ere. Azken honen kasuan Arritxuk Emakumeen Biran izan zen ikuslego maila kaxkarra nabarmendu zuen. “Auzo-lotsa” terminoa erabili zuen kazetariak euskal zalegoa munduko onena ezbaian jartzeko.

Esan bezala, asko eta gai ugari izan ziren egungo euskal txirrindularitzaren inguruan jorratutakoak lehen #txirrinandtweets mahai-inguruan. Gure asmoa eduki horiek blogean eta seguruenera podcastetan banatuta lantzea izango da.

Eskerrik asko gure partetik etorri zineten guztioi, bereziki Igor Gonzalez de Galdeanori, Jon Odriozolari eta Arritxu Iribarri. Hurrengo mahai-ingurua antolatzen dugunean jakinaraziko dizuegu.