Van der Schuerenen bide malkartsuan unerik latzenak

Atzoko eguna egutegiko zitarik garrantzitsuenetako batek markaturik zetorren. Eta amaierari dagokionez behintzat, zaletua asebetetzeko moduko ikuskizuna izan zen. Peter Saganek azkenik bere monumentua lortu zuen, ortzadar maillota gainean zuela lortu ere, eta bere De Rondeko azken agerraldian, Fabian Cancellarak bere arrastoa utzi zuen, beste behin. Flandesko Tourraren azken ordubetea gogoangarria izan zen. Eta hala ere, nazioarteko tropelak azken garaiko momenturik garratzenetakoak bizi izan ditu egunotan. Txirrindulari baten heriotza beti izaten bada kolpe latza, zeresanik ez zorigaitza horren tarte laburrean hirutan gertatzen denean.

AEBtako afizionatu mailan ibilita, Randall Fox-en heriotzak ez du hedapen handirik izan. 29 urte zituen eta Oregonen lasterketa bat lehiatzen ziharduela galdu zuen bizia.

Daan Myngheer flandestar gaztea Nazioarteko Kriteriumeko lehenengo etapan jasandako bihotzeko baten ondorioz hil zen. 23 urte oraindik bete barik zela, txirrindularitzaren goiko urratsetara gerturatzen hasi zen, kontinental mailako bigarren urtea betetzen ari zelarik.

Baina zalantzarik gabe Antoine Demoitié waloiaren galera izan da azken egunetako entzunena. Bere profesionaletako palmaresa jadanik estreinatua zuen, eta iazko emaitza itxaropentsuek aurten Wanty – Groupe Gobert talde kontinental profesionalaren ateak ireki zizkion. 25 urteko gazte baten heriotzak berak sortzen duen saminaz gain, lasterketako motor-gidari batek harrapatu izanak hautsak harrotu ditu, Flandeseko Tourraren inguruan Tropelan egindako podcastean hitz egin zen moduan.

antoine-demoitie-1990-2016-picture-wanty-gobert

Continue reading “Van der Schuerenen bide malkartsuan unerik latzenak”

Has dadila festa!

2014ko lehen biak Omloop Het Nieuwsblad, edo garai batean Het Volk bezala ezaguna zena, larunbat honetan ospatuko da, eta berarekin hasiko da 2015ko txirrindularitza profesional ibilaldia. Nik hala kontsideratzen dut behintzat, orain artekoak denboraldian zehar izango diren beste lasterketetako prestaketa lasterketak izan baitira (arabiar lasterketak, Andaluzia, Algarve…), eta ez helburu zehatzak.

Izan ere, udaberriko klasikoetan buru-belarri murgiltzen diren txirrindularientzat, eta batik bat harbideetan espezialista direnentzat urteko lehen helburua izan ohi da Flandriako klasikoa. Continue reading “Has dadila festa!”

#46 Tropela.net podcastak: Donostiako Klasikoa 2011

Iban Perez (@piban), Iosu Garate (@iosugarate) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) 2011ko Donostiako Klasikoak eman dezakeenaren inguruan aritzen dira podcast honetan. Ibilbideari begirada bat eman eta gero, faborito, euskaldun eta bestelakoei buruz aritu dira. Nola ez, Tropelako lehiaketako kinielaren inguruan zein aukeraketa eta nola ikusten duten ere aipatzen dute.

Aurreko podcastak hemen dituzu.

2010ari errepasoa (VI): Harbideetako Errege Berria

Paris-Roubaix lasterketari iparraldeko infernua deitzen zaio. Boonenentzat hala izango da behintzat aurtengoan. Ez Cancellararentzat. 7 egun lehenago Flandriako Itzulian gertatutakoa ikusi eta gero, bi gizon hauen arteko lehia ikusteko prestatuta geunden denok berriro ere. Flandriarra, errebantxa gosez, suitzarra ongi zaintzeko asmoarekin irten zen, baina indarrez ez ezik, taktika aldetik ere antzu xamar ibili zen.

roubaix_arenberg1

Helmugarako 50Km falta zirenean, lasterketa guztiz hautsita zetorren, harbideetako sekzio bakoitzak tropela gero eta txirrindulari gutxiagoz uzten baitzuen.

20 bat laguneko tropeltxoa aurrean, faborito guztiak tartean. Hiru laguneko erasoaldia izan zen: Hinault, Leukemans eta Hoste, guztiak ere gizon indartsuak. Atzean erlaxapen momentua, zerbait jateko parada zenbaitentzat Boonen tarteko eta bat-batean 3 laguneko mugimendura Cancellara irten zen (bideoko 2:00 minutua). Beste faboritorik ez zela mugitzen ikusirik honek motorra piztu eta aurrera.

Suitzarrak ez zuen gehiago atzera begiratu. Aurreko hirurak harrapatu eta pasa egin zituen, Leukemansek bakarrik segi zion 500 metrotan edo (ikusi bideoko 7:00 minutua merezi du eta).

Atzean berriz, guztiak Booneni begira, azken bi urtetako garailea (iadanik 3 ditu) eta Flandriako itzuliko galtzaile nagusia. Flandriarrak tira egin behar izan zuen, bere nortasunari helduaz. Baina iadanik beranduegi zen. Cancellararekiko denbora tartea gero eta handiagoa zen, bai harbidean eta baita harbideetakoak ez ziren sekzioetan ere. Denok dakigu bakarkako lanean ez duela parekorik.

Lasterketaren hondarrean, Boonenen lanaz aprobetxatuz, arbetako azken sekzioan Hushovdek (bigarren azkenean) eta Flechak (hirugarren) aurrera egin zuten eta podiumean lagundu zioten suitzarrari.

roubaix

“Spartacus”-en bigarren Paris-Roubaix-a eta urteko bigarren monumentua.

Aurten Liège-Bastogne-Liègen bila omen doa (gogoratu Milano-San Remo ere baduela poltsikoan), eta Euskal Herriko itzulian prestaketa egingo duela esan du. Itzela izango daiteke…

2010ari errepasoa (V): Flandriako Erreinuan Suitzarra Garaile

Udaberriko egun bakarreko proba guztietan bi nabarmentzen dira denen gainetik: Apirileko lehen bi astetan izaten diren Flandriako Itzulia eta Paris-Roubaix, biak ere txirrindularitzako bost monumentuetakoak.

cancellara_finalHarbideetan barrena kilometro ugari egin behar izaten dituzte txirrindulariek eta gainontzeko probetan ikusi ohi ez ditugun imajinak ikusteko parada izaten da. Aurtengoan bi gizonen arteko lehia estua espero zen aurreko probetan (E3-Prijs Harelbeke, Omloop Het Nieuwblad) ikusitakoaren arabera, eta halaxe izan zen gainera azkenean: Boonen flandriarraz eta Cancellara suitzarraz ari naiz.

Hurrengo bi postetan saiatuko gara bi lasterketak laburbiltzen.

Lehenari begira, harbideez osatutako paretengatik da ezaguna Flandriako Itzulia. Txirrindulari indartsuen erreinua da hura, aldapa tente baina motzak non hanketako indarrak bakoitza bere lekuan jartzen duen. Flandriako erreinuak etxeko mutila ikusi nahi zuen gailentzen, Boonen, baina ez zen dena nahi bezala suertatu.

Molenbergeko maldan gora, bere taldekide Breschelen zulatu baten ostean, Cancellarak aurrera jo zuen indartsu eta tropela guztiz hautsi zen. Boonen bakarrik izan zen jarraitzeko gai. Atzetik koska bat beherago, Gilbert, LeukemansFlecha eta gainontzekoak.

Omega-Pharma Lotto eta Vacansoleil taldeak saiatu ziren arren, aurreko bikoteko suitzarrak berak bakar bakarrik ez zuen abantaila bertan behera erortzen utzi, izan ere flandriarrak ez zion asko lagundu Devolder taldekidearen aitzakian.

Leberg eta Berendrieseko maldak batera pasa zituzten, bi gizonik indartsuenak zirela erakutsiz. 15Km faltan, flandriarrez jositako Kapelmuur ospetsuan gora, Cancellarak 5. martxa sartu eta atzean utzi zuen Boonen, %19ko portzentajeko maldak eserlekutik altxa ere egin gabe. Indar erakustaldi itzela.

Handik aurrera erlojupeko bikaina suitzarrarena. Bere herrialdeko bandera eskuan zuela iritsi zen helmugara, bere hirugarren monumentua zen.

Lehen asaltoa, beraz, Cancellararentzat.