#txirrinandtweets 1. mahai-ingurua ospatu zen

#txirrinandtweets 1. jardunaldiaAurreko ostegunean ospatu genuen #txirrinandtweets jardunaldien estreneko ekitaldia, eventos.BIKE webgunearekin elkarlanean. Aurreratu genizuen moduan postEuskaltel garaiaz aritu ginen eta solasean Jon Odriozola (Murias taldea), Igor Gonzalez de Galdeano (Euskaltel-Euskadi taldeko manager ohia) eta Arritxu Iribar (Euskadi irratiko kirol kazetaria) izan genituen gonbidatuen artean.

Solasaldia benetan aberasgarria izan zen. Igorrek bizi izandako gauza guztiak gainditzea asko kosta izan zaiola aipatu zigun eta Jon Odriozolari birritan aholkatu zion ez egiteko besteek esaten diotena, berak uste duena baizik. Izan ere dakizuen moduan Jon Odriozolak abentura berriari ekingo dio Continental maila Murias talde berriarekin, eta berak esan zuen moduan, proiektu berri honek nolabait lekukoa hartu nahi dio Euskaltel-Euskadi taldeak utzitako hutsuneari, Continental mailatik abiatuta.

Hiru protagonistek euskal txirrindularitzan dagoen zatiketa eta zenbait kasutan ikusezina azpimarratu zuten. Horri herri txiki bat garela gehituta eta UCIren araudi aldaketak daraman ibilbidea ikusita, euskal proiektu bat aurrera eramatea asko zailtzen duela adierazi zuten. Hori bai, beti ere World Tour mailako talde bat osatzeari dagokionean, izan ere Continental mailako talde bat sortzea askoz errazagoa ikusten baitute.

Goi mailako gizonezkoen txirrindularitzaz gain maila baxuagoez ere aritu ginen, baita emakumezkoen txirrindularitzaz ere. Azken honen kasuan Arritxuk Emakumeen Biran izan zen ikuslego maila kaxkarra nabarmendu zuen. “Auzo-lotsa” terminoa erabili zuen kazetariak euskal zalegoa munduko onena ezbaian jartzeko.

Esan bezala, asko eta gai ugari izan ziren egungo euskal txirrindularitzaren inguruan jorratutakoak lehen #txirrinandtweets mahai-inguruan. Gure asmoa eduki horiek blogean eta seguruenera podcastetan banatuta lantzea izango da.

Eskerrik asko gure partetik etorri zineten guztioi, bereziki Igor Gonzalez de Galdeanori, Jon Odriozolari eta Arritxu Iribarri. Hurrengo mahai-ingurua antolatzen dugunean jakinaraziko dizuegu.

#txirrinandtweets jardunaldiak: postEuskaltel garaia

#txirrinandtweets : postEuskaltel

Tropela Elkarteak eventos.bike webgunearekin elkarlanean, #txirrinandtweets jardunaldien lehen edizioa antolatu dugu, txirrindularitzarekiko dugun pasioaz gozatzeko ilusioz jaio den ekitaldi fresko berria. Lehen edizio honetan, Euskaltel-Euskadi talderik gabeko lehen denboraldia amaitu berri den honetan, euskal zalegoa biltzeko gai zen proiekturik gabeko denboraldia pasa ondoren, balantzea egin nahi dugu, euskal txirrindularitza profesionalaren etorkizunaz aritu eta Jon Odriozolaren (Murias Taldearen kirol zuzendaria), Igor Gonzalez de Galdeanoren (Euskaltel-Euskadi taldeko manager ohia) eta Arritxu Iribarren (Euskadi Irratiko kazetaria) iritziez gain, biltzen garen guztionak jaso nahi ditugu.

Eguna: abenduaren 11
Ordua: 19:00
Lekua: Keler aretoa – Ramon Maria Lili 2 kalea, 20002 Donostia

Sarrera doakoa da eta guztiok zaudete gonbidatuak. Edukiera kontuengatik, ordea, konfirmazioa eskatzen da. Izena emateko formulario hau bete.

Ekitaldian izateko aukerarik ez baduzu, #txirrinandtweets traola jarraitzeko aukera izango duzue, baita zuen iritziak eta galderak Twitter bidez bidaltzeko.

#txirrinandtweets-en lehen edizioan elkar ikustea espero dugu!