Armstrong is back. Gaizkile bihurtutako heroia itzuli da. Orain dela bi urte Oprah Winfreyri aitortu zion urtetako dopina (Egoitzen iritzia), eta bueltan da Armstrong, oraingoan BBCko kirol editore Dan Roanen aurrean. 2013ko urtarrilean dena ilun bazen ere, 2015ean “argia” ikusten ari da Armstrong. Hala ere, barkamena eskatzetik urrun, baloiak kanpora botatzean datza txirrindulari ospetsuaren diskurtsoa. Beste behin.
Izan ere, egindakoaz harro ez dagoen arren, berriz errepikatuko luke. Armstrongek esaten diguna zera da: aukera bakarra zen dopina, 1995ean guztiek egiten zutelako. Itzuleraren ostean harrapatu izanak penatzen du Armstrong, dopatzeak berak baino. “Barkamena jasotzeko” garaia dela uste du Armstrongek, baina badirudi ez duela saio handirik egingo. Arrazoia izan ala ez, dena justifikatuta omen dago, erantzukizunik ez duelako hartzen. Eta gainera, batek daki urtetan eutsitako gezurra noraino heltzen den (bigarren itzuleran ez zela dopatu dio). Horrela nekez bilatu ahal da inoren barkamena. Esteka honetan ikus ditzakezue ia ordubeteko elkarrizketa eta erantzun guztiak, ingelesez.