#351 Tropela.eus podcastak: 2019ko Frantziako Tourra errepasoak – 10. eta 11. etapak

2019ko Frantziako Tourreko 10. eta 11. etapei errepasoa egiten die Egoitz Lizasok (@elizaso) podcast honetan. Cofidis eta Wanty bi egun hauetan izandako ihesaldietan protagonista izan direla kontatzen du, baina etapa garaipenak esprinterrek lortu dituztela: Van Aertek (TJV) eta Ewanek (LTS).

Gertakarien artean asteleheneko etapan, 10. etapan, nola haize babesak zenbait faborito moztuta utzi zituen kontatzen digu ia minututik gora galduz, eta nola ez, Mikel Landak (MOV) Barguilekin (PCB) izandako ezbeharra, 2 minututik gora galtzea eragin baitzion.

Gonbidapen garestiak Frantziako Tourrean

Argazkia: letour

Pasa den astean jakin ziren 2019ko Frantziako Tourrerako azken gonbidapen edo wild card-ak. Ez zen sorpresarik izan. Direct Energie eta Arkea-Samsic Frantziako taldeak izan dira aukeratuak. Espero zena, Arkea-Samsic taldearen lekuan Vital Concept ikustea ere posible ikusten genuen arren askok. Ez alferrik, UCI rankingean hobeto kokatua dago Vital Concept (25) Arkea-Samsic baino (28). Baina erabakigarria izan da, dudarik gabe, azken talde honetako bi izarren distira: André Greipel eta Warren Barguil, biak ere protagonista izanak aurreko ediziotan.

Aurretik jakinaraziak zituen ASOk beste bi gonbidapenak. Cofidis eta Wanty taldeenak, UCI rankingean hobetoen kokaturiko bi profesional kontinental taldeak. Gogoratu behar dugu 2020. urtetik aurrera indarrean izango den arautegiaren arabera, aurreko urteko maila horretako 2 talde onenek 3 handietan lehiatzeko aukera izango dutela, eta honenbestez, 2 gonbidapen bakarrik izango dituztela ASO, RCS edo Unipublic-ek beren eskura, nahi bezala banatzeko.

Honenbestez, hainbat taldek Frantziako Tourrean izateko erakutsitako asmoek (tartean Euskadi-Murias taldeak) gero eta urrutiago egon litekeen ametsa dirudite. Datuek diote Frantzian orain bezala 5 talde profesional kontinental dauden bitartean, Tourrean izateko bide bakarra UCIren urteko rankingean lehen bi talde profesional kontinentalen artean geratzea dela. Ez da erraza, baina ez da beste biderik. Hau ez da harreman publikoen kontu bat. Inoiz baino gehiago, matematika kontua da hau.

Hitz egin dezagun bada zenbakiez hurbileko adibide zehatz batzuen laguntzaz. Uneotan Euskadi-Murias 42. postuan dago UCIko taldeen rankingean eta Euskadi Fundazioa 99. postuan, Higuitaren garaipenari esker top100an sartuz. Bigarrenak, inolaz ere ezingo luke gonbidapena jaso dagoen mailagatik, baina norbaitek pentsatzen du ASOk gonbidapen bat luzatuko liokeela top40an ere ez dagoen talde bati? Arkea-Samsic eta Direct Energie ez dira profesional kontinental talde onenak, baina uneotan rankingeko 28. eta 20. postuan daude (hots, pro kontinentalen 10. eta 3. talde onenak). Aipagarria baita, nola Direct Energie (eta aurretik Wanty eta Cofidis), oso pattal dabilen Katusha World Tour taldearen aurretik daudela rankingean. 17 lehenengo postuak, logikoa denez, World Tour taldeei dagozkie.

Argazkia: @inrng

Are gehiago, aurtengo denboraldiaren amaieran 2 profesional kontinental onenak frantziarrak ez balira ere, eta haiek lortuko balute 2020rako Tourrerako sarbide zuzena, 5 talde frantziarrak oso ondo kokatuak daude sailkapenean, denak ere, bostak, lehen aipaturiko Euskadi-Murias edo Caja Rural (33) taldeen aurretik.

