Van der Schuerenen bide malkartsuan unerik latzenak

Atzoko eguna egutegiko zitarik garrantzitsuenetako batek markaturik zetorren. Eta amaierari dagokionez behintzat, zaletua asebetetzeko moduko ikuskizuna izan zen. Peter Saganek azkenik bere monumentua lortu zuen, ortzadar maillota gainean zuela lortu ere, eta bere De Rondeko azken agerraldian, Fabian Cancellarak bere arrastoa utzi zuen, beste behin. Flandesko Tourraren azken ordubetea gogoangarria izan zen. Eta hala ere, nazioarteko tropelak azken garaiko momenturik garratzenetakoak bizi izan ditu egunotan. Txirrindulari baten heriotza beti izaten bada kolpe latza, zeresanik ez zorigaitza horren tarte laburrean hirutan gertatzen denean.

AEBtako afizionatu mailan ibilita, Randall Fox-en heriotzak ez du hedapen handirik izan. 29 urte zituen eta Oregonen lasterketa bat lehiatzen ziharduela galdu zuen bizia.

Daan Myngheer flandestar gaztea Nazioarteko Kriteriumeko lehenengo etapan jasandako bihotzeko baten ondorioz hil zen. 23 urte oraindik bete barik zela, txirrindularitzaren goiko urratsetara gerturatzen hasi zen, kontinental mailako bigarren urtea betetzen ari zelarik.

Baina zalantzarik gabe Antoine Demoitié waloiaren galera izan da azken egunetako entzunena. Bere profesionaletako palmaresa jadanik estreinatua zuen, eta iazko emaitza itxaropentsuek aurten Wanty – Groupe Gobert talde kontinental profesionalaren ateak ireki zizkion. 25 urteko gazte baten heriotzak berak sortzen duen saminaz gain, lasterketako motor-gidari batek harrapatu izanak hautsak harrotu ditu, Flandeseko Tourraren inguruan Tropelan egindako podcastean hitz egin zen moduan.

antoine-demoitie-1990-2016-picture-wanty-gobert

Beren bi txirrindulari gazte galtzeak azken urteotan irekitako eta oraindik orbaintzeke dagoen zaurian beste ziztada bat suposatu du Belgikan, zorigaiztoko zerrenda hau etengabe hazi baita zoritxarrez. Eta sufrikarioaren bide honetan, kirol honetan une gogorrei aurre egiten ohitua dagoen gizon batek entzun zituen Demoitieren azken hitzak, eta baita bere erorikoa bertatik bertara bizi ere. Hilaire Van der Schueren zaharrak ibilbide luzea du errepidean talde ezberdinen gidaritzapean; urte guzti horietan oztopo ugariri egin behar izan dio aurre, baina oraingoan bizitzak oztopoetan gogorrena jarri dio bidearen erdian.

Kirol zuzendariorde moduan eman zion hasiera Van der Schueren-ek bere ibilbideari orain 31 urte. Kwantum Hallen taldearekin izan zen, eta taldearen gidaritza Jan Raas handiaren esku zegoen. 1995. urtera bitarte kirol egitura berean mantendu zen Van der Schueren, babesle ezberdinek taldearen izena aldatu bazuten ere: Superconfex, Buckler, Wordperfect eta Novell. Urte guzti horietan Belgika eta Herbeheretako txirrindulari handi asko izan zituen bere aginduetara: Joop Zoetemelk, Edwig Van Hooydonck, Steven Rooks, Eric Vanderaerden, Peter Winnen, Jelle Nijdam edota Erik Dekker, besteak beste. Punta-puntako lehengaia, ezbairik gabe.

Novell-en ostean babesle berri bat iristekoa zen 95.urte hartako amaiera aldera, txirrindularitzan ezezaguna zen baina ondorengo urteetan tropelean arrastoa utziko zuen Rabobank banketxe herbeherearra. “Babesle berria, zaharrak berri”, pentsatuko zuen seguru asko Van der Schuerenek. Oker pentsatu, ordea. Jan Raas-ek berak eraikitako taldea izango zen oraingoa, eta bere lagun flandestarra alboan izateko intentzio irmoa zuen. Rabobankeko ugazabak, aldiz, ez ziren iritzi berekoak: ez zuten belgikarrik nahi taldearen zuzendaritzan. Raas-en alboan lan egitearenak egin zuen, eta are gehiago, erabaki hark bere kirol zuzendari ibilbidearen amaiera suposatu behar zuela pensatu zuen. Ibilbide oparo baten aurreneko momentu zailak zituen, baina beste batzuetan bezala, txanponaren bi aldeak bizitzea egokitu zitzaion, zorionez kasu honetan.

Izan ere, Rabobanken erabakia jakin eta bi astera Collstrop etxearen deia jaso zuen, taldearen buru izan zedin. Izar handirik gabe, helburu xumeagoekin eta txirrindulari gazteekin lan egiteko paradarekin, aurrerantzean esku artean izango zituen taldeen islada zen Collstropen proiektu hura.

Egiturak helburu xume haiekin jarraitu zuen urte batzuez, berriro ere babesle aldaketa batzuk tarteko (2002an taldea Palmans deitzera pasa zen, eta 2004 MrBookmaker), harik eta beste izen aldaketa berri batek jomugak gorago jarri zituen arte. 2006a zen, orduko Pro Tourra oraindik erabat errotu gabea (inoiz errotu bada), eta Unibet.com apustu etxea bilakatu zen Van der Schuerenen enegarren taldea, ordurarte bera zuzendari buru zelarik izan zuen indartsuena.

Gauzak zer diren, ordea, diru-sarrerarik handiena jaso eta inoiz bizi gabeko arazo eta trabei egin behar izan zien aurre. 2006 urte lasaixeago baten ostean, hurrengo urteak behar zuen behin betiko urratsa. Pro Tour lizentzia eskuratua zuen, eta horrek egutegiko lasterketarik garrantzitsuenetan parte hartzeko aukera bermatu behar zion.

unibet.jpg

Baina berriz ere, Van der Schuerenen atsekaberako, usteak erdi ustel suertatu zitzaizkikon. Aurrez aipatutako Pro Tourraren sendotze gabezia hori urte hartantxe lehertu zen: lasterketa antolatzaile nagusiek (ASO eta RCS, alegia) zirkuituaren egutegitik irtetzea erabaki zuten. Ondorio zuzenetako bat Pro Tour lizentzia zuten taldeek euren lasterketetan parte hartzeko bermea galtzea izan zen. Eta bai, Unibet.com izan zen alderik okerrena jasan zuena. Paris-Nice eta Tirreno-Adriatico-tik kanpo geratu zen hasteko. Antolatzaileen aurka jotzea erabaki zuen taldeak, baina horrek ez zion ezer onik ekarri: maila gorenean aritzeko lizentzia garesti hura ordaindua izanagatik, urteko hiru lasterketa handietatik at geratu zen. UCI eta antolatzaile indartsuen arteko talka amaitezin hartan (oraindik orain pizturik dirauena), ahulenak pairatu zituen, ohikoa den bezala, albo-kalteak.

Baina gauzak oraindik eta okerragoak izango ziren. Edo aldrebesagoak, zehatzago esateko. Apostu eta loteria etxeek beren garrantzia izan duten kirol batean (ONCE, FDJ edota Lotto-ren talde ezberdinak kasu), Unibet.com-ek debeku harrigarri xamar bat jaso zuen: ez zeukan babesle gisa jarduterik, lurralde bakoitzak bere apustu eta loterien inguruan ezartzen duen monopolioaren aurka omen baitzihoan. Honek lasterketaren batean babeslearen izenik gabe, maillotean galdera ikur handi bat zuela parte hartzera eraman zuen taldea. Egoera sinestezina bazen, are gehiago egin zuen debeku hori legala ez zela jakiteak, europear legeak zioenaren arabera.

Guzti honen ondorio, babeslerik gabe geratu zen berriro ere gure protagonista. 8 urterako sinatua omen zuen babeslearen galera, eta artean izar handirik ez bazuen ere, dagoeneko bere fruituak ematen hasia zen proiektuaren amaiera. Unibet.com hartan hasi baitzen Rigoberto Urán gaztea gerora izango zena erakusten; Laurens Ten Dam ia ezezagun batek bere izena aditzera eman zuen lasterketa garrantzitsuetan; eta Gustav Erik Larsson edo Matteo Carrarak beren profesional ibilbideei bultzada garrantzitsua eman zioten.

2008a trantsizio urtea izan zen Van der Schuerenentzat, Collstropekin berriz ere lanean. Hurrengo urtean Vacansoleilekin hasitako proiektua izan zen maila goreneko taldeen alboan aritzeko bere azkeneko apustua.

Talde herbeherearrarekin lortu zuen seguru asko inoiz ez bezala bere nortasuna txirrindulariei barneratzea: Lieuwe Westra, Johnny Hoogerland edo Bobbie Trakselen moduko gizon borrokalariek behin eta berriro erakusten zuten amore ematea ez zegoela euren aukeren artean, eta maila ona erakustea albo batera utzi gabe. Erreferente bihurtu zen alor horretan Vacansoleil.

Eta hala ere, bi urtetan Kontinental Profesional mailako talderik onenetakoa izan arren, berriro ere Tourrerako ateak itxirik aurkitu zituen taldeak, Skil-Shimanori adibidez ireki egiten zitzaizkion bitartean. 2011n World Tour lizentzia eskuratu zuen, eta orduan bai, Grande Bouclean parte hartu ahal izan zuen.

Vacansoleilen bestalde, zuzenean edo zeharka, doping arazoak bizi izan zituen Van der Schuerenek. Riccardo Riccó fitxatu eta orotara urte bete ere ez zion iraun italiarrak, Il Cobra famatua berriro ere lehengo akatsetan erori baitzen. Ezequiel Mosquera galizarra, bestetik, ez zen taldearen maillota janztera iritsi ere egin.

Eta hala, 2013a heldu zen. Vacansoleilek bere babesa ez berritzea erabaki zuen, eta azkenik, urte askotan biziraun ostean, zuzendari flandestarra talderik gabe geratuko zela zirudien. Taldeko txirrindulariei euren etorkizuna beste nonbaiten bilatzeko aholkua emanda, amaiera aurrez-aurre zuen. Baina beste behin ere, biziraupen sen horri edo beste zeozerri helduta, proiektu berri bat gauzatzea lortu zuen: azkeneko urtean Accent Jobs taldearekin batera bigarren babesle modura aritutako Wanty enpresak jarraipena eman zion egitura hari, Van der Schueren zuzendari lanetan izango zuena. Taldea ia erabat eraberritu zen, berriz ere helburu xumeagoetara bueltatuz, nahiz eta Bjorn Leukemansen moduko gudari zahar batek bere alboan jarraitzea lortu zuen.

van_der_schueren

Hortik aurrerakoek Hilaire nekaezinaren itxurazko patuaren ildoa jarraitu dute, hiru asteko lasterketetan lehiatu nahi baina aukerak beste batzuek eskuratzen dituztela ikusiz, aurreko igandeko ezbeharrak patu hori erabat belztu duen arte. Eta hemen aitorpen txiki bat: aspaldi nuen Van der Schuereni horrelako omenaldi txikia egiteko asmoa, eta aldiz, artikuluaren nondik norakoak idatziz joan ahala, kontu erabat antzuak iruditu zaizkit Demoitie gaztearen zorigaitza kontuan hartuta. Baina bestalde, zuzendariaren baloreen nolabaiteko aldarri hau, zendutako gaztearenak, ordurarte bere taldekide izandakoenak, eta aurrez flandestarrak bere aginduetara izandakoenak ere badirela iruditzen zait. Bete-beteko txirrindularitzarenak alegia, bizirauten dakiena, amore ematen ez duena, eta kirol honen esentzia bere osotasunean ulertzen duena, garai hauetako lasterketa eta talde faraonikoetatik aparte. Van der Schuerenek zioen Demoitie zoriontsu zela txirrindulari zelako; halaxe gogoratuko dute bere ingurukoek, eta bere ondorengoak halakoxeak izan daitezela eskertuko dugu zaletuok.