Irabaztea beti da zaila. 3 etapa garaipen itzuli batean emaitza bikaina da eta asko poztu gara Euskadi-Muriasek Alentejon lortutakoarekin, baina taldearen helburua Frantziako Tourra bada, ezer gutxirako balio dute, ez bada prestakuntza findu eta konfidantza irabazteko. Aste zoragarri batean, Enrique Sanzek 23 puntu bakarrik pilatu ditu beretzat eta bere taldearentzat Alentejon (2.2), 3 etapa irabazi eta 2 egunetan lider egotearen ondorioz. Bitartean, Wanty taldeak egun berdinetan, eta Dupont-ekin bakarrik, 210 puntu, GP Denain (1.HC) eta Bredene Koksijde Classic-en (1.HC) lorturiko postuekin. Van der Poelek bakarrik ere, 200 puntu igandean bere Corendon-Circus taldearentzat edo Roubaix – Lille Metropole kontinentalak 140 puntu GP Denain-en 2 ziklista top 10-an sartzeagatik. Hau da, dela rankingeko lehen 2 postuetan urtea amaitzeko, dela ASOren aurrean erakargarri azaltzeko (frantziarren aurretik behar lukete horretarako) puntu ehiza beste biderik ez dago.

Norbaitek esan dezake ez direla puntuak bakarrik begiratzen. Adibidez, beste taldeek ez dutela euskal zalegoa bezalakorik atzean (begira Pirinioak!!), edo Tourra laster Bilbora omen datorrenez agian orduan egongo dela euskal talde batentzat aukera (Giroak ere 2018an Israel Cycling Academy gonbidatu zuen irteera han zelako!!). Baina agian, ahazten zaie Israel Cycling Academy uneotan Italiako talde guztien aurretik dagoela UCI rankingean, eta hala ere, bai egin dituen fitxaketak, bai egutegia, UCI rankingeko puntuak pilatzera bideratu dutela. Ez dira bakarrak. Esango nuke 4 talde direla 2 postu horien lehian buru-belarri sartu direnak: Wanty, Cofidis, Direct Energie eta Israel Cycling Academy.

Eta egia esan, harrituta nago bai zaleen aldetik eta esango nuke bai talde askoren aldetik ere zer jarraipen gutxi ematen ari zaion aurten berrikuntza handi honi. 2. mailatik 1.go mailara igotzearen baliokideak diren 2 txartel daude lasterketetan jokoan eta txirrindularitza bere osotasunean erakargarriagoa eta gardenagoa egiten du honek.

Van der Schuerenen bide malkartsuan unerik latzenak

Atzoko eguna egutegiko zitarik garrantzitsuenetako batek markaturik zetorren. Eta amaierari dagokionez behintzat, zaletua asebetetzeko moduko ikuskizuna izan zen. Peter Saganek azkenik bere monumentua lortu zuen, ortzadar maillota gainean zuela lortu ere, eta bere De Rondeko azken agerraldian, Fabian Cancellarak bere arrastoa utzi zuen, beste behin. Flandesko Tourraren azken ordubetea gogoangarria izan zen. Eta hala ere, nazioarteko tropelak azken garaiko momenturik garratzenetakoak bizi izan ditu egunotan. Txirrindulari baten heriotza beti izaten bada kolpe latza, zeresanik ez zorigaitza horren tarte laburrean hirutan gertatzen denean.

AEBtako afizionatu mailan ibilita, Randall Fox-en heriotzak ez du hedapen handirik izan. 29 urte zituen eta Oregonen lasterketa bat lehiatzen ziharduela galdu zuen bizia.

Daan Myngheer flandestar gaztea Nazioarteko Kriteriumeko lehenengo etapan jasandako bihotzeko baten ondorioz hil zen. 23 urte oraindik bete barik zela, txirrindularitzaren goiko urratsetara gerturatzen hasi zen, kontinental mailako bigarren urtea betetzen ari zelarik.

Baina zalantzarik gabe Antoine Demoitié waloiaren galera izan da azken egunetako entzunena. Bere profesionaletako palmaresa jadanik estreinatua zuen, eta iazko emaitza itxaropentsuek aurten Wanty – Groupe Gobert talde kontinental profesionalaren ateak ireki zizkion. 25 urteko gazte baten heriotzak berak sortzen duen saminaz gain, lasterketako motor-gidari batek harrapatu izanak hautsak harrotu ditu, Flandeseko Tourraren inguruan Tropelan egindako podcastean hitz egin zen moduan.

antoine-demoitie-1990-2016-picture-wanty-gobert

Continue reading “Van der Schuerenen bide malkartsuan unerik latzenak